2024-12-22
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaLABek dei egiten dio EAEn eratuko den gobernu berriari Osasun Publikoaren suntsiketa...

LABek dei egiten dio EAEn eratuko den gobernu berriari Osasun Publikoaren suntsiketa gerarazteko

Datozen hauteskunde autonomikoen garrantziaz jabeturik eta egoeraren larritasunaren aurrean, LABek sindikatu soziopolitiko gisa, indar politiko guztiei eta bereziki datozen lau urteotan gobernatuko duenari zera eskatzen die, osasun publikoaren suntsiketa atzera botatzeko.

Egungo Eusko Jaurlaritza eta aurreko Gobernuen jokabide txarrek Osasun Publikoari kalte nabarmena eragin die. Osasun Sailak kudeaketa enpresarialaren irizpideen arabera funtzionatzen du, eta honek sistema publikoaren iraunkortasunaren zalantza sortzen du jendartean. Horrela, pertsonala eta zerbitzuak murrizteko aitzakia moduan erabiltzen du merkatu libreari irekitzearren. Gardentasuna eta parte-hartzea bezalako gai garrantzitsuak ameskeri bihurtzen dira eta jakina, alde sozialarekin elkarrizketa eta negoziazioa beste ilusio bat dira.

Osasuna oinarrizko eskubidea da eta ondasunen banaketarako oinarrizko tresna da, eta banaketa horretan Euskal Herrian bizi garen pertsona guztiak egon behar dugu, berdin nondik datorren edo errotuta dagoen edo zein den bere osasun egoera. Gure jendarteak osasun sistema hurbila eta parte-hartzailea behar du, gardena, kalitatekoa, efizientea, dohakoa eta unibertsala. Horregatik, osasunaren arloan egiten dugun jardueratik, alderdi politiko guztiei eta batez ere laster gobernu ardurak izango dituztenei ezinbestekotzat jotzen ditugun gutxieneko batzuk betetzea exijitzen diegu.

• Aurrekontuak igo egin behar dira, Euskal Herriak duen BPGren antzekoa duten inguruko Europako herrialdeenekin parekatu arte, kalitateko osasun arreta bermatzeko finantzazio nahikoa behar dugulako.
• Osasunaren kontzeptu merkantilistatik urrun egongo den osasun kudeaketa sustatu, eskubide indibidual eta kolektiboak bermatuz. Egungo programa-kontratuak desagertzea, zerbitzu publikoen pribatizazioari ateak irekitzen dizkiolako.
• Egungo osasun mapa lurralde guztietan egokitu, hazkunde demografikoaren aurreikuspenen eta premia sozio-sanitarioen arabera. Baita, beharrezkoak diren profil profesionalak aurreikusi behar dira epe motz eta ertainean, arreta bere osotasunean bermatzeko.
• Osasun sistemaren demokratizazioa eta herritarren eta sektoreko langileen parte-hartzea sustatzea osasun sistemaren garapen eta kudeaketa on batentzako ezinbesteko elementuak dira. Jendartea eta profesionalak sistemaren erdigunean kokatu behar dira, eta lehentasunezko helburua profesionalen motibazioa eta inplikazioa izan behar da. Honen haritik, izendapen libreko postuak ezabatu behar dira eta kontratu guztiak eskatutako profila eta kontrol publikoaren irizpideetara lotu behar dira, edozein unetan bertan behera gelditzeko aukerarekin.
• Lehen Arreta maila guztietan dimentsionatu behar da berriro, izan ere hauxe baita osasun sistemaren oinarria eta osasunaren sustapena eta herritarren gaixotasunak prebenitzeko bermea.
• Osasun sistema euskalduna bermatu, Osakidetzako erabiltzaileen hizkuntz eskubide guztiak eta arreta maila guztietan errespetatuko dituena.
• Prestakuntza iraunkorra bermatu (birziklatze profesionala) sektoreko langile guztiei, eta diziplina anitzeko ikerketa sustatu.
• Maila sindikalean langileen ordezkariekin negoziazio kolektiborako guneak ireki, gaur egun Mahai Sektorialean itxita daudenak.
• Arretaren kalitatearen galerari buelta eman, lan baldintzetan ematen diren etengabeko murrizketei, gehiegizko lan kargei eta baliabideen murrizketei amaiera emanez, honako antolakuntza neurrien bidez:

 

 
◦ 35 orduko lan-asteari eutsi, lanaren banaketa hobea eta kontratazioak handitzea ekar lezakeena.
◦ Lan kargen azterketa bat egin, plantillak beharrei egokitzeko eta oporraldietan mantentzea ere bermatzeko.
◦ Aurre-erretiroa eta langile guztien errelebo-kontratua sustatu.
◦ Peoikadak edota auto-kontzertazioaren bidez sistema gaiztotzen duten aparteko orduekin amaitu, eta fondo hauek kontratazio berrietarako erabili.
◦ Egungo goardia sistema ezabatu eta arau orokor bezala, hiru txandako lana kategoria guztiei ezarri.
◦ Osasun publikoan eta pribatuan batera aritzeko aukera ezabatu.
◦ Pribatizaziorik ez, eta pribatizatutako guztia publikora itzuli era mailakatuan.
◦ Zuzendaritzako kideei ematen zaizkien pizgarriak kendu.
◦ Egungo EPE (Enplegu Publikoaren Eskaintza) sistema birplanteatu eta osasun sisteman sartzeko prozedura arinagoak antolatu.
◦ Lanbide karrera birplanteatu, burutzen balorazio subjektiboaren menpe dagoen osagarri bat baita, eta soldata pizgarri hutsetan oinarrituta dagoelako.
◦ Larri dauden gaixoentzako egun dauden ospitale guztiak mantendu, haien artean Gasteizko Santiago Ospitalea eta ospitaleetako ohe kopurua aktibitatea eta demografia beharretara egokitu.
◦ Itxaron zerrenden benetako murrizketa, kontratazioa handituz eta zerbitzuak berrantolatuz.
◦ Tolosaldean eskualdeko ospital publikoa sustatu.
◦ Lezako ospitalari espezialitate berriak eman, eta Arabar Errioxarentzako erreferentziazko zentro bihurtu.
◦ Urdulizko eskualdeko ospital berria amaitu (eskumaldea).
◦ Gernikako ospitala eskualdeko ospital bezala martxan jarri.
◦ EAEko Osasun Mentalaren Sareak berrantolatu eta eguneratu.
◦ Botika gastua arrazionalizatu, botika-industriak ikerketan eta praktika klinikoan duten eragina deuseztuz.
 
Urteetan zehar, bai EAJk zein orain PSEk egin izan dituzten murrizketak salatzen aritu gara. Laburbilduz, datorren gobernuari espainiar estatuak inposatutako neurriak ez aplikatzea exijitzen diogu, uste dugulako geu garela geure osasunarentzat nahi dugun etorkizuna erabaki behar dugunok.

Euskal Herrian, 2012ko urriaren 17an

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...