Gaur, 2025eko martxoaren 28an, ia bi urte eta erdi luzatu den negoziaketa-prozesu baten ostean, LAB sindikatuak Kutxa Fundazioa eta Kutxagestion Zerbitzuak S.L.U.-ko lehen hitzarmen kolektiboa sinatu du. Hitzarmen kolektibo honi esker, fundazio osoko 63 langileren lan-baldintzak modu esanguratsuan hobetuko dira.
2022ko azaroaren 19an eratu genuen negoziazio-mahaia, esku artean genuen erronkaren zailtasun-mailaz jakitun; izan ere, aldagai ugarik baldintzatu dute prozesua:
1) Kutxa Fundazioa eta Kutxagestion Zerbitzuak S.L.U bi enpresa ezberdin dira eta bataren zein bestearen langileak lan-zentro ugaritan banatuta egon izan dira.
2) Lan-zentro bakoitzean hitzarmen sektorial ezberdinak aplikatu izan dira: nagusiki Gipuzkoako Bulegoen hitzarmen kolektiboa, baina baita Ikuskizun eta Kirol Lokalen Gipuzkoako hitzarmen kolektiboa ere. Biak ala biak hamarkada batetik gora berritu gabe, beraz, bistan da erabat zaharkitutako hitzarmenak zituztela.
3) Langile batzuk ahozko zein idatzizko norbanako akordioak zituzten Fundazioarekin (izan lanaldiari dagokionez, izan soldatei dagokienez, etab.) eta horrek, urteen poderioz, langileen lan-baldintzen arteko arrakala eragin izan du.
Hortaz, eszenatokia konplexua zen, ez zen apustu samurra geurea, baina lortu dugu! Eduki esanguratsuenen artean, ondorengoak aipatu ditzakegu:
> Indarraldia: 2023ko urtarrilaren 1etik 2026ko abenduaren 31era eta ultraaktibitate klausula.
> 2009tik honainoko Gipuzkoako KPIren bilakaera ia-osoaren bermea soldata-tauletan, maila profesional baxuenen urteko soldata 10.000 eurotan handituz, orain arteko soldatak hitzarmenaren sinaduraren bidez bermatu diren soldatekin alderatuz gero.
> 2009tik 2022ra arteko Gipuzkoako KPIren arabera gauzatu ez diren soldata-igoerak bermatzen dituen ordainketa bakarra.
> Soldata-taulen atzeraeraginkortasuna 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera eta, taula horietatik abiatuz, hitzarmenaren indarraldiko urte bakoitzerako Gipuzkoako KPIren araberako soldata-igoerak.
> 2024. urterako, gehienez 1.650 orduko urteko lanaldia eta egindako gehiegizko ordu bakoitzeko dagokion diruzko konpentsazioa eta lanaldi murrizketa hurrengo urteetarako: 2025erako, gehienez, 1645 orduko urteko lanaldia eta 2026rako, gehienez, 1640 orduko urteko lanaldia.
> Onura sozial ugari: mediku kontsultetara joateko lan-denbora mugagabea, izan langilearentzat izan gertuko senideentzat; egoera pertsonal edota familiarrei aurre egiteko laguntza ekonomikoak; astean behin etxetik lana egiteko aukera, …
> Inaplikazio klausula, hitzarmen kolektiboaren aplikazioa bermatzeko.
Eta, guzti hori gutxi balitz, balioan jarri nahi dugu negoziazio-esparru berriaren sorrera: hitzarmen kolektiboarekin, orain artean Fundazioan existitzen ez zen negoziazio-dinamika bat aktibatu dugu, zeinak ahalbidetuko duen aurrerantzean ere langileon lan-baldintzak urtez urte berritzen joan ahal izatea.
Funtsean, bidea zaila izan da, baina emaitza mundiala. Eta noski, langileon konpromisoa eta LABeko delegatuon inplikazio amaitezina, beste behin, arrakastarako gakoa. LAB sindikatuan argi dugu, kolektibotik eta kolektiboarentzat lanean jarraituko dugu.