2024-11-25
HomeIrakaskuntzaIkastolakLABek berretsi egiten du Partaiderekin sinatutako akordioaren balio laboral, sindikal eta politikoa

LABek berretsi egiten du Partaiderekin sinatutako akordioaren balio laboral, sindikal eta politikoa

LABek asaldatuta eta harriduraz hartu ditu ELA sindikatuak LAB, Partaide eta EIBren artean sinatutako akordioaren inguruan plazaratutako gezurrak, kritiken larritasuna eta sindikatu honekiko erakutsitako oldarkeria. Horrelako negoziazioetan sindikatu bakoitzak besteak jokatzen duen paperaren arabera kritika ohikoa izaten bada ere, kritikak sostengatzeko gezurra ibiltzeari ez deritzogu inondik ere jokabide onargarria.

ELA GEZURRETAN dabil bai egiteko moduari egiten dizkion kritiketan eta baita akordioaren edukiei egiten dizkion kritiketan ere. Bere irakurketan planteatzen dituenak (“akordioak murrizketei babes legala ematen die”, “erreforma laborala ezartzen du”, “negoziazio kolektiboaren zentzua desegiten du” eta abarrekoak) gezur horien gainean eraikitako interpretazio interesatu eta maltzurrak baino ez dira. Bestalde, ORDEZKARITZA DUTEN IKASTOLETAN ELAk AKORDIOA BABESTU DUELA kontuan hartuta, are gutxiago ulertzen dugu horrelako oldarkeria.

PROZEDURARI (egiteko moduei) dagokionez ELAk planteatuko kritiken inguruan, gezurretan ari da:

• Zalantzarik balego, lehenik eta behin argitu nahi dugu ELA egondako negoziazio prozesu osoaren parte izan dela mahai negoziatzailean. Esan behar da azken bilerara ere deitua izan zen arren ELA ez zela azaldu.
• Bitariko batzordearen funtzionamenduei dagokionez, batzorde honek bakarrik jasotzen ditu akordioaren sinatzaileek adostu eta garapena behar dituzten gaiak garatu ahal izateko funtzioak. Gogoratu dezagun hau hitzarmen guztietan gertatzen dela, areago, ELAk gehiengoa duen Kristau Eskoletan ere soilik hitzarmenaren sinatzaileak direnak parte hartzen dute hango Bitariko Batzordean.
• ELAk akordiorik ez du sinatu nahi izan eta hori zilegi da, baina onartezina da ELAri betoa jarri zaiola esatea. Ohiko negoziazio bat izan da eta LABek ez du inolako negoziazio kolektiborako joko araurik apurtu.

EDUKIEI egiten dizkien kritiketan ere gezurretan ari da:

Gogoratu dezagun urtarrilean LABek prentsa agerraldi bidez publiko egin zuela Partaiderekin adostutako akordioa. LABek oso positibotzat baloratu zuen akordio hori negoziazio horri jarritako helburu guztietan aurrera pausu nabarmenak lortu zirelako.

• Orain arteko lanpostuak mantentzeko konpromisoa eta mekanismoak adostu ziren. Ikastoletan ikasleen matrikulazioak behera egin duen kasuetan, edota Hezkuntza Sailak lehen itundutako gelak murriztu dituelako ere lanposturik ez da suntsitzen ari (Kristau Eskoletan aldiz, matrikulazio jaitsieraren ondorioz, itundutako gelen murrizketaren ondorioz, edota pilatutako zorra kitatzeko asmoarekin hamarnaka lanpostu desagertu dira).
• Soldata zehazteko erreferentziazko taulak murrizketarik gabekoak izaten jarraitzen dute, hau da, 2009koak (“%0,7ko gehikuntza hori 2009ko tauletara bueltatzeko finantziazio publiko nahikoa eman arte” ); behe mailako kategoriei jada gauzatuko zaielarik.
• Langileekiko dagoen zor osoaren aitortza egiten da eta hori kitatzen joateko planteamendu bat adosten da.
• PPren lan erreformaren ondorioak indargabetzen dira: ultraktibitatea mantendu, aldebakarreko desatxikitzeak indargabetu (akordio honetan ikastolaren batek desatxikitzeko eskaera egingo balu langileen ordezkariekin ADOSTUA izan beharko litzateke), derrigorrezko arbitrajea ekidin (“Lan hitzarmenik irteteko desadostasunak erabakitzeko, kasu guztietan eta modu orokortuan derrigorrezko kanpoko erakundeetako arbitrajerik eta interbentziorik ez dute onartuko” 2.2 art.), …
Inoiz ezingo da akordio honen aldebakarreko ez-betetzea eman. Akordioaren testu osoan zehar aipatzen den bezala (soldataren aferan, zorraren kudeaketan, lan postuen mantentzerako mekanismoetan, …) erabakiak aldebakarrez hartzea ekidin, eta adostasunaren formula bermatzen da.
• Ikastolen izaera parte hartzailean sakontzeko bitarteko zehatz berriak adostu genituen.
• Ikastolen egitasmoaren garapena eta langileen eskubideak bermatzeko beharrezkoa den finantziazio publikoa lortzeko Eusko Jaurlaritza interpelatzeko konpromisoa eta planteamendua adosten da; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza sistema arautuko duen hezkuntza lege berri baten perspektiban.
LOMCEari aurre egin eta Euskal Herriko hezkuntza sistema eraikitzeko hainbat konpromiso hartzen dira.

Beraz, ikastolen eta hezkuntza esparruan funtsezkoak diren gai nagusiak barnebiltzen dituen negoziazio integrala emaitza positiboekin gauzatzen da.

Bilbon, 2014ko otsailaren 26an
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.