2024-12-22
HomeEkintza SindikalaLAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok manifestazioa deitu dugu Basurtuko bihotzeko...

LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok manifestazioa deitu dugu Basurtuko bihotzeko kirurgiaren itxieraren aurka

Epaitegiak emandako azken Autoak argi eta garbi islatzen ditu sindikatuok behin eta berriz salatu ditugun gaiak: negoziaziorik eza, helburu pribatizatzailea, aurrezteko irizpideak eta pazienteentzako zerbitzuaren kalitatearen murrizketa.

Basurtuko Ospitaleko bihotzeko kirurgiaren itxiera, zalantzarik gabe, Osakidetzaren jarrera inposatzailearen adibide argia da. Guztien aurka hartutako erabakia da: langileen, sindikatuon eta herritarren aurka. Azken kate-maila justiziarena izan da: kautelaz bertan behera utzi du itxiera Osasun Sailaren jarrera gogor gaitzesten duen Auto batean. Osakidetzak dagoeneko iragarri du Auto horren aurkako helegitea aurkeztuko duela, guztien aurka hartutako erabakia betearazteko.

Testuinguru horretan, gaurkotasun osoa dute Sagardui Sailburuak pasa den ekainean bota zituen hitzek. Bertan, kultura-aldaketa sustatzeko beharra defendatu zuen. Hitz horien atzean dagoena da lan-baldintzen prekarizazioa eta herritarrei eskaintzen zaien osasun-arretaren murrizketa. Egindako planteamenduak Basurtuko Ospitaleko bihotzeko kirurgia ixtea bezalako neurriak aurreikusten zituen. Sagarduik eufemismo bat erabili zuen eta ospitaleetako espezializazioaz hitz egin zuen.

Osasun Sailaren asmoa da EAEko ospitale bakar batean eskaintzea arreta, pazienteak modu sistematikoan joan behar izan daitezen ospitale horretara eta egungo arreta-eskaintza murriztu dadin, orain eskaintzen dituzten ospitaleetan zerbitzu horiek kenduta. Sailburuak aurreratu zuen Eusko Jaurlaritzak badakiela neurri horien aurka egingo dela, Basurtun gertatzen ari den bezala, baina edozein modutan eramango dituztela aurrera. Hona hemen horren adibidea.

Epaitegiaren Autoak itxieraren kautelazko etendura ezartzen du, eta garbi isladatzen ditu sindikatuok behin eta berriz salatu ditugun gaiak:

  • Negoziaziorik eza: ebazpen judizialak adierazten du Osakidetzak alde bakarreko erabakiak hartu dituela, erabaki arbitrarioak, bere borondatearen arabera. Hain zuzen ere, jarrera inposatzaile horrek eraman gaitu, behin baino gehiagotan, Osasuneko Mahai Sektorialetik altxatzera.
  • Pribatizazioa: Basurtuko bihotzeko kirurgiaren itxierak atea irekitzen dio osasungintza pribatuari. Gogora dezagun Araban eta Gipuzkoan zerbitzu hori osasun pribatuarekin azpikontratatzen dela. Orain, Bizkaian dauden bi zerbitzuetako bat itxiko da, eta horrek pribatizazio horretan beste urrats bat ematea dakar.
  • Aurrezteko irizpideak: Osakidetzak irizpide ekonomizistak eta aurreztekoak erabiltzen jarraitzen du osasun-zerbitzu publikoa antolatzeko orduan. Orain planteatzen den murrizketa, zalantzarik gabe, helburu horren ondorio da.
  • Zerbitzuaren kalitatea murriztea: murrizketa horrek zaildu egiten du herritarrek bihotzeko kirurgiako zerbitzua eskura izatea, eta horrek eragin zuzena du herritarren osasunean.

Zerbitzu hori desegitea, zoritxarrez, ez da gertaera isolatua Osakidetzan. Aski ezagunak dira lan-gainkarga sistematikoaren arazoak; kolapso egoerak zerbitzu jakin batzuetan; behin-behinekotasun tasa altuak; plantilla exkaxa; eta abar. Arazo horiek bereziki larriak dira Lehen Arretan eta ospitaleko larrialdietan. Baina ez gaude fenomeno meteorologiko baten aurrean, baizik eta azken urteetan aplikatutako erabaki politikoen eta murrizketen ondorio zuzenaren aurrean.


Basurtuko Ospitaleko adibidearekin jarraituz, behin eta berriz salatu izan dugu bertako larrialdien ohiko kolapsoa, baina ez dugu ahaztu behar Osakidetzak Deustuko EAGaren ordutegia murriztea erabaki zuela, eta horrek eragin zuzena duela kolapso horretan. Egoera larriaren adibide bat baino ez da hau.


Aipatzekoa da, gainera, itxaron-zerrendak eta denborak gehiengo historikoetan daudela. Sailburuak, duela egun batzuk, egoera hori justifikatzeko pandemia erabili zuen berriro ere. Baina horren errudun bakarra Osakidetza eta bere politikak dira.


LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok Osakidetzari eskatzen diogu ez dezala errekurritu bihotzeko kirurgiaren itxiera eteten duen Autoa, atzera egin dezala hartutako erabakian, eta negoziazioaren bidea berreskura dezala, gure osasun-sistema publikoak pairatzen dituen egiturazko arazo larriei premiaz heltzeko.


Hori guztia aldarrikatzeko, manifestazioa deitu dugu ostiral honetarako, abenduak 02, 17:30ean, Basurtuko ospitaletik abiatuta. Plantillari, herritarrei eta gizarte-eragileei bertan parte hartzeko deia egiten diegu, guztion osasun sistemaren defentsan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...