2024-12-22
HomeEkintza SozialaHelduak eta PentsiodunakLAB: «Euskal Pentsio Sistema beharrezkoa eta bideragarria da»

LAB: «Euskal Pentsio Sistema beharrezkoa eta bideragarria da»

LAB sindikatuak pentsioak espainiar estatuak kontrolatuak eta bahituak dituela eta hauteskunde eztabaidan arma elektoral moduan erabiltzen ari direla salatu du. Beldurra eragiteko erabiltzen dituztela eta, hemen, Euskal Herrian, euskal pentsiodunen pentsio publikoak bermatzeko bestelako eredu baten aldarrikapena isilarazi nahi dutela gaineratu du. LABetik gai honen inguruan benetako eztabaida bat egin behar dela exijitu da eta "Euskal gizarte segurantza sistemaren alde"ko proposamena aurkeztu du.

LABek pentsioen eztabaida serio bati ekiteko aldarrikatzen du eta, horretarako, pentsio sistema bermatzeko proposamena mahai gainean jartzen du

 Euskal gizarte segurantza sistemaren aldeko LABek proposamena

 
Propuesta de LAB por un sistema vasco de seguridad social
EUSKAL GIZARTE SEGURANTZA GUZTIZ BIDERAGARRIA EZ EZIK, EZINBESTEKOA ERE BADA

«PENTSIOEN INGURUKO EZTABAIDA TRANPATIA, HAUTESKUNDE SASOIAN BELDURRA ZABALTZEKO ASMOZ

PSE eta PP pentsioen gaia hauteskunde kanpainan ateratzen ari dira helburu bakar batekin: beldurra zabaltzea. Datu ekonomikoak manipulatzen ari dira, zehaztasunik batere gabe, Euskal Gizarte Segurantza bideragarria ez dela sinestarazteko.

PSE eta PP funtsezko puntu bat ahazten ari dira nahita. Pentsioak ez dira Espainiar Estatuak “oparitzen” duen zerbait. Gaur egun, pentsioak enpresa eta langileon kotizazioekin finantziatzen dira, baita Euskal Herrian ere. Eta Estatuak, Kutxa Bakarraren sistemaren bidez kotizazio horiek bereganatu eta bere irizpide politiko eta ekonomikoen arabera kudeatzen ditu.

Denok dakigu pentsio sistema ez dela kontabilitate ariketa hutsa. Pentsio sistema edozein herrialdetako politika ekonomikoaren funtsezko ardatza da: gobernuek politika publikoetan ezartzen dituzten lehentasunen araberakoak izaten dira pentsioak, eta hazkunde ekonomikoaren ereduaren, bultzatzen diren enplegu politiken eta erabakitzen den politika fiskalaren menpe egoten dira.

Pentsio sistema publikoa arazo politikoa da, beste ezeren gainetik eta beste ezer baino lehenago. Eta hain da handia, ze pentsioen afera hauteskundeak irabazteko, Estatuaren esentzia defendatzeko edota proiektu politiko independentisten kontra egiteko erabiltzen ari baitira. Agian, honengatik esan dute arineketan Patxi Lópezek, Basagoitik edo afiliazio politikoa argi baino argiagoa daukaten zenbait “adituk” pentsioen euskal sistema ez dela bideragarria. Sistemaren balizko bideragarritasunik eza frogatu nahian, datuen joan-etorri lotsagabea ikusten eta entzuten ari gara azken egunotan. Fribolitate honek, petralkeria ez ezik, euskal jendarteari egin nahi zaion iruzurra ere erakusten digu.

Horixe dakar espainar sentitzeak, antza. Euren konstituzioak legitimitatea ematen omen die konstituzio horretan sartzen ez den edozein proiektu politiko, ekonomiko edo soziali zilegitasuna kentzeko.

