2024-12-22
HomeEkintza SozialaLAB: “Arazoaren larritasuna ezkutatu nahi digute”

LAB: “Arazoaren larritasuna ezkutatu nahi digute”

Langabeziaren bilakaera adierazten duen soslaia aztertuz, azken sei urtean jasan duen neurrik gabeko gehikuntza baretzen ari dela dirudi. Baina horrek ez du esan nahi ondoa jo dugunik, are gutxiago, agintari batzuk sinestarazi nahi diguten susperraldirako bidean gaudenik ere.

Erregistratzen den langabeziaren murrizketa, neurri handi batean, egoerari loturiko eragileen baitan gertatzen da, non honen ondorioak agortuko diren udara bukatzean eta urtaro horretan sortzen diren enpleguak iraungiko direnean, urtero lez.

Bestalde, enplegua lortzea gero eta zailagoa gertatzen ari den honetan, etsipena hedatzen ari da, batez ere, lan-bazterketa egoera luzatzen ari den honetan. Logikoa denez, honen eraginez benetako langabezia-maila murrizten ari da itxuraz.

Hego Euskal Herriari dagokionez, maiatzean erregistratu den langabezia 7.380 pertsonetan murriztu da iazko urtearekin alderatuta. Hala ere, aldi berean Gizarte Segurantzaren afiliazioa 2.937 pertsonetan bakarrik handitu da, hots, %0,26ko urte-arteko tasan, eta hazkunde urri honen ia-ia %60a autonomoen erregimenean gertatu alta berriei dagokie.

Honez gain, ekonomia-kontu sistema guztiak bat datoz ondorio berean: lanaldi osoan betetzen diren lanpostutan neurtzen den enpleguak murrizten dirau.

Datuek kontraesankorra irudi dezakete, hala ere, guztiz koherenteak dira, sortu den enplegu urria prekarioa delako, aldi batekoa eta maiz, egun-zatikoak gainera.

Bien bitartean, langabezia-babesa izugarri urritzen ari da. Gaur egun, ofizialki langabetutzat jotzen direnen %53ak ez du inolako langabezia laguntzarik jasotzen; horrek esan nahi du 121.107 langabetuk eta hauen senideek arazo ekonomiko latzak bizi dituztela. Iaz, egoera honek langabetuen %47ari eragiten zien.

Langabezia-prestazioetan eman diren murrizketek ere eragiten diote negatiboki onuradunak jasotzen ari diren kopuruari. Azken hamabi hilabeteotan ordaindutakoaren araberako prestazioak, batez beste, %3,6aren eta %3,8aren artean murriztu dira, hurrenez hurren, EAEn eta Nafarroan.

Azkenik, ez dago argi erregimenaren klase politikoak biztanleriari gezurrezko itxaropena eman nahi dien, edo “sirenen kantu” hotsez ziria sartu nahi diguten, baina begi-bistakoa da arazoaren larritasuna eta ustezko susperraldiaz oraindik urrutitik behatzen diren arriskuak ezkutatu nahi dituztela.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...