2024-12-19
HomeIrakaskuntzaHaur EskolakLAB eta STEE-EILASek Haurreskolak publikoak eta doakoak izan daitezen lanketari ekingo diote

LAB eta STEE-EILASek Haurreskolak publikoak eta doakoak izan daitezen lanketari ekingo diote

LAB eta STEE-EILAS sindikatuen Haurreskolak Partzuergoa benetan publikoa eta doakoa izateko, behar den finantziazioaz, zikloaren aitortzaz eta proiektu hoenkk behar duen hedapenaren inguruko lanketari ekingo diotela iragarri dute gaur. Bide batez, gaurtik eta maiatzaren 14 bitarte matrikulazio epea zabalik izango dela jakinarazi dute.

LAB eta STEE-EILAS sindikatuen prentsaurrekoaren edukiak

Datorren ikasturterako Haurreskolak Partzuergoko zentroetan matrikulazio epea gaurtik maiatzaren 14 arte zabaltzen denaren harira, LAB eta STEE-EILAS sindikatuetako Haurreskolak Partzuergoko langileen ordezkari eta bertako hezitzaile garen heinean, matrikulazio epea zabalik dela jendarteratzeko eta 0-2 zikloaren garrantzia azpimarratu nahi dugu eta baita gure haur eskolak ezagutzera animatu.

Haurreskolak Partzuergoa orain 10 urte sortu zen, Eusko Jaurlaritza eta udaletxeen arteko hitzarmenaren ondorioz. Helburua argia zen: 3 urtetik beherakoen asistentzia eta hezkuntza-arreta ziurtatzea, lana eta familia uztartzeko bitarteko izatea eta haurraren heziketa eta garapen integrala bermatzea.

Proiektua pixkanaka handituz joan da eta 2003ko abenduan 31 haur eskolekin hasi baginen ere, egun EAEko 176 udalerritan daude eta 230 haur eskola izatera iritsi gara, bertan 1.200 hezitzaile ari gara lanean. Hamar urteko ibilbide oparo honetan 35.000 haur inguru egon dira haur eskoletan eta datorren ikasturteari begira 8.200 plaza eskainiko dira.

Haurreskolak Partzuergoak oinarrizko Hezkuntza proiektu propioa izanik haur eskola bakoitzak bere lan ildoak eta jarduerak aurrera eramaten ditu. Horretarako formazio saioak jasotzen ditugu eta urtero formakuntzaren bitartez hezkuntza proiektua elikatzen dugu, esku hartze koherentea izatea ahalbideratzen duena. Familiekin harreman estua dugu eta gure esku hartzeen berri emateko eguneroko harremanean zein bitarteko ezberdinak jarriaz ere egiten dugu.

Bertan lan egiten dugun langilekok kualifikazio profesionala haur hezkuntzako irakaslea, haur hezkuntzako gradua, haur hezkuntzako goi-mailako teknikari titulua edota haurtzaindegiko teknikari espezialista titulua izatea beharrezkoa zaigu. Bestalde guztiok dugu administrazioan lan egiteko beharrezkoa den EGA edo baliokidea den titulazioa.

0-3 urte bitarteko umeentzako osatua dagoen dekretuan agertzen diren ratioak hobetzen ditugu. Sindikatuen aldarrikapena izan da betidanik gela bakoitzean bi hezitzaile egon behar direla une oro, eta hori lortzeko lanean segitzen badugu ere, gaur egun, dekretua hobetzeak haurren ongi izatea bermatzea eta hezitzaileok burutzen ditugun jarduerak eta betebeharrak aurrera eramatea errazten du. Haurren eskubideak bermatze aldera gehienez 8 orduko egonaldia baimentzen da.

Zerbitzu publikoa den heinean, hezkuntzako ziklo hau doakoa izatea eskatzen diogu Haurreskolak Partzuergoari, Eusko Jaurlaritza eta Lege Biltzarkideei. Doakotasunaren bide horretan egun familiek ordaintzen duten kuota berraztertzea eskatzen dugu eta euren diru sarrerekin bat etortzen den sistema egokitzea eskatzen dugu. Finantziazio sistema egokiagoa bilatuz.

Honez gain, Hezkuntza eskubide unibertsala den heinean beharra dagoen zonaldetan eskaintza zabaltzea egokia litzateke. Landa eremuko haur eskolek herriei ematen dieten zerbitzu eta bizitza kontuan izanik, haur eskola txikiak babesten segitu behar da.

Beraz, Haurreskolak Partzuergoan, LAB eta STEE-EILAS sindikatuok, Proiektu hau, benetan, publikoa eta doakoa izateko, behar den FINANZIAZIOAz, zikloaren AITORTZAz eta PROIEKTU HONEK BEHAR DUEN HEDAPENAren inguruko lanketari ekingo diogu. Lehendabizi, Gasteizko Talde Parlamentarioekin bilkurak burutuko ditugu, talde bakoitzaren jarrera eta planteamendua zein den jakiteko.

Amaitzeko azpimarratu nahi dugu, matrikulazio epea 2014ko maiatzaren 5etik 14arte zabalik dagoela, eta Haurreskolak Partzuergoan hasteko lehen eguna irailaren 4a izango da. Gure aldetik familia orori gonbita luzatu nahi diogu beren auzo, herri edo zonaldeko Haurreskolak Partzuergoko proiektu eta zentro zein hezitzaileak ezagutzera gerturatzea. Haurreskoletan antolatzen diren ate irekietako jardunaldietara joanaz edo bertara gerturatuaz, gustura hartuko zaituztegu gure proiektuan.

EAEn eskaintzen den proiektua hau denon artean publikoa, hezitzailea, unibertsala, euskalduna, laikoa eta kalitatekoa izatea lortuko dugu. Ezaugarri hauekin bat egiten dugu bertako langileok eta horretan dihardugu egunerokoan.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Madrilen sinatu duten erretiro partzialaren akordioa antzua da eta euskal langileoi negoziazio kolektiboa bahitzen digu

Gaur Madrilen bildu da Espainiako Estatuko Administrazio Publikoen Mahai Orokorra, zeinean LABen parte hartzeko eskubidea lehen aldiz onartu den.

EAEko Hezkuntza Saileko lan legepeko irakasle eta hezitzaileen hitzarmen berria lortu dugu

Hamaika borroka eta 20 urte luzeren ondoren, heziketa bereziko hezitzaileon aitortzarako eta lan baldintzak hobetzeko aurrerapausoak dituen hitzarmena lortu du LABek.

Jaiak guztiontzat dira, eskubideak ere bai!

LABeko etxeko langileen atal sindikala eta Hego Euskal Herriko Etxeko eta Zaintzako Langileen Kolektiboak kanpaina bat egin ari dira sektore horretako langileen eskubideak aldarrikatzeko Gabonetako eta urte berriko jaietan; izan ere, uste dute egun horietan areagotu egiten direla lanaldietako abusuak eta jaiegunetako atsedenerako eskubideak ez errespetatzea.