2024-12-23
HomeZerbitzu PublikoakZerbitzu SoziokomunitarioaLABek Bizkaiko Hirugarren Adineko Zentroetan sinatutako aurreakordioa langileak kontutan hartu gabe egin...

LABek Bizkaiko Hirugarren Adineko Zentroetan sinatutako aurreakordioa langileak kontutan hartu gabe egin izana salatzen du

Esparru honetan ordezkaritza dugun sindikatuon hilabeteetako borroka eta negoziaketen ostean, ELAk enpresarekin adostuta zeukan eta gainontzeko sindikatuok ezagutzen ez genuen aurreakordioa sinatu du.

Salaketak, tentsioak, atzeratzeak, bertan behera utzitako deialdiak eta alferrikako lanaren ostean, Patronalak eta gehiengoa duen sindikatuak, aurreakordio hau sinatzen dute gainontzeko sindikatuon, langileen ordezkaritza zabala dugunak, ekarpenak kontuan izan gabe; aurretiaz egondako negoziazio baten gertatu zen bezala, hauen iritzia albo batera utzi dute.

ELA, Gesca eta Lares-en arteko negoziazioaren prozesua iluntasunean eman da, gaur akordio itxi bat aurkezten ziguten bitartean hilabeteetan egon dira konfrontazioa antzezten. Gainontzeko sindikatuak banaketa sindikala irudikatzeko erabili dituzte, dokumentuak, ekarpenak, bilerak egiten izan gaituzte, orain sekretupean eta petit comitè-an, akordioa sukaldatzeko, ez dakiguna da LABek mahai negoziatzailean egindako ekarpenak kontuan hartu diren.

Gainontzeko sindikatuok alde batera utzi gaituen Bizkaiko Aldundia eta ELA sindikatuaren artean izandako negoziazio paraleloa ere salagarria iruditzen zaigu. Adostutako tarifikazioa eta erabiltzaileengan izango dituen ondorioak ez ditugu ezagutzen, hau da, EAJ, Patronala eta ELAren artean, zerbitzu publiko honen eredua adostu dute langileen eta erabiltzaileen iritziak kontutan hartu gabe.

ELArentzat orain arte baldintza sine qua non zena, alegia, hitzarmena enpresaz enpresa errefrendatu behar izatea (Bilduk gobernatzen duen Gipuzkoako hitzarmenari jarri zion baldintza sine qua non berbera) kasu honetan ezinbesteko baldintzaren izaera galtzea, eta kasu honetan bai, LABek behin eta berriro defendatu duen Aldundiaren bidezko bermea nahikoa izatea paradoxikoa da.

Bai ELAk, bai eta patronalak zein BFAk berak ere, ordezkaritza sindikalari erakutsitako mespretxu eta destainezko jarrera hau guztiz onartezina eta deitoragarria da, eta sektore honetako langileek jada ezaguna zuten jarrera hau berriro ere errepikatu izana salatu nahi dugu.

Aurreakordio hau egina izan den moduari dagokionez kritika zorrotz hau behin eginda, esan behar dugu oraingoz behintzat LAB ez dagoela bere edukien gainean iritzirik emateko baldintzetan, izan ere gaurko negoziazio mahaiaren testuinguruan ezagutu baitugu aipatutako aurreakordio hau, eta beraz, ez dugu berau baloratzeko aukerarik izan; gure ordezkari eta langileen ordezkariekin testua behin konpartituta eta aztertuta erabakiko dugu zer egin.

Aurreakordioaren lehen irakurketaldi arinean patronalarentzat berebiziko garrantzia duten zenbait gai jasotzen direla ematen du – hala nola, tarifei eutsi eta itundutako ohe kopuruaren handitzea (interes komertziala)-, baita Bizkaiko Foru Aldundiaren kudeatzaileen hauteskunde interesak ere bermatzen direla ematen du, azken batean hauteskundeen atarian parerik gabeko Hitzarmen bezala aurkeztuko baitute hau. Aztertu beharko da ea patronal eta Aldundiaren interesez gain, langileen lan baldintzei dagokienez eta lan erreformari aurre egiteko tresna bezala ere akordio ona den, eta LABek horren arabera erabakiko du honekiko jarrera.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...