2024-12-20
HomeEkintza SindikalaLABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren larritasunak are erantzun handiagoa eskatzen du, eta horregatik, LAB sindikatuak dei egiten die Nafarroako herritarrei larunbat honetan, abenduaren 21ean, Iruñean eginen den manifestazioan masiboki parte har dezaten, ez bakarrik lantegi horren egoera zehatzagatik, baita Nafarroako industriaren etorkizun zalantzagarriagatik ere.

Azken hilabeteotan LABek kezkaz ikusi du Nafarroa Garai osoan ematen ari den enplegu industrialaren suntsiketa dinamika. Suntsipen hori disimuluan gertatzen ari zen azken urteetan. Baina azken hilabeteetan modu traumatikoagoan ari da izaten. Horren adibide dira Villatuertako Tenerias Omegaren itxiera, non 100 lanpostu inguru suntsitu diren; Sunsundeguiren eta bere 400 langile ingururen etorkizun zalantzagarria; eta, nola ez, Ezkirotzen BSH ixteko iragarpen ustekabekoa, 660 lanpostu zuzen suntsituko dituena eta zeharkako bertze ehunka lanposturi eraginen diena.

Izan ere, enpresa bat ixteak ez die soilik bere langileei eragiten. Enpresa laguntzaileei, zerbitzu-enpresei eta azpikontratei ere eragiten die, kasu anitzetan babesgabetasun handiagoa baitute, eta, horrenbertzez, enpresen erabaki horiek eragindako kaltea esponentzialki biderkatzen da. Eta garbi diogu erabaki horiek enpresarialak direla, erabakiok ez baitiote erantzuten ez egoera ekonomiko globalari, ez merkatu-arazoei; CENek ordezkatutako eta babestutako enpresaburuen erabaki eta/edo kudeaketa txarrak dira, diru-gose aseezinari soilik erantzuten diotenak.

BSH Ezkirotz ixteko asmoa deslokalizazio hutsa eta gogorra da. Eta Nafarroan deslokalizazioaz hitz egiten aritzea oso kezkagarria da, teorian horrelako egoerak eragozteko lege bat baitago. Lege hori ez da batere eraginkorra, eta, argi eta garbi, ez du bere helburua betetzen, hau da, ez du lortzen enpresarien gehiegikeriak geldiaraztea; beraz, nahitaezkoa da hura berrikustea eta helburuetan sakontzea. Lan horretan erakunde guztiek parte hartu beharko dute, Nafarroako gizarte osoaren arazoa baita hau. Beraz, ezinbertzekoa da larunbat honetan Nafarroako herritarrek Iruñeko kaleak gainditzea, Golem Baiona zinema-aretoetatik 12:00etan abiatuko den manifestazioan, Nafarroako industriaren etorkizunaren alde eta lanpostuak baldintza duinetan mantentzearen alde.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...

LABek salatu du Bizkaiko aurrekontuak ez direla pribatizatutako zaintza langileek behar eta merezi dituztenak

Zaintzako sektore pribatizatuetako langileak langile publikoak dira. Zerbitzu publiko bat ematen dute, eta horren erantzukizuna eta titulartasuna administrazioei dagokie. Bizkaian 10.000 langile baino gehiago dira...