2025-04-21
HomeFederazioakZerbitzu PublikoakLABek EAEko Funtzio Publikoaren Mahai Orokorraren bileratik alde egin du

LABek EAEko Funtzio Publikoaren Mahai Orokorraren bileratik alde egin du

Eusko Jaurlaritzak 35 orduen lanaldia luzatzen duen dekretua mantentzen duelako, eta Mahai Orokorraren eremuak ezer negoziatzeko bermerik eskaintzen ez duelako, LABek bileratik alde egitea erabaki du, gainontzeko sindikatuei koherentzia bera mantentzea eskatu ondoren. 

Hilabeteak igaro dira EAEko azken Mahai Orokorraren bilera egin zenetik, sindikatu guztiok altxatzea erabaki genuena. Jaurlaritzak 35 orduko lan-astea hausten zuen dekretua bertan behera uzteko asmorik agertu ez zuelako, eta benetako negoziazioari ekiteko baldintzarik bermatzen ez zelako. Lan baldintzak okertzeaz gain, neurriak enplegua suntsitzen zuela salatu genuen sindikatuok, bai eta elkarrekin hainbat mobilizazio deitu genuen ere, tartean hiru hiriburuetan manifestazio bana gauzatu ere. Gasteizko parlamentuak berak ere dekretua bertan behera uzteko eskaera luzatu zion Jaurlaritzari.

LABek hain zuzen ere foro horretara itzultzeko erabakia baldintza horietan oinarritu ditu, 35 orduko lan-astera itzultzean eta benetako negoziazio bat izateko bermean. Hain zuzen ere lanaldiaren gaia deialdiaren bigarren puntuan agertzen zelako gaurko bilerara bertaratzea erabaki dugu.

Susmatzen genuen bezala, Eusko Jaurlaritzak komunikatu duen lanaldiaren inguruko erabakiak ez zekarren aldaketarik, eta 2014rako dekretua bere horretan mantentzea izan da bere erabakia. LABek erabakia eta negoziazioa iruzur hutsa dela salatu du, eta bileratik alde egiteko asmoaren berri eman eta gainontzeko sindikatuei berdin egitea eskatu die. Izandako etenaldi baten ondoren esandakoa bete eta bileratik alde egin du LABek.

LABek honetaz guztiaz zera ondorioztatzen du, batetik, ustezko negoziazioa den bilera dinamika hau iruzur hutsa dela; eta bestetik EAJk Madrilek hartzen dituen erabakiak zintzo-zintzo betetzen dituela, eta ez duela inolako borondaterik bide propio bati ekiteko.

LABek jarraitzen du lehentasun gisa negoziatzeko eskubidea eta enplegua jartzen, eta hain zuzen ere horri heldu diogu gaurkoan ere. Beste sindikatuek ere koherentzian berdin jokatzea espero dugu, langileentzako eta zerbitzu publikoentzat antzuak diren dinamikak baztertu eta borrokaren bidearekin jarraitzea.
 

LAB sarean
{module[111]}

       

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enviserreko langileek greba gogortu dute, protestaren hirugarren astean

Hiriko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Gasteizko Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek hiru aste bete dituzte greban. Baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat lortzea da beren helburua. Hainbat langilek Gasteizko udaletxearen aurrean pasa dute gaua, azken honen inplikazioa eskatzeko.

LABek ontzat jo du Iruñeko Udalaren eta alokairuzko bizikleten enpresaren artean sinaturiko akordioari esker langileei zor zitzaizkien soldatak ordaintzea

LAB sindikatuak duela bi aste salatu zuen Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian zeudela, sei hilabete baitzeramatzaten nominak berandu kobratzen eta, gainera, enpresak bi nomina oso zor baitzizkien. Iruñeko Udalak eta Ride On-ek gaur iragarri duten akordioaren arabera badirudi zerbitzuaren jarraipena bermatuko dutela eta enpresak berehala kitatuko dituela langileekin dituen zorrak.

LABek salatzen du milaka gutun banatu gabe daudela Gasteizen Correoseko langile faltagatik

Langilerik ez kontratatzearen ondorioz, kaosa sortu da azken hilabeteetan posta-banaketan, eta inoiz ikusi gabeko egoetara iristen ari da. Kontratazioan murrizketa hain handia da, kasu askotan ez dela inor ordezkatzen ari. Adibidez, Alde Zaharreko postariak urte erdi baino gehiago darama bajan, ordezkatu gabe.