2024-12-22
HomeEkintza SindikalaLAB pozik agertu da Osasunbideko karrera profesionalak aurrera jarraitzen duelako eta gainkargari...

LAB pozik agertu da Osasunbideko karrera profesionalak aurrera jarraitzen duelako eta gainkargari buruzko taldeak martxan jarri direlako

Aste honetan, LAB sindikatuak eta Osasun Departamentuak sinaturiko akordioaren ondorioz, martxan jarri dira Lehen Arretako eta Arreta Espezializatuko lan gainkargari buruzko lan mahaiak, bai eta oraindik onartua ez duten Osasunbideko langileen karrera profesionala garatzeko mahaia ere. LABek begi onez ikusten du hitzarturikoa betetzen ari dela, eta buru-belarri ari da lanean mahai horietatik atera daitezen Osasunbideko langile guztien lan-baldintzak hobetzeko neurriak.

Aste honetan abiatu dira Osasunbideko Lehen Arretako eta Arreta Espezializatuko lan gainkargari buruzko mahaiak, bilera kronograma bat planteatuta eta prebentzio zerbitzuak egoeraren diagnostikoa eginda. LABen ustez mahai horiek izan behar dute lan baldintzei, langile eskasiari, arrisku psikosozialen igoerari (barneko eta kanpoko erasoak) eta ebazpenik gabe dauden arazo ugariei irtenbidea bilatzeko beharrezko proposamenak egiteko tresna. Ildo horretan, LABek Osasunbideko langile guztiak animatu nahi ditu beren lanpostuen erronkak, arazoak eta konponbideak sindikatuari helaraz diezazkioten, talde horietan landu eta transmititu ahal izateko.

Hasierako eszeptizismoa gorabehera, sindikatu honek jarrera propositiboa eta salaketak egitekoa izanen du, lan talde horiek arazo kronikoei konponbide errealak eman diezazkieten, Osasunbideko langile guztiei mesede eginen dieten proposamen zehatzekin. Halaber, eskatuko du lan talde horiek sorturiko neurriak benetan ezartzea gainkargaren eta/edo funtzionamendu txarraren arazoak detektatu diren zerbitzuetan.

Nabarmentzekoa da Lehen Arretako lan mahaian agertu den arazo orokorra, berehala konpondu behar diren arazo ugari barnebiltzen dituena: nahikoa langilerik ez dagoela, eta badaudela arazoak arreta behar bezala bermatzea uzten ez dutenak, eta horrek okerrerako eragiten diola langileen lan baldintzei, prozesuak behar bezala burutu ahal izateari eta Arreta Espezializatuaren jarduerari.

Karrera profesionalari buruzko legea, “lehenbailehen”

Karrera profesionalari buruzko lan mahaiari dagokionez, aipatzekoa da Osasun Departamentuak asmoa duela legea “lehenbailehen” prestatuta izateko. Administrazioak aurkezturiko proposamenari lehen ekarpenak egin zaizkio gaurgero. LABek Espainiako estatuan dauden karreren azterketa bat egin du, bere plantillaren behar eta errealitateetara egokituko den eta kalitatezko prestakuntza garapena bermatuko duen Osasunbideko karrera profesionala diseinatu ahal izateko.

LAB sindikatuarendako funtsezkoa da karrera profesional honetan Osasunbideko langile batzuk ez diskriminatzea. Hala, eskatu du karrera profesionala aitortzea Osasunbideko langile guzti-guztiei, izan osasun arlokoak ala ez, funtzionarioak ala lan-kontratudunak, den-denak ere baldintza beretan. Gainera, LABek lanbide kategoria guztien aintzatespen profesionalaren aldeko apustua egin du, eta, horregatik, erdi-mailako teknikarien aitortza espezifikoa eskatu du (erizaintzako zainketako teknikari laguntzaileak, farmaziako teknikariak eta osasun larrialdietako teknikariak), Espainiako estatuan gertatzen den bezala.

Karrera profesionalari loturiko prestakuntza ibilbideari dagokionez, LABen ustez, prestakuntza eskubide bat izanik, arlo publikotik antolatu, sustatu eta kudeatu behar da, eta egokia eta adostua izan behar du. Administrazioak errespetatu egin behar du urteko prestakuntza-kreditua, eragozpenik gabe, eta ikastaro enpresa pribatuen eta prestakuntza lobby-en merkatua behingoz bukatu. Era berean, garapen profesionalak izan behar du maila guztietara egokitua, irisgarria eta arina.

LABen argi daukagu lantalde horien garrantzia. Erabakietan profesionalek parte hartzea funtsezkoa izanen da akordioak lortzeko; beraz, uneoro emanen dizuegu horren berri. Lanetik, mobilizaziotik eta irmotasunetik soilik lortzen dira erronkak. Aurrerapen horiek ez ziren posible izanen Administrazioarekin sinaturiko konpromisorik gabe.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...