"LAB 4.0 Gure Garaia". Hauxe da sindikatuak aukeratutako goiburua, 2017ko maiatzaren 25 eta 26an Gasteizen egingo duen 9. Biltzar Nagusiari begira. Hitzordu garrantzitsu hori astelehenean aurkeztu genuen Bilbon, leloa eta irudiarekin batera. Hain zuzen ere, goiburuarekin LABen 40 urteko ibilbidea gogora ekarri nahi izan dugu. Lau hamarkada izan dira, lau fase: sorrera, kontsolidazioa, belaunaldi aldaketa eta, laugarren honetan, eredu sindikalaren berritzea.
Aro berri bati begira gaude. Ongi dakigu sistemak baduela bere 4.0 eredua diseinatua, neoliberalismo basati baino basatiago bat oinarri, produkzio sistemei eta kontsumo ereduei dagokienez. Bada, kapitalaren 4.0 kontzeptu zapaltzaileak LABen 4.0 dinamikarekin egingo du topo. Aurrez aurre izango gaitu, garaiko langile borroka eta aro berriko sindikalismoa ikur.
‘Gure Garaia’ dela aldarrikatu nahi dugu. Gogoeta prozesu oso bat egin dugu, gure eredu sindikala birpentsatzeko erronkarekin. Hala, 9. Biltzar Nagusiari begira finkatu dugu norabidea, eskaintza berritu bat, proiektu argi bat, baitugu esku artean. Garai berri bat irekitzera goaz, eta langileak erdigunean egongo dira. Asko hitz egin dugu langile subjektuaren berrosaketaz, kolektibotasunaz, ‘gu’tasunaz. Horregatik, gaur, inoiz baino gehiago, gure nortasuna berretsi nahi dugu. Izan ere, langile