2024-12-22
HomeEkintza SindikalaLAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuok mahai sektorialera joateko eskatu...

LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuok mahai sektorialera joateko eskatu diogu Sagardui Osasun sailburuari

Gaur, eskaera formal bat erregistratu dugu sailburuari eskatzeko Mahai Sektorialeko hurrengo bilerara joan dadila eta erantzun diezaiola pasa den abenduaren 7an egindako bileran egin zizkioten planteamenduei, baita bi greba-egun deitzea eragin duten
aldarrikapenei ere.

LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuok behin eta berriz salatu dugu Mahai Sektoriala erabat blokeatuta dagoela. Azpimarratu behar da, beste behin ere, Osakidetzak izapide huts bihurtu duela foro hori alde bakarreko erabakiak hartzeko: bilerak deitzen ditu, gaiak Mahai Sektorialetik pasatzeko lege-izapidea betetzeko helburu bakarrarekin, alde bakarreko erabakiak hartzen jarraitu ahal izateko. Sindikatuek planteatutako gaiak tratatzeari eta negoziatzeari uko egiten dio sistematikoki.

Langileen ordezkaritza dugunok denbora asko daramagu Euskal Administrazio Publikoko erakunde handienean aitortzarik izan gabe, eta entzunaldia, informazioa eta negoziazio kolektiboa izateko dauzkagun eskubideak errespetatu gabe; eskubideak oinarrizko araudiak eta instantzia goreneko auzitegiek onartzen dituztenak.

Egoera honen aurrean, sindikatuek eskatuta, abenduaren 7an bilera bat izan genuen Osasun Sailarekin. Harrezkero, Osakidetzako Zuzendaritzak behin baino gehiagotan adierazi du orduan planteatutako hainbat gai sailburuaren esku daudela oraindik.

Bilera horretan, sindikatuok gure ezinegona adierazi genuen Osakidetza gurekin erlazionatzen ari den moduagatik, bere erabakien aldebakartasunagatik eta langileen lan-baldintzen murrizketagatik. Era berean, detektatuta ditugun arazoak eta gabeziak jakinarazi genizkion, planteatuta dauzkagun aldarrikapenak eta Mahai Sektorialeko bileretara ez joatea justifikatzen dutenak. Bilera horretan hitz eman zuen sailburuak aztertuko zituela eta erantzuna emango ziela.

Hilabete hauetan egoera ez da aldatu, eta, beraz, bi greba-egun deitu behar izan ditugu sindikatuok maiatzaren 18rako eta 19rako. Sailburuaren azken adierazpenetan negoziaziorako eta elkarrizketarako prest dagoela adierazi du. Erabakiak hartzeko boterea bere eskuetan dagoenez, LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuok eskaera formal bat erregistratu dugu gaur, sailburuari hurrengo Mahai Sektorialera joan dadila eskatzeko, negoziazio kolektiboari berriro ekiteko, egoera bideratzeko eta irekitako gatazkari irtenbidea emateko.

Ezinbestekoa da sailburuaren parte-hartze horrek bilerari edukia emateko balio izatea. Alferrik izango litzateke bere parte hartzea, forma zaharrak alde batera uzten ez badira. Horregatik, sindikatuok eskatu dugu bilera horretan honako eduki hauek jorratzeko: %4ko osagarria parekatzea; Lanbide Garapena: 2022ko deialdia eta ebaluazio-eredu berria; greba-deialdia eragiten duten aldarrikapenak (besteak beste, hauteskunde esparru berriak).

Gure osasun publikoaren arazoak egiturazkoak eta pandemiaren aurrekoak dira, eta berehalako konponbide sakonak behar dituzte. Osakidetzari eta Osasun Sailari borondate politikoa eskatzen diegu, propagandaz gain, osasun publikoa benetako lehentasun bihurtzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...