2024-12-22
HomeIdazkaritzakEuskara IdazkaritzaLABek epaitegietara joko du D eredua urratzen duen legea bertan behera geratu...

LABek epaitegietara joko du D eredua urratzen duen legea bertan behera geratu dadin eskatzeko

Justiziako Goi Auzitegiak bertan behera utzi du Balear Uharteetan "eredu hirueleduna" ezartzeko TIL Dekretua. Nafarroan ere legea urratzen ari dira PAI eredua (Balear TILaren bertsio forala) ezarri nahia eta horregatik LABek epaitegietara joko du horretarako prest dauden sindikatu guztiekin batera, 37/2014 Dekretua bertan behera geratu dadila eskatzeko.

Balear Uharteeetako Goi Auzitegiak bertan behera utzi du TIL eredua ezartzeko Balearetako Gobernuak ezarri zuen Dekretua. Auzitegiaren arabera, aipatutako Dekretua egiteko orduan Gobernuak ez zuen bertako Unibertsitatearen informerik jaso eta gainera Dekretuaren eraginaren gaineko azterketa egiten zuen Memoria ez nahikoa zen. LABen iritziz, Balear Uharteetan bezala, Nafarroan ere legea urratzen ari da PAI eredua (Balear TILaren bertsio forala) ezartzeko. Ez Balearetako PPri ezta UPNri ere ez zaie axola hezkuntzaren kalitatea; biek ala biek hezkuntza erabili nahi dute beren fobia ideologikoen arabera. Eurentzat, dena da zilegi katalanaren eta euskararen kontra egiteko bada.

Beste sindikatuek ez bezala, LABek hasiera-hasieratik eman zion ezezkoa UPNren Gobernuaren asmoei, honek ingeleraren ustezko irakaskuntza D ereduaren kontrako armatzat erabili nahi zuelakoan. Arrazoi pedagogiko, sozial, kultural eta laboralak jarri genituen mahai gainean. Baina gainera, PAI programa korrika eta presaka ezartzeko obsesioak legea urratzera eraman du Nafarroako Gobernua.

Izan ere, 37/2014 Dekretua hezkuntza kalitatearen, ikasleen eskubideen nahiz irakasleen eskubideen kontrako eraso larria da. Batetik, Haur hezkuntzako espezialitatea ez duten irakasleak hezkuntza ziklo horretan klaseak emateko gaitzen ditu: barrabaskeria hutsa. Bestetik, beharrezko ingeles titulazioa (C1) ez duten irakasleak ingelesezko klaseak emateko gaitzen ditu, Gobernuari ikasleek hizkuntza hori ikasten ote duten ezer gutxi axola zaiola erakutsiz; gainera, gerta liteke C1 titulua edo ingelesezko magisteritza duten irakasleak orain arte ez-nahikotzat jotzen zen titulazioa (B1 eta B2) duten irakasleen atzetik geratzea zerrendetan.

Arrazoi hauengatik, LABek epaitegietara joko du horretarako prest dauden sindikatu guztiekin batera, 37/2014 Dekretua bertan behera geratu dadila eskatzeko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...