2024-12-22
HomeEkintza SindikalaLAB da hauteskundeen epe trinkoan Nafarroa Garaian gehien hazi den sindikatua

LAB da hauteskundeen epe trinkoan Nafarroa Garaian gehien hazi den sindikatua

Iritsi berri diren maiatz amaierako datu ofizialek argi adierazi dute LAB dela Nafarroa Garaiko hauteskunde sindikalen epe trinkoan gehien hazi den sindikatua. 2022ko abuztuaren 31tik 2023ko maiatzaren 30era Nafarroako ordezkaritza sindikalaren %45 berritu da. Bederatzi hilabete erabakior horietan, CCOO eta bereziki UGT jaitsi eta ELA mantendu den bitartean, LABek puntu erdia irabazi du.


2022 abuztuak 312023 maiatzak 30Aldea
ordezkariak%ordezkariak%ordezkariak%
LAB111517,17117617,69+ 61+ 0,52
ELA150323,14154023,16+ 37+ 0,02
CCOO155823,99158823,89+ 30– 0,10
UGT158924,46161224,25+ 23– 0,21

LABek oso emaitza onak lortu ditu hainbat eremutan. Sindikatu indartsuena da Foru Administrazioan (lehen indarra berretsi eta ordezkaritza zabalduz, 77 delegaturaino), Nafarroako Unibertsitate Publikoan, udal eremuan, Esku-hartze Sozialean (gehiengo osoa), ikastoletan (kasik ordezkaritza osoa), adinekoen egoitza askotan, Torraspapel bezalako industrietan (13 ordezkaritik 10 eskuratu zituen LABek) edota zerbitzu pribatuetako enpresa handiena den Auzolagunen (23 ordezkaritik 15).

Lurraldeka, LAB oso indartsua da Mendialdean, Iruñerrian beste sindikatuen pare dago eta Erdialde-Erriberan ere espazioa irabazten ari da. Ildo horretan, aipagarria da Erdialdeko eta Erriberako enpresa esanguratsuetan sartu dela lehen aldiz; hala nola, Fustiñanako Rios Renovables (lehen indarra), Buñuelgo SAT Yesh Fresh (ordezkaritza osoa) edo Tuterako Piher enpresetan. Eta aipatzekoak dira dira eskualde horretako beste emaitza batzuk ere: Milagroko Gelagri (13tik 6 LABek) eta Vegetales de Navarra (lehen aldiz indar bozkatuena), Sesmako Ingeteam (5 ordezkari) edota Tuterako Torre Monreal (5etik 4 LABek).

Epe trinko honetan izandako emaitzak are garrantzitsuagoak dira azken urteotako garapena kontuan hartuta. 2010ean lehen sindikatuaren (UGT) eta LABen aldea 17,77 puntukoa zen: UGT %30,28, LAB %12,51. Une honetan tartea 6,56 puntukoa besterik ez da: UGT %24,25, LAB %17,69. Erregimenaren parte izan den eredu sindikalaren gainbehera eta LABek ordezkatzen duen kontrabotere sindikalismoaren arrakasta adierazten du datu horrek.

Aintzat hartu beharreko beste datua, honako hau: 2010ean UGT eta CCOOen arteko batura %55,59 zen bitartean, egun %48,14 da. Hau da, bi sindikatu horiek ez dute nafar langileen gehiengoa ordezkatzen eta beraz bi sindikatu horiekin osatutako Elkarrizketa Sozialeko Kontseilua bertan behera geratu beharko litzateke, eta sindikatu guztiak aintzat hartuko dituzten eta lan harremanetarako esparru propioa eratzen lagunduko duten tresna eraginkorrak sortu behar dira. Era berean, Nafarroako Lan Epaitegia bezalako guneak demokratizatu beharra dago, gaur gaurkoz PSN-Geroa Baik ontzat eman baitute CENek eta UGTk LABi ezarritako betoa.

Datu hauek are eta meritu gehiago daukate, kontuan hartuta oraindik Nafarroako hainbat enpresaren kontratazioetan (adibidez, Volkswagen) eta/edo hauteskunde prozesuetan ez dagoela sindikatuen arteko aukera berdintasunik: enpresari askok beste sindikatu batzuen aldeko apustua egiten dute LABen sindikalismo borrokalariari bidea ixten saiatzeko. Zorionez, jarritako oztopoak gainditzen ari da LAB, hala sektore nola eskualde desberdinetan.

Gauzak horrela, oraindik ere LABek hazteko borondatez jarraituko du lanean, kontraboterezko sindikalismo independentista, feminista eta antirrazista Nafarroan ere zabalduz.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...