2024-12-22
HomeZerbitzu PublikoakUdal eta Foru AdministrazioaLAB sindikatuak Bizkaiko Aldundiari eskatu dio egoeraren larritasunari aurre egiteko neurriak hartzeko

LAB sindikatuak Bizkaiko Aldundiari eskatu dio egoeraren larritasunari aurre egiteko neurriak hartzeko

LAB sindikatua Bizkaiko Aldundiarekin batzartu da gaur. Bileran, gaur egun bizi dugun egoeraren larritasuna agerian utzi eta egoera sozial larria iraultzeko neurriak hartzeko eskatu dio sindikatuak.

LAB sindikatuak kezkaz aztertzen du Bizkaiko egoera. Gure sindikatuaren eguneroko jardueran, Bizkaian dagoen errealitate sozialaz jabetzen gara. Urte hauetan emandako prekarietate eta pobrezia prozesuak desberdintasun sozialen areagotzea ekarri du eta prekarietate soziala gure jendartean asko zabaldu da, adierazleek (Eustat, eragile sozial desberdinak..) azaltzen duten moduan.

Zentzu horretan, eskuetan ditugun datuen arabera, alarma gorriak piztuta daude eta, sindikatu honen aburuz, Bizkaiko Aldundian orain arte sustatutako politikak ez dio arazoren larritasunari tamainako erantzuna eman.

Hiru dira LABetik azpimarratu nahi ditugun ideiak:

1- Enpleguari dagokionez, egoera oso kezkagarria da. Alde batetik, langabeziaren tasa altua, % 17aren inguruan. Bereziki larritzen gaituzte Bilbo, Ezkerraldea edota Enkarterriko eskualdeek, horietan langabezia tasa %20tik gorakoa baita.

Egia bada ere azken hilabeteetan enplegua sortzen ari dela, sortzen dena oso prekarioa da. Joera hau mantentzen bada, lana izan ala ez, pobreziak eta prekarietateak iraun egingo dute. Aldi baterako kontratuak, kontratu partzialak edo soldata baxuetan (gogoratu behar da duela gutxi Urkullu Jaunak adierazi zuela 800-1000 euroko soldatak ez direla duinak) oinarritutako enplegu politikek ez dute balio pobrezia eta prekarietatearekin bukatzeko. Beraz, kasu askotan ez da nahikoa lana izatea bizitza duin bat aurrera eraman ahal izateko; bazterketa poltsa bat sortzen ari da lan prekarioa duten langileen artean ere.

2- Egoera hau are larriagoa da epe luzeko langabeen kasuan: Europako tasa handienetakoa da. Egoera onartezina eta jasanezina da. Horrek hiru ondorio ditu:

• Makina bat langile dugu orain babes ekonomikorik gabe eta etorkizunean pentsio duin bat lortzeko inolako aukerarik gabe.
• Diru sarrerak bermatzeko errenten eskariak gora egiten du. Hala ere, errenta horrek babes ahula ematen du, ez baitu laguntzen pobrezia larria gainditzen, estatistikek agertzen duten bezala (2008tik 2014ra pobrezia hazi baino ez da egin, % 6,4 Eustaten arabera).
• Eta gainera kontuan hartu behar da badela babesik gabeko jendea, erroldaren baldintza gogorrak direla eta.

3 – Azken urteetan, nahiz eta egoerak eta beharrak areagotu, gastu soziala ez da proportzio berean igo, eta horrek ekarri du zerbitzu eta prestazio sozialen azpigarapena, kuantitatiboa eta kualitatiboa.

Esan bezala, LAB sindikatuan argi dugu orain arteko politikek bere mugak eta ezintasunak agertu dituztela egoera sozial larria iraultzeko. Horregatik, Bizkaiko Aldundiari neurriak hartzea eskatzen diogu:

a) Aldundia eragile aktiboa izan behar da kalitatezko enplegua sortu, sustatu eta banatzeko orduan. Neurri zehatzak aldarrikatzen dizkiogu: klausula sozialen sustatzaile izan dadila, hitzarmenen ultraaktibitatea defendatu dezala, behin behinekotasuna mugatu, langileen osasuna zaindu eta berdintasuna bermatu…

b) Bizkaian sortzen den aberastasuna era justu eta solidario batean banatzea beharrezko ikusten dugu. Horretarako, egungo eredu fiskala progresiboagoa bihurtzea eskatzen dugu, gehien dutenek gehien ordaintzeko.

Zentzu berean, 2016rako aurrekontuetan gastu soziala handitzea eskatzen dugu. Horrela, gizarte zerbitzuetan eta dependentzia alorrean egindako murrizketei aurre egin behar zaie, Bizkaiko jendeak behar eta merezi dituen zerbitzuak eskainiz.

d) Bukatzeko, eta LABkin bildu dena berdintasuna barnebiltzen duen Departamendua izanik, eta kontuan edukita, pobreziaren eta prekarietatearen aurpegirik larriena emakumearena dela, berdintasunaren inguruko araudi forala egitea proposatzen diogu Bizkaiko Aldundiari. Besteak beste, behar dira neurriak har ditzan, pertsona guztien zaintza bermatzeko duintasunez eta unibertsaltasunez beti ere, genero zapalkuntza eta ezberdintasunak gainditze aldera.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...