2024-12-22
HomeEkintza PolitikoaEuskal HerriaLAB: «Estatua ez dago prest aldaketak ekarriko dituen prozesu demokratiko batean sartzeko»

LAB: «Estatua ez dago prest aldaketak ekarriko dituen prozesu demokratiko batean sartzeko»

LAB sindikatutik irmoki salatu nahi dugu Rafa Diezi, aurretik harekin batera BATERAGUNE auzian epaitutako Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguezen kasuan egin bezala, ezarritako zigorra berresteko Epaitegi Konstituzionalak hartu duen erabakia.

Eskandalu hutsa da Bateragune auziaren inguruan espainiar botere judizialak eman duen azken epaia; erabaki honek, eta aurretik eman izan direnek, ez lukete tokirik botere banaketaren gutxieneko nozio bat duen estatu batean. Espainiar auzitegiek beren aurpegirik zekenenarekin kudeatu dute auzia, hartutako erabaki bakoitzarekin berretsiz Espainiar Estatuan botere banaketa hutsaren ondokoa dela. Bateraguneren sustatzaileak espetxeratzearen bosgarren urteurrenarekin batera ezagutarazi dute epaia; askatasuna bahiturik eta eskubide zibil eta politikoak urraturik izan dituzte denbora honetan guztian.

Espainiako botere judizialean ez dago justiziarik. Auzitegiak Madrilgo Gobernuak kudeatutako ordainleku politikoak dira, botere exekutiboren morrontza lanetan dihardutenak. Euskal Herrian gatazka politikoa gainditzeko bost lagun hauek jokatutako papera eta egindako ekarpena kontuan hartuta, are larriagoa da zigorra. Aski ezaguna dugu Diez, Otegi, Jacinto, Zabaleta, eta Rodriguezek bake eta konponbide prozesuak aurrera egin dezan bete duten papera. Haiek espetxean mantentzean mendekuzko politikaren emaitza ankerra dela, probokazio hutsa, eta iseka, euskal gizartearen inteligentzia kolektiboari.

Estatua ez dago prest aldaketak ekarriko dituen prozesu demokratiko batean sartzeko. Neurririk zitalenekin, egun hauetan ikusten ari garen moduan, euskal herritarren aurkako epaiketa politikoak abiaraziz, eskubide zibil eta politikoen kontrako erasoaldian jarraitzen du.

Euskal eragile politiko, sozial eta sindikalon eskutik eta euskal jendartearen mobilizazioarekin lortu behar dugu, eta lortuko dugu, bake prozesuan aurrera egitea. Beraz, epaia salatzearekin batera deia bat ere egin nahi dugu LABetik: datorren urriaren 11rako Elgoibarren deitu den manifestazioan parte hartzeko deia egiten diegu langile eta herritar guztiei.

Bateragune auzian zigortutako bost lagunak baldintzarik gabe lehenbaileen aske uztea eskatzen dugu LABetik. Rafa Diezi, Arnaldo Otegiri, Sonia Jacintori, Miren Zabaletari, Arkaitz Rodriguezi, eta haien senitarteko guztiei, gure babesa eta elkartasunik beroena helarazi nahi diegu.

Donostian, 2014ko irailaren 27an
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...