2024-12-23
HomeGreba orokorraGreba OrokorraLABek Euskal Herriko gazteei deialdia luzatu die egoera ekonomikoa aztertu eta alternatibaren...

LABek Euskal Herriko gazteei deialdia luzatu die egoera ekonomikoa aztertu eta alternatibaren inguruan eztabaidatzeko

Azken urteetatik datorren prozesu baten segidaren aurrean gaude. Azken erreforma honek prozesua muturrera eramaten du, botere guztia enpresari lan baldintzak finkatzeko, kaleratzeak merketu eta kontratu prekarioak legeztatu. Gazteontzat prekaritatea estrukturala da, prekarietate laboral eta soziala.

 Martxoaren 2an Batzar irekia Altsasuko kultur etxean arratsaldeko 18:00etan

Inongo babesik gabe gelditzen gara langileak erreforma honekin. Lanpostu berririk ez du sortuko erreforma honek, lan baldintza egonkorrak dituztenak kaleratu eta kontratu prekarioak dituztenekin ordezkatuko dira.

Bazterketa sozialaren arriskua betikotu egingo digu eta bizi proiektu duin eta independiente bat garatzeko aukera ukatua izango zaigu.

Badira gazteoi esklusiboki zuzentzen zaizkigun neurri espezifikoak, formakuntza kontratua delakoa:

• 25 urtera arte erabil zitekeen modalitatea 30 urtera arte erabili ahal izango da
• 3 urtez formakuntza espezifiko batean eta gero enpresa berean berriro bertze formakuntza epealdi bat.
• Urteak egin ditzake gazte batek formatzen, gainera formakuntza hau enpresaren esku, kontrolik gabe. Printzipioz soldata gutxienekoa eta hitzarmenak ahalbidetzen badu baxuagoa (500€ 33 urtera arte).
 

Baina badira erreforma honen bertzelako ondorio bortitzak, gazteontzat eta belaunaldi berrientzat.

• Enplegu egonkorra ez dute ezagutuko, estatistiketan indefinitu kontsideratu arren, lehen urtean dohainik kaleratu ahal izango dituzte eta hortik aurrera kalte ordain minimo batekin (20 egun)
• Ez dute lanaldi jakinik izango, enpresek euren kabuz erabaki ahal izango dute lan orduak nola antolatu, lantokiz mugitu, lanpostuz …
• Erreformak ez du enplegurik sortuko, gehienez enplegu egonkorra suntsitu eta enplegu prekarioaz ordeztuko du baina ez du enplegurik sortuko. Norabide honetan hartu diren neurriek langabezi gehiago ekarri dute.
• Ez dute negoziazio kolektiborako eskubiderik izango, indibidualizazioan beste pausu bat ematen da, langileok batasunik gabe ahultzen gaituzte eta gure eskubideak zapaltzea errazago izango zaie.
 

Egungoa ez da beste krisi ekonomiko bat gehiago eta ez da egia zenbait neurri hartuta ataka honetatik atera eta aurreko egoerara bueltatuko garenik, sinestarazi nahi diguten moduan. Eredu politiko, ekonomiko eta soziala aldatzen ari dira sistema betikotzeko helburuarekin. Eta gainera, ezin zitekeen bestela izan, modu guztiz antidemokratikoen bidez, inposaketaren bidez.

Ezartzen ari diren neurriak ez dira berriak. Aurretik pentsatuta daude. Krisia aitzakia da.

Zer da biharko belaunaldiek aurkituko dutena?

Egoera bat zeinetan enplegua izatea ez duen bermatuko pobrezian egotea. Orain, gainera, gazteen erdia langabezian dago, ez dutelako lanik aurkitu edo beren lanpostuetatik kaleratuko dituztelako. Honezkero zulatzen ari den koltxoi familiarrari esker eutsi diote egoerari.

Eskubiderik gabeko egoera. Ez lan eskubiderik, ez eskubide sozialik, ez prestazioetarako eskubiderik, ez osasunerako eskubiderik, ez hezkuntzarako eskubiderik.

Eskubide guzti hauekin etxebizitza-eskubidearekin antzera gertatuko da. Eskubide izatetik luxu izatera pasatuko dira. Denbora gutxiren buruan hauek ere luxu bihurtuko dira.

Estatu espainolak hautu argia egin du, merkatuei saltzeko hautu argia. Euskal Herrian, ordea, egoera oso bestelakoa da, egoera politiko, ekonomiko eta soziala. Horrek aukera zabaltzen digu benetako alternatiba bat eraikitzeko gure herrian.

Alternatiba eredu ekonomiko eta sozial berri bat eraikitzea da, aberastasunaren eta lanaren banaketan oinarritzen dena. Ekonomia pertsonen zerbitzura eta ez alderantziz kokatzeko. Alternatiba sektore publikoa defendatzea da, herritarren eskubideak bermatzeko eta ez gutxi batzuen interes ekonomikoak. Alternatiba burujabetza da, gure etorkizun politiko, ekonomiko eta soziala erabaki ahal izateko. Alternatiba boterea berreskuratzea da, herritarrok erabakietan parte hartzeko eta alde bakar batek hartu ez ditzan.

Erantzuteko eta alternatibaren eraikuntzaren parte izan daitezen. Gazteek zer esan eta zer egin handia daukate. Are gehiago, ez dago alternatibarik, gazteen bultzada barik, ez dago etorkizunik gazte barik.

Horregatik, LABek Euskal Herriko gazteriari, lanean daudenei, ikasten daudenei, langabezian daudenei, dei egiten die egoera hau aztertzera eta konpartitzera. Horregatik ostiral honetan batzar irekia burutuko dugu Altsasuko kultur etxean arratsaldeko 18:00etan.

Euskal Herrian, 2012ko otsailaren 29an

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...