LABek dei egiten langileei datorren urtarrilaren 11n eta “Orain presoak” lemarekin Bilbon eta Baionan deitutako mobilizazioetan parte hartzera. Batzorde Exekutiboko ordezkaritza bana bidaliko du LABek bakoitzera. Garbiñe Aranburu idazkari nagusia Bilbokoan izango da.
Euskal presoak eta iheslariak Euskal Herriratu eta ondoren etxeratzeko borrokan jarraituko du LABek. Orain da horretarako momentua. Bada garaia presoek eta haien senide zein lagunek jasaten duten sufrimenduarekin eta eskubide urraketarekin amaitzeko, dispertsioarekin amaituz, espetxe politika mendekuzalearekin bukatuz, eta preso eta iheslariak etxera bidean jarriz.
Garaia da gatazkaren konponbidean, bakebidean eta bizikidetzan urratsak emateko. Horretarako ezinbestekoa da preso eta iheslarien aferari irtenbidea ematea.
Herri mobilizazioan kokatzen dugu giltza. Eta Euskal Herrian presoen eskubideen alde dagoen gehiengo sozial, sindikal eta politikoaren aldarriak aintzat hartu behar dituzte Espainiar zein Frantziar gobernuek. Har ditzagun kaleak eta bidali diezaiegun mezu argia. Espainiako Gobernu berriari mezua, aterabide positibo bat eman diezaion behingoz preso eta iheslarien aferari. Eta Frantziako Gobernuari deia, garai berri abiatu dezan, presoen kaleratzeari begira.
Euskal Herrian, 2020ko urtarrilaren 9an