2024-12-23
HomeEkintza PolitikoaEuskal HerriaLAB eta ELAk estatus politiko berri bat aldarrikatu dugu Gasteizko Legebiltzarrean

LAB eta ELAk estatus politiko berri bat aldarrikatu dugu Gasteizko Legebiltzarrean

LAB eta ELAk sindikatuok agerraldia egin dugu Eusko Legebiltzarrean eratutako Autogobernu Batzordean. Bertan, idazkari nagusiek bi sindikatuek autogobernuaren inguruan egiten dugun irakurketa bateratuaren berri eman dute.

Gogoeta partekatu dugu, ondokoa planteatuz:

– Politikak gehiengo sozialaren zerbitzura jartzeko exijentzia. Nabarmena den gauza da EAEko alderdi sistemikoak (PNV, PSE, PP) botere ekonomikoaren zerbitzura jarri direla. Muñozek eta Aranburuk beste eredu ekonomiko eta sozial bati bide ematea eskatu dute, ezartzen ari diren politiken erabateko norabide aldaketa ekarriko duena.

–  Euskal instituzioen konpetentzia propioak (zerga-politika edo aurrekontu politika kasu) gaur nagusi den botere ekonomikoaren zerbitzura jarri izanaren salaketa. Kontzertu Ekonomikoa Autogobernuaren adierazle nagusi bihurtu bada ere, enpresen eta kapitalaren errenten mesedetan erabiltzen da.

–  Langile klasearen lan baldintzak eta baldintza sozialak hobetzeko helburua duten erabakiak hartzeko konpetentzia falta. Lan erreformen zein negoziazio kolektiboaren eta pentsioen erreformen etengabeko prozesu baten ondorioak nozitzen ari gara, prekarietatea eta pobrezia zabaltzea helburu duena. Erreforma horiek Estatu espainiarraren eremuan erabakitzen dira, funtsezko gaien inguruan gure erabaki propioak, baita esparru sozio-ekonomikoarekin zer ikusia duten beste hainbat erabaki ere, gure herrian hartzeko dugun burujabetza eza agerian utziz.

–  Hemen gobernatzen dutenen estrategiaren parte da inposaketa horiei hor egonik ere Estatuari aurre ez egitea eta erabakigunea gure eragiteko gaitasun eremutik aldentzea onartzea, murrizketa neurri horiekin ezartzen zaigun eredu neoliberal eta antisozial bera partekatzen baitute.
 

Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian ELA eta LAB bat etorri dira euskal instituzioen borondate falta salatzerakoan, lan arloko politikak eta gizarte politikak gure eremuan har daitezen defendatzeko orduan, baita Estatu espainiarrean ematen ari den inboluzio zentralizatzaileari aurre egiterakoan ere. 

Beste behin ere ELAk eta LABek berretsiriko ondorioa izan da ez daudela baldintza politikoak espainiar Estatuarekin aldebiko harremana posible denik defendatzen jarraitzeko. Aldebikotasun posible bakarra dago, Gobernu espainiarraren une bakoitzean hartzen dituen erabakiak onartzea, defizit publikoarekin gertatu den bezala. Hor dugu ere Kupoaren gaineko akordioa, beste adibide bat, zeinak erakusten digun “aitortutako” eskubideak trukerako txanpon gisa erabiltzen direla, espainiar Gobernuak etekinak ateratzen jarrai dezan, murrizketen bidetik jarraitzen duten aurrekontu antisozialekin gertatu bezala.

Hain zuzen ere, aldebikotasuna ezinezkoa dela ikusita, ziurtasun horretatik abiatuta du Catalunyako prozesuak atzean duen bulkada soziala. ELAk eta LABek gure elkartasuna adierazten dugu Catalunyako prozesuarekin, espainiar Estatuaren aldetik jasotzen ari den jazarpen eta xantaiaren aurrean, azken horrek kosta ahala kosta eragotzi nahi baitu Catalunyako herriak bere etorkizuna erabakitzea.

Erabakigarriak diren gaien inguruan erabakitzeko burujabetza ezaren aurrean, ELAk eta LABek:

–  Diogu langileen ikuspuntutik ez dagoela autogobernuaz hitz egiterik oinarrizko gaietan erabakitzeko ahalmenik gabe, izan lan harremanak, izan babes soziala. Autonomia Estatutua, bere sorreratik, egiturazko defizit horrekin jaio zen. Horregatik, berau gainditzeko beharra aldarrikatzen dugu; erreforma huts bat ez da nahikoa, horrela izatekotan langileok osatutako gehiengo sozialari iruzur berri bat egitea izango bailitzateke.
–  Esparru soziolaboral eta sozioekonomikoan erabateko konpetentzia legegileak izango dituen estatus politikoa ezinbestekoa dela deritzogu. Modu horretan gure eredu laboral eta soziala erabakitzeko eskubide osoa izango genuke, edo erabateko ahalmena zerga politika, politika ekonomiko eta soziala erabakitzeko. Hala, posible litzateke Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua, baita hemen bizi diren pertsona guztien bizi eta lan baldintzak hobetzea helburu lukeen Eremu Sozioekonomiko bat definitzea ere. 

–  Politikak goitik behera aldatzea oinarri duen burujabetza prozesu batekiko gure konpromisoa adierazi nahi dugu, gehiengo sozialaren zerbitzura jarriz eredu ekonomiko eta soziala aldatzera bideratua egongo den burujabetza prozesu bat. Prozesu hori bateraezina da Estatu espainiarrarekiko aldebikotasun posiblearen fikzioarekin. Aldebakarreko burujabetza prozesua izan behar du. Halaber, burujabetza prozesu horrek Euskal Herriaren aitortza ahalbidetu behar du, bere marko juridikoa askatasunez erabakitzeko eskubidea duen subjektu politiko gisa. 

–  Dei egiten diogu Legebiltzarrari ezaugarri horiek guztiak barnebilduko dituen prozesu bat abiatzera, mugimendu sindikal eta sozialen parte hartzea bermatuz eta muga bakarra euskal gizartearen borondatea izanik.

 

 
 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...