2024-12-22
HomeZerbitzu PribatuakHegazkinakLABek Alestisen bideragarritasun plana salatzen du

LABek Alestisen bideragarritasun plana salatzen du

Joan den urriaren 4an, hartzekodunen konkurtsoan aurkitzen den Hegazkin arloko eraikuntzan lehen mailakoa (TIR-1) den ALESTIS aerospace enpresak, bideragarritasun-plana aurkeztu zien enpresako komiteei Sevillan. Enpresa honek 11 lantegi ditu Espainian eta Brasilen, eta bertan 1800 pertsona inguruk egiten dute lan.

Plan honetan 329 langile kaleratze aurreikusten da Espainian dituen 9 enpresetan: zazpi Andaluzian (Cadiz eta Sevillan) eta beste bi Gasteizen. Halaber, beste 200 langile baino gehiagoko derrigorrezko lekualdaketak, batez ere, Andaluzian. Honez gain, Brasilgo instalazio baten itxiera burutu eta proiektu eta lan karga batzuk berrantolatu taldeko enpresa ezberdinen artean.

Enpresari talde honetako akziodunak hauek dira: Andaluziako kutxak % 29,3 (Caja Sol eta Unicaja), Andaluziako Junta %19,90, EADS aeronautika arloko enpresa %1,85, Europako Finantza Bankua (BEF) % 6,80, eta ALCOR euskal enpresari taldea % 42ko portzentajeaz akziodun nagusia.

Gasteizko instalazioetan, Miñanon zein Jundizen, lan egiten duten 231langiletatik 62 langile kaleratu nahi dituzte, hau da, langilegoaren % 27a datozen bi urtetan (2013- 2014).

Asmo hauen aurrean, LAB sindikatuak lehenengo balorazioa egin nahi du:

Lehenik eta behin, uste dugu oraingo egoera KUDEAKETA ENPRESARIALA KASKARRAREN ondorioa dela, non akzionista nagusien arteko ika mikak eta desadostasunak nagusitu diren. Gainera, planifikazio txarra izan da eta ez da egon behar besteko finantziazio ekonomikoa oraingo proiektuei zein aurreikusitakoei eusteko. Halaber, akziodun nagusiak Andaluziako Juntaren interes politikoen menpe egon dira, lan zama, baliabide ekonomikoak eta langile zein instalazio kopurua mantentzeko zailtasunak gehituz. Inolaz ere ezin zaigu egoera honen errua langileoi leporatu.

Antza denez, ENPRESAren ERABAKIA da proiektu errentagarriak hemengo lantokietatik beste batzuetara eramatea, lan karga jaitsiz eta langileak kaleratuz. Honek guztiak erabaki enpresariala baino politikoa dela susmatu dezakegu eta epe motzean lantegiak ixteko aukera egongo litzateke. Dena den, ez dakigu zein arrazoi dauden horren atzean, ze orain 15 egun Gasteizko instalazioak ziren taldeko errentagarri bakarrak, programen zuzendaria (Juan Calero) eta zuzendari orokorraren arabera (Jesus Garcia Arguelles).

Gure ustez, enpresan, zehazkiago Arabako lantokietan, ez dago inor soberan, eta horregatik, enplegua tinko defendatzeko konpromisoa hartuko dugu eta lantokien jarduera industriala mantentzeko dei egiten diogu enpresari, beraien etorkizuna bermatze aldera. Halaber, Eusko Jaurlaritzari eta bertako instituzioei ere, Foru Aldundia eta Udala, Gasteizko instalazioen eta haien lanpostuen etorkizunaren alde egin dezatela deialdia egin nahi diegu, honek aeronautika bezalako sektore estrategikoan enpresak babestea suposatzen duelako. Gainera, balio gehigarria inplikatzen duen etorkizun handiko aktibitatea da eta lanpostu zuzenak zein zeharkakoak sortzen ditu.
Horren harira, ez dugu onartuko neurri traumatikorik, ezta instalazioak ixtea ere. Enpresaren zuzendaritzak badaki langileak kaleratu aurretik, beste neurri batzuk har daitezkeela lan karga gutxitzen bada eta are gehiago, aurreikusten badute urte batzuk barru egoerak hobera egingo duela.

Azkenik, uste dugu hemengo lantokiei buruzko negoziazioak HEMEN egin behar direla. Azken finean, hemen lan egiten badugu, hemen erabaki behar dugulako. Beraz, Araban negoziazio mahaia lehenbailehen irekitzea ezinbestekoa ikusten dugu.

Gasteiz, 2012ko urriak 5

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...