2024-11-26
HomeUncategorizedLABek EUSKAL ERAKUNDEEI (EAEko ETA NAFARROAko GOBERNUAK, ARABA, BIZKAI ETA GIPUZKOAko ALDUNDIAK)...

LABek EUSKAL ERAKUNDEEI (EAEko ETA NAFARROAko GOBERNUAK, ARABA, BIZKAI ETA GIPUZKOAko ALDUNDIAK) EGINIKO EPATZEA MENPEKOTASUNA DUTEN EUSKAL HERRIKO PERTSONEN ESKUBIDEAK BERMATZEKO KONPROMISOA ERAKUTS DEZATEN

Euskal Herrian egiteke dauzkagun zereginetako bat hauxe dugu: menpekotasuna duten pertsonak zaintzeko benetako eskubide eraginkorra eratzea, gure geureak diren oinarrietatik. Egun, estatuko Menpekotasun legearen barruan, Euskal Herrian 51.670 lagunek jasotzen dute nolabaiteko laguntza: 8.129k Nafarroan eta 43.541ek EAEn (2011ko abendua). Hastapenetik lege horren ezarpenak hainbat gabezia erakutsi ditu.

• Familia-ingurunean emandako diru-prestazioak lehenetsi dira zerbitzuek emandako laguntzak baino. Gure ustez, gizarte-zerbitzu publikoak ez garatzeak, enplegua sortzeko aukera galarazteaz gain, zainketen ardura partekatzean aurrera egiteko oztopoa dakar, zaintza batez ere emakumeei egokitzeko joera indartzen duela.

• Hainbat iragazki jartzen ari dira Sisteman lagun gutxiago sartzen uzteko, ezta erreposizio tasei eusteko adina ere ez dute onartzen. Balorazioak eta prestazioak emateak atzeratzen dabiltza.

Aldi berean, murrizketak pilatuz doaz, Menpekotasun Legea beste gizarte-iruzur berri batean abiatzen dutela. Lehendabizi finantza-hornidura urria izan zen, geroago prestazioak exijitzerakoan atzeraeragina deuseztatzea dekretuz, hain zuzen ere, eskaerak balioztatzeko eta ebatzeko epeak -inolako ordainik gabe- atzeratzeko aitzakia borobila. Eta pasa den abendutik beste eraso berri bat etorri zaigu Raxoiren Gobernutik: menpekotasun ertaina duten onuradun berriak sartzea eta finantzatzea, legeak ezartze-egutegian (2011-2012) zioen bezala, urtebetez gelditzeko erabakia.

Beraz, menpekotasunari arreta emateko nagusia den sistemaz dugun balorazio orokorra guztiz zorrotza da: sistema horrek ez du sendotzen eskubiderik; ez ditu prestazioak bermatzen; finanziazio ahulak eragiten dio; kalitatezko zerbitzuak eta enpleguak sortzearen alde ez du ausarki egiten eta erabakitzeko ahalmena ukatzen digun legegintza- eta erabaki-esparru estatalaren mendean dago.

Hori guztia dela eta, Menpekotasun Legea ezartzeko modua eta ondorioak aintzat harturik eta orobat Euskal Herrian menpekotasun egoeran dauden pertsonen eskubideari egindako oldarra ikusirik, LAB Sindikatuak epatzen ditu Euskal Herriko erakundeak ondoko hauek egitera:

1. Ez dakiola menpekotasuna duen ezein pertsonari uka dagokion zaintzarako eskubidea. Ildo berean, maila ertaineko menpekotasuna duten pertsonei PPren Gobernuak ezarri nahi dien luzamenduari jaramonik ez egiteko deialdia egiten dugu.

2. Hego Euskal Herriko erankundeek, EAEko eta Nafarroako Gobernuek eta Foru Aldundiek, dagozkien erabaki politiko eta ekonomikoak har ditzatela zabal daitezkeen baliabide eta aurrekontu-partida nahikoak prestatze aldera, zeintzuen bidez menpekotasuna artatzeko eskubidea gauza baitaiteke.

3. Zabal dadila eztabaida politikoa, instituzionala, soziala, Euskal Herrian zer nolako ereduz hornitu behar dugun geure burua menpekotasuna zaintzeko, kontu horretan burujabetza osoko aldarrikapenetik.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Balenciagako langileek mobilizazioei ekingo diete, ontziolaren etorkizunaren alde

Prentsaurrekoa egin dute gaur Zumaian, eta enpresaren itxieraren aurkako manifestazioa iragarri dute. Azaroaren 29an izango da, 18:00etan, ontziolatik abiatuta. Era berean, abenduaren 4an Gasteizen mobilizatuko dira, Jaurlaritzaren inplikazioa eskatzeko.
00:01:43

Osakidetzaren pribatizazio politika salatu dugu kontratazio publikoari buruzko jardunaldian

Gaur, Osakidetzako zuzendaritzako kideek jardunaldia egin dute Bilboko Bizkaia Aretoan. Hainbat erakundetako gerente, zuzendari, arduradun, abokatu eta idazkariak Bilbon bildu dira kontratazioaren inguruko gogoetak egiteko, eta LABetik Osakidetzaren kontratazio politika salatu dugu. Horrela, kanpokaldean kontzentrazioa egin dugu eta sindikatuko bost militantek hitzartzeetako bat eten dute pribatizazioaren kontrako kartelak erakutsi eta leloak ohikatuz.

Ez dugu parte hartuko Osalanek antolatutako Arrisku Psikosozialei buruzko XIV. Jardunaldietan, iruzurra zuritzeko ariketa direlako

Lanera itzultzea errazteko mekanismoak baja psikosozial luze baten ondoren izenburupean egingo diren jardunaldietan aritzeko gonbidatua izan da LAB, baina parte hartzeari uko egin dio, arrisku eta baja psikosozialak lanak eragindakoak direnik aitortzen ez delako.