Joan den otsailean eratu zen Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpekoak diren eskola-garraioko laguntzaileen eta jolastokiko zaintzaileen hitzarmen kolektiboa negoziatzeko mahaia eta ordutik, patronalaren jarrera negoziatu nahi ez izatea izan da. Hasiera batean, patronala lau enpresek osatzen zuten (Ercisa, Eulen, La Productora eta CIDI), eta horietatik CIDIk (Centro Internacional de Idiomas) bakarrik jarraitzen du, gainerako enpresek elkartea uztea erabaki zutelako inolako zerbitzurik kudeatzen ez zutelako.
CIDI da gaur egun EAEko ikastetxe publikoetan zuzeneko kontratuarekin eskola garraioaren eta patioaren zaintzaren zerbitzua kudeatzen duen enpresa bakarra, duela bi ikasturte baino gehiago Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak zerbitzurako lizitazio berriak argitaratu behar baitzituen.
2025eko otsailaren 11n, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak publiko egin zuen 100.000.000 euroko inbertsioa hurrengo lau urteetarako eskola-garraioko zerbitzurako, “azken urteetan garraiolarien sektoreak jasotako eskaerei erantzunez”. Eta egunero autobusean eta patioan ikasleak zaintzen eta artatzen dituzten langileenak? Argi dago Begoña Pedrosari gehiago axola zaizkiola garraio sektoreko enpresak langileak baino. Langile gehienak emakumeak* dira, lanaldi partzialekin eta kontratu prekarioekin.
CIDIk joan den abenduan jakinarazi zigun ez zuela parte hartuko hitzarmenaren negoziazio-mahaiko bilera gehiagotan, harik eta lizitazio berriak argitaratu eta adjudikatu arte, eta hala egin zuen urtarrilaren 29ko bileran eta ez zen bertaratu. Gaur, 2025eko otsailaren 18an, 12:00etan, hitzarmen kolektiboaren negoziazio mahaira deitua dago berriro, eta Lan Harremanen Kontseiluaren bidez bidalitako komunikatu baten ondoren, CIDIk parte ez hartzeko erabakiari eusten dio, horrela negoziazio kolektiboa urratuz.
LAB sindikatuak egoera honen berri eman dio Hezkuntza Sailari eta gaur-gaurkoz ez dugu erantzunik izan. EAEko eskola publikoetan eskola garraioa eta patioa zaintzeko zerbitzua, enpresa pribatu batek diru publikoarekin kudeatzen duen zerbitzu publikoa da, eta beraz, Begoña Pedrosa Hezkuntza Sailburuaren Saila bera da arduradun nagusia.
Hori esanda, LAB sindikatuak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari exijitzen dio CIDI enpresa behartzea EAEko eskola garraioko eta jolastokiko zaintzaileen hitzarmen kolektiboa negoziatzera esertzera. Negoziazioan blokeo egoera honek jarraitzen badu, LAB sindikatuak ekintza sindikala aktibatuko du.