LAB sindikatuak Metro Bilbaoren egoeraren berri eman nahi du, baita greba-batzordearen borroka luzea babestu ere.
LAB sindikatuarentzat argi dago 2010eko urritik hona etengabe urratu dituela eta urratzen ari dela metroko zuzendaritza tren-gidarien eta geltoki-ikuskatzaileen lantaldea osatzeko akordioak. 2011ko uztailean beste akordio bat adostu zen, aurrekoa ongitzearren, gidari eta ikuskatzaileen egiturazko lanpostuen kopuru zehatzak jasoz (166 eta 182 hurrenez hurren) eta berriro urratu ditu kontratu partzialen bidez.
Zuzendaritzaren jarrera urratze iraunkorrean oinarritzen da eta, hartara, langileak egoera hori behin eta berriro salatzera behartzen ditu. Ikusi besterik ez dago 100 lanuzte-ordu inguru daramatela langileek 2010eko maiatzetik hona eta, gainera, elkarretaratze ugari eta pare bat manifestazio ere deitu dituzte greba-batzordetik.
LAB sindikatuak babes osoa adierazten die Metro Bilbaoko langileak beren eskubideen alde egiten ari diren mobilizazioei, eta pozten da oso izaera eta ideologia ezberdineko 5 sindikatuk greba-batzordean bateginik garatzen ari diren lanarekin.
Aldi berean, dei egiten dio Metro Bilbaoko zuzendaritzari Metro Bilbaoko hitzarmen kolektiboan eta barne araudian jasotako arauak bete ditzan, behin eta betiko. Auziaren bost puntuei osorik eta errotik heltzeko eskatzen du:
2.- 2012ko tren-zerbitzua, txanden aldaketak.
3.- Mantentze-alorraren berregituratzea.
4.- 2012ko Gabon Gaueko zerbitzua.
5.- Lege-zaintzako lanaldi murrizketen ondoriozko hutsuneak betetzea.
Bestalde, LAB sindikatuak gogor salatu nahi ditu Metro Bilbaoko arduradunek gaur bai eta bihar ere bai hedatzen dituzten gezurrak eta filtrazioak, langileak kriminalizatzeko eta jendartea langileen aurka jartzeko. Halako jokabide eta jarduerak berehala baztertzeko eskatzen du LABek.
LAB ohartu da zein diren Metro Bilbaoren oraingo gestoreen errezetak, murrizketak etengabe, langileak gutxitzea eta lan-baldintzak kaskartzea, inposizioetan eta langileen ordezkariekin ezer ez adostean oinarritzen den ereduan oinarrituta.
Erabat bestelako eredu edo jokamoldea eskatzen eta eskaintzen du LABek, langileek erabakietan parte hartzea bermatuko duena, Metro Bilbao osatzen duten pertsona guztien gaitasunean oinarrituko dena, erabakiak benetako parte-hartzean oinarritutako bitartekoen bidez hartzea ahalbidetuko duena.
Metro Bilbaoko langileentzat premiazkoa da, baita jendartearentzat ere. Metro Bilbaoko zuzendaritzak eta erakundeek borondaterik badute, LAB prest dago elkarlanerako lan-auziari benetako irtenbidea, irtenbide orokor eta behin betikoa aurkituko bada. Asmoa auzia usteltzen uztea eta lan-eskubideen kontrako erasoekin segitzea bada, aurka egingo die LABek, eta aurrera egingo du mobilizazioekin.
Amaitzeko, LABek dei egiten die bere afiliatuei zuzenean eta jendarte osoari ere greba-batzordeak larunbatean, martxoak 24, deitu duen manifestaziora joatera. Bilboko Plaza Eliptikotik abiatuko da 17:30ean. Erakuts diezaiogun Metro Bilbaori jendartea kokoteraino dagoela gestio-eredu horrekin, eta mugitu behar duela auziari irtenbide orokorra emateko. LABek bat egiten du, erabat, manifestazioaren leloarekin: Metro Bilbao solución ya! Murrizketarik ez, bete akordioak!