PENTSIO SISTEMA PUBLIKOA EZ DA KONTABILITATE KONTUA, BAIZIK ETA AFERA POLITIKO ETA SOZIALA

Pentsio sistema publikoa eratzeko arazoa batez ere politikoa dela jakinda ere, edozelan gaurko egunean dauzkagun datu fidagarri bakarrenetako batzuk emango ditugu:

• Kotizazio eta prestazioen inguruko saldoa alde batera zein besterakoa izan da denboran zehar eta, honela, 2000-2009 tartean Gizarte Segurantzaren Kutxa Bakarrera 12.438,27 milioi euro transferitu ditugula esan dezakegu.
• Gizarte Segurantzaren Erreserba Funtsan dauden 60.000 milioietako zati bat euskal enpresa eta langileok ipini dugu; kontzertu-ekomenioaren arabera neurtuz gero, gutxienez %7,28.
• 2004-2009 epeldian, kupo bitartez, 11.700 milioi euro baino gehiago transferitu ditugu Madrilera; bien bitartean, Madrilek Euskal Herrian egin dituen inbertsioak 3.520 milioi eurotakoak izan dira eta, batez ere, Estatuaren konpetentzia diren eremuetan burutu dira hauek.
• Zapateroren Gobernuak azterketa bakarra agindu zion Azterketa Fiskaletako Institutuari: “Las balanzas fiscales de las CCAA españolas con las Administraciones Públicas Centrales”. Hau 2008an argitaratu zen 2005eko datuekin eta Hego Euskal Herriko superabita 1.000 milioi eurotakoa zela adierazi zuen emaitza moduan.

Beste alde batetik, eta gehiago sakondu barik, espekulazio finantziero eta immobiliarioak kontu publikoetan dituen ondorioez bi hitz: eraikuntza faraonikoek, AHTak eta bestelako megaproiektu batzuek, PSOE eta PPko gobernuen iruzur eta itzuli beharrik gabeko diru-laguntzek urtean 3.000 milioi eurotako gainkostua ekartzen digute.

Berriro diogu, euskal pentsio sistema publikoaren inguruan defendatzen duguna Estatuak kudeatzen duen kontabilitatearen gaindikoa da. Ez bakarrik zalantzan jartzen dugulako, horretarako arrazoiak ere bai baititugu, baizik eta hasieran esandakoagatik: ez da kontabilitate kontu bat, gai politiko eta soziala da.

Gaur Espainian egiten dutena ez da gure erreferentzia, ezta euskal ehun produktibo eta sozialak behar duena ere. Guri hobeto edo okerrago joan dakigukenaren inguruan baino, Espainian bertako egoeraz arduratu beharko lukete. Itxura guztien arabera, inon bada pentsio sistema bideragaitzik, hori Espainiakoa izango da, mandatu konstituzional bidez errekurtso guztiak bankaren interesak ordaintzera bideratu baitituzte, behar sozialei, pentsioak kasu, erantzutera bideratu beharrean.

HEMEN ETA ORAIN GURE PENTSIOAK BERMATZEKO PROPOSAMENA

Besteren artean, euskal gehiengoen arabera sistemaren araudia eta finantziazioa erabakitzeko eskumen osoa izango duen errenta eta babes sozialerako eredu integral bat aldarrikatzen eta proposatzen dugu.

Gizarte Segurantzako Euskal Sistema Publiko bat, zeinak oinarri izango duen:

• Kalitatezko enplegu osoko politika.
• Ordainsariak nabarmen hobetu eta enplegu egonkortasuna bermatzea.
• Kalitatezko gizarte zerbitzu publikoen garapena.
• Bizitza laboral eta pertsonalaren kontziliaziora bideratutako politikak indartzea
• Ezkutuko ekonomia azaleratzea.
• Politika fiskal justu eta progresiboa.

Hemen eta orain gure pentsioak bermatzea:

• Berme-funts bat sortuz, euskal enpresa eta langileen kontribuzioekin eta Estatuko Gizarte Segurantzako Erreserba Fondotik dagokion zatiarekin finantziatua. Horri gehitu behar zaizkio bere bideragarritasuna bermatzeko behar diren ekarpen fiskalak.
• Pentsio pribatuen planei eta funtsei dagozkien hobari fiskalak ezabatu.
• Pentsio publikoetan gastu publikoa gehitzea BPGtik 4 puntu behera dagoena, EBko batazbestekoaren azpitik.

Horregatik guztiagatik, dei egiten diogu Gasteizko Gobernu berriari eta Parlamentuari hemen aipatutako ezaugarrien araberako eztabaida egin dadin; eztabaida egiteko behar eta eskari hori bera alderdi politikoei eta Nafarroako Parlamentuari ere luzatzen diegu. Euskal erakundeei eskatzen diegu beharrezkoa diren iniziatiba guztiak abian jar ditzatela gure pentsio publikoak hemen eta orain bermatu ahal izateko.

Euskal Herrian, 2012ko urriaren 12an»

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...