2025-03-18
HomeEkintza SindikalaBorrokan jarraituko dugu Tubacex-en lanpostu guztiak bermatu arte

Borrokan jarraituko dugu Tubacex-en lanpostu guztiak bermatu arte

129 langileren kaleratzeak baliogabetzat jo dituzten EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak oso garaipen garrantzitsua dira. Epaiak hasieratik enpresa batzordeak, plantillak, Aiaraldeko eskualdeak eta jendarteak esandakoa babesten du; Tubacex-en ez dago inor soberan. Ez dago inolako arrazoirik langile bakar bat ere kaleratzeko. Argi geratu da Tubacex-eko Zuzendaritzaren arrazoi bakarra zekenkeria dela, langileekiko gutxiespena, langileak erabili eta botatzeko clinex gisa erabil ditzakeela uste izatea.

Tubacex-eko zuzendaritzak publikoki iragarri du helegitea jarriko duela eta horrek esan nahi du aurrera jarraitzen duela 129 pertsona kaleratzeko asmoarekin. Madrilgo auzitegi batean bilatuko du hemen lortu ez duena. Hori dela eta, LABetik diogu lanpostu guztiak bermatzeko bide bakarra borrokan jarraitzea dela, zuzendaritzak bere asmoak bertan behera utzi arte, kaleratuak berriz onartu arte eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiei jarritako errekurtsoa bertan behera utzi arte.

Gaur, Tubacex-eko langileok 148 egun bete ditugu greban, 3.552 ordu borrokan. 148 egun. Goizeko 5: 00etan elkartu egin gara eta gu guztiongan nekea eta tentsioa ikusi dugu, baina 148 egun horietan langileria indartu egin da, eta ez genuen bakarka pentsatu, kolektiboan baizik, helburu bakar bat bilatuz: lanpostu guztiak eta gure lan-baldintzak defendatzea.

148 egun, non indibidualismoaren gainetik klase-kontzientziak irabazi duen. 148 egun hauetan ez gara bakarrik egon. Aiaraldeko eskualde osoa lagun izan dugu gure borrokan eta bere egin du etorkizun duina eta lan eta bizi baldintza duinak dituen eskualde baten defentsan. Borrokan ari diren enpresen artean aliantzak sortu ditugu; izan ere, patronalak beste erremediorik uzten ez digunean, argi utzi dugu langileok borrokarako prest gaudela eta borroka horrek muga guztiak gainditu dituela. Duintasunak zekenkeriari irabazi dio.

Borroka horrek guztiak gaurdaino ekarri gaitu, Justizia Auzitegi Nagusiaren epaietaraino, eta epai horiek gure helburutik (0 kaleratzeak eta 0 murrizketa) askoz hurbilago egotera garamatzate, baina azken garaipena falta zaigu; izan ere, Tubacex-eko langile guztiok elkarrekin sartuko gara gure lanpostuetara, bat eginda eta batuta, orain arte bezala. Tubacex-eko zuzendaritzak amore eman behar du kaleratzeko ahaleginean, eta hori orain arte egin dugun bezala borrokatuz baino ez dugu lortuko.

LABetik argi daukagu, eta horregatik eskatzen diogu Tubacex-eko zuzendaritzari kaleratutako pertsona guztiak berriz onartzeko eta epaiei jarritako errekurtsoa kentzeko. Bere esku dago gatazkari amaiera ipintzea.

Era berean, Eusko Jaurlaritzari eta, zehazki, Arantza Tapiak zuzentzen duen Industria Sailari eta Idoia Mendiak zuzentzen duen Lan Sailari eskatu nahi diegu kaleratutako langile guztiak lanera itzuliko direla bermatzeko. Euskal gizarteak eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak argi hitz egin dute, Tubacex-en ez dago inor soberan. Onartuko al du, beste alde batera begira, Madrilgo auzitegi batek 129 langileren eta haien familien etorkizuna erabakitzea? Onartuko al du Madrilen auzitegi batek eskualde baten etorkizuna erabakitzea? Hau ez al da eskumenen inbasioa? Behin baino gehiagotan entzun dugu Eusko Jaurlaritzari esaten epaiak betetzeko daudela, zer epai? Ugazaben interesen aldekoak? Epai horiek ugazaben interesen aldekoak ez direnean, zergatik eskatzen du Eusko Jaurlaritzak “negoziatzeko”? LABek Eusko Jaurlaritzari eskatzen diona da kaleratutako pertsona guztiak lanera itzuliko direla bermatzea, eta ez ditzala erantzukizunak saihestu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Hezkuntza Departamentuari exijitu dio berma ditzala erretiro partzialak eta errelebo kontratuak Nafarroako ikastola eta itunpeko ikastetxeetan

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean Hezkuntza Departamentuari exijitzeko Nafarroa Garaiko ikastoletan eta itunpeko ikastetxeetan errelebo kontratuak eta erretiro partzialak berma ditzan, murrizketarik egin gabe. Baliteke-eta hemendik aurrera Hezkuntza Departamentuak 2024ko irailean sinatutako Itunpeko eta Ikastoletako Irakaskuntzaren Akordioa baliatzea erretiro partzialak eta errelebo kontratuak ez finantzatzeko bidea hartzeko.

Nafarroako Enplegu Planak lan istripuak betikotzea dakar

34 urteko langilea hil da makina batek harrapatuta Buñuelen, Nafarroan. Iaz Nafarroak zifra errekorrak uzi zituen lan istriputan 26 hildakorekin, eta aurten dagoeneko 11 hildako eragin ditu patronalaren inpunitateak.

Arrazakeriaren kontra kalera ateratzeko deia egiten du LABek

Ostiral honetan, martxoaren 21a, Arraza-bereizkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna da. Erregimen arrazista kolonial batean bizi gara, Euskal Herrian modu askotan betikotzen eta sakontzen dena.