2024-12-22
HomeEkintza SindikalaLABek bere onena emango du Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua...

LABek bere onena emango du Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eratzeko

Urtemuga garrantzitsuen urtea dugu 2024a. LABek 50 urte betetzen dituen urte berean betetzen dira 30 urte euskal langileontzat mugarri garrantzitsua izan zen nazio manifestaziotik.

1992–1994 urte tarteak euskal sindikalismoan aldaketa estrategikoa ekarri zuen. 1993ko saiakeraren ondotik, 1994an ELA eta LABek deituriko manifestazioa egin zen Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren alde.

Gehiengo sindikala osatzen dugunon arteko harremanek gora-beherak izan badituzte ere, eta elkarlanak izango lukeen potentzialitate guztiak askatzea lortu ez badugu ere, ordutik aurrera, Hego Euskal Herria antolakuntza eta borroka sindikalerako esparru autonomo gisa eratu da, agenda propioa izan dugu, estatu mailako sindikalismoaren koordenada erabat desberdinetan jardun dugu. Euskal Herrian, langileen lan eta bizi baldintzen aldeko borroka, aldaketa sozial eta aldaketa politikoen beharrak ardaztu dute. Ipar Euskal Herrian, 2000. urtean, LABen sorrerak eskenatoki sindikala aldatu zuen eta bertan ere esparru sozioekonomiko propio baten eraikuntzak beste zentralitate bat hartu du.

Zalantzarik gabe mugarri garrantzitsua izan zen duela 30 urteko gertakari hura. Azken urte hauetan asko aldatu da Euskal Herria eta Euskal Herriko langileria. LABen, aldaketa eta erronka horiei guztiei aurre egiteko indarrak biltzearen aldeko apustua egin izan dugu.

30 urte hauek eman dutena eta euskal sindikalismoak izan duen jarrera aztertu eta  manifestua osatu dugu. Ez da atzera begira geratzeko eginiko gogoeta, ondorioak atera eta egungo testuingurura egokitzeko helburuz eginikoa baizik.

Izan ere, aldarrikapen hark zentralitate eta birtualitate osoa mantentzen jarraitzen du eta LABek, kontrabotere sindikatu independentista den heinean, sendo eusten dio Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren aldeko lanari. LABentzat, Euskal Herriko langileentzat duen esanguraren erakusle, gaurko ezohiko agerraldia.

LABen konpromisoak

Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren bidean

LABek 50 urte betetzen ditu. Hasierako printzipioei sendo eutsiz, jaio ginen unetik, hedatuz joan den proiektua. Hasieratik, autonomistak ez baina independentistak izan gara, kontzertazioa ez baina kontrabotere sindikalgintza egin dugu. Negoziazio kolektibora mugatzen ez den sindikatua, sindikatu soziopolitikoa izan da betidanik gure sindikatua, testuinguru politiko, ekonomiko eta sozial bakoitzera egokitutako estrategia independentista eraldatzailea garatu dugu.

Orain 30 urteko adierazpenari segida emanez, langileei lan eta bizi baldintzak duinak ziurtatzeko, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eraikitzen jarraitzea, bizitza erdigunean izango duen eredu sozioekonomiko berrirako eraldaketa feminista, ekosoziala eta antirrazista bultzatzen jarraitzea dagokigu.

Euskal esparrua zabaltzen jarraitzeko, burujabetza maila handiagoak eskuratzeko baldintza eta aukera berriak ditugu:

  • Euskal Herriko gehiengo sozial zabalak bat egiten du eraldaketa sozialen aldeko aldarriekin. Gehiengoak zerbitzu publiko hobeak nahi ditu, zaintza sistema publiko komunitarioa nahi du, soldata eta pentsio duinak aldarrikatzen ditu. Eta gehiengoa herri honek duen erabakitze eskubidearen alde dago.
  • Azken urteetan, LAB eta sindikalismo subiranista indartu egin da, gehiengo sindikala sendotzen ari da. Indartze bera ematen ari da ezker independentismoan, baita maila politiko instituzionalean ere.
  • PP–Vox Gobernuaren aukera baztertu izana berri pozgarria da. Estatu Espainiarreko Gobernuak estaturik gabeko nazioetako indar politikoen babesa behar du aurrera egiteko. Honela, aukera berriak sortzen dira nazio auzian, lurralde egituraketan aurrera egiteko.
  • Legegintzaldi honetan, Euskal Autonomia Erkidegoan zein Nafarroan estatus politiko berrien inguruko eztabaida berriro ere eztabaida politikoaren erdigunean jarriko da.
  • Ipar Euskal Herrian mugimendu abertzalea datozen urteetarako iparrorratza finkatzeko gogoeta estrategikoan murgildua dago.

Sindikatu soberanistok aukera horiek baliatu egin behar ditugu, eraldaketa soziala eta aldaketa politikoak bultzatzeko eragile aktibo izan behar dugu. LABek konpromiso berriak bereganatu ditu eta bai ekintza sindikalean eta bai maila soziopolitikoan ere, norabide horretan lan egingo dugu. Esparru propioaren bidean honako urratsen alde egingo du LABek:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoan zein Nafarroan Estatus Politikoak berritzea. Egungo autogobernu maila gainditu egin behar da, nazio aitortza egitearekin batera, lan eta bizi baldintzak bertan erabaki ahal izateko ahalmen legegilea bereganatuz eta Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua bermatzeko bitartekoak jasoz.
  1. Bien bitartean, hala Euskal Autonomia Erkidegoan nola Nafarroan, lan eta bizi baldintzak duintzeko, soldata eta pentsio arrakalak gainditzeko, 1.400 euroko gutxieneko soldata eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzea. Gutxieneko soldatari dagokionez, EAEko Parlamentuan adostasun politiko zabala lortu zen, bertako errealitatera egokituriko gutxieneko soldata ezartzearen alde. Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritza interpelatu zuen helburu horren alde urratsak emateko. Sindikatu eta patronalaren artean, Akordio Marko bat erdiesteko iniziatibaz jokatuko dugu (gainerako sindikatuei, Confebaski zein Enplegu Sailari bilkurak eskatuko dizkiegu). Nafarroan ere gauza bera aldarrikatzen dugu.
  1. Negoziazio kolektiborako marko propioa indartzea, estatalizazioari aurre egin eta bertako hitzarmenek lehentasun osoa izan dezaten eta hitzarmenik ez duten langile kolektiboek ere izan dezaten eurena, gure eremuan negoziatua.
  1. Eremu publikoan bertako zerbitzu publikoak indartzea; azpiegiturak hobetu; plantillak handitu, egonkortu eta ratioak hobetu; erosmen ahalmena berreskuratu; zaintza bezalako eremuak publifikatu eta zaintza sistema publiko komunitarioa sortu.
  1. Estatu espainiarrean, euskal langileon lan eta bizi baldintzak hemen erabaki ahal izateko euskal esparruaren hedapenari ezartzen zaizkion mugak altxatzea (gutxieneko soldata ezartzeko, negoziazio kolektiboaren egituraketari dagokionez, eremu publiko langileen soldata eta birjartze tasak ezartzeko, Gizarte Segurantzaren transferentzia eskuratuz…). Bide horretan lan egiteko proposamenak helarazi dizkiegu euskal alderdiei.
  1. Ipar Euskal Herriari dagokionez, ezkerreko mugimendu abertzalea datozen urteetarako iparrorratza finkatzeko egiten ari den gogoeta estrategikoaren parte gara. Horretan ere langile aldarrikapenak jarriko ditugu erdigunean, Ipar Euskal Herrirako negoziazio kolektiborako marko propio baten aldeko proposamena eguneratuz.

Gustatuko litzaiguke erronka hauei elkarlanean heldu ahal izatea. Hainbatetan esan bezala, aldaketa sozialaren eta burujabetzaren alde gauden euskal eragile sindikal, sozial eta politikoen arteko agenda sozial partekatua beharrezkotzat jotzen dugu. 1992-94 tartean finkatu bezala, euskal agenda soziala bertako eragileen artean adostu eta garatu behar da, estatuarekiko autonomoa izan behar du. Era berean, eragile bakoitzaren autonomia errespetatzea oinarrizko printzipioa da; sindikatuon kasuan, langileen beharrak eta eskubideak defendatzeko.

Agenda integral bateratu baten aldeko indarrak biltzea izango litzateke guretzat egokiena. Horretarako baldintzak sortzen jarraituko dugu eta elkarlan oso baten faltan, gaikako adostasunak bilatzen jarraituko dugu. Esaterako, zaintzaren inguruan mugimendu feministaren ekimenez proposatu den herri akordioa, bertako gutxieneko soldata ezartzeko ekimena, borroka sindikal desberdinetan, Karta Sozialean edota lan istripuei erantzuteko hainbat sindikatuen artean sustatutako elkarlana.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...