2024-12-18
HomeZerbitzu PublikoakUdal eta Foru AdministrazioaLABek EUDELi Estatuko murrizketak eta inposaketak gainditzeko exijitu dio

LABek EUDELi Estatuko murrizketak eta inposaketak gainditzeko exijitu dio

Gaur, osteguna, EUDELen eta LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuen arteko Negoziazio Mahaia batzartu da, 2010etik berritu gabe dagoen UDALHITZ hitzarmena berritzeko asmoz.

Batzarrean, LAB sindikatuak, lehendabizi, EUDEL barruan dauden instituzioek Estatuak ezarritako neurriak eta murrizketak aplikatzen ari direla salatu du. Jarrera honek bertoko akordioak desitxuratzen ditu eta Negoziazio Kolektiboaren euskal esparrua kolokan jartzen du. Ondorioz, gaur egun, toki eta foru-administrazioko langileok, 27.000 baino gehiago, lan-baldintza desberdinak ditugu.

LABek EUDELeko Batzorde Eragileari eskatu dio PPk ezarritako neurriei eta arauei men egin beharrean Negoziazio Kolektiboaren euskal esparrua defendatu dezala eta balizko akordioak gure errealitate politiko, sozial eta ekonomikoan oinarritu daitezela. Halaber, LAB-ek proposatu du euskal instituzio eta sindikatuen arteko adostasuna Negoziazio Kolektiboaren eskubidea praktikan deuseztatzen duten Estatuko inposaketak gainditzeko.

Era berean, LABek EUDELi dei egin dio negoziazioak oinarrizko helburu hauek bete ditzan: herritarrentzako zerbitzu publikoen kalitatea bermatzea, pribatizazioak baztertuz, enplegu publikoa sustatzea eta langileon erosteko ahalmena berreskuratzea.

EUDELeko ordezkaritzak aldarrikapen hauek batzorde eragilera eramango duela eta irailerako erantzun bat emango duela hitz eman du.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk EITB bere alderdi interesen mesedetan erabiltzeko duen asmoa salatu nahi dugu

LABek gogor salatu nahi du EAJk, beste behin ere, EITB bere alderdi interesetarako erabiltzeko erakutsitako asmoa, eta, oraingoan gainera, batere lotsarik gabe eta inpunitate osoz, publikoki adierazi izana.

B&B Trends-ena da Gasteizko SDA Factory-ren itxieraren errua

Zuzendaritzak SDA Factory ixteko erabakia hartu du, lehengo Gasteizko BSH. Ia 50 urtetako historia duen enpresa honek Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientean (ABEEE) pasatu ditu azken lau urteak.

Asteasuko Siemens Gamesako ABEEEaren eragina murriztu eta enplegua defendatzeko neurriak lortu ditugu

Hasteko, salatu nahi dugu enpresak negoziaketa talde mailan egin nahi izan duela, Asteasuko langileen ordezkaritza disolbatua eta eragin mugatuarekin zeogoen mahai negoziatzaile bat inposatuz. ABEEE luze eta gogorra nahi zuen enpresak langileentzat eta egoera honen aurrean, markoaren salaketaz gain, neurriaren eragina ahalik eta gehien murrizten saiatu da LAB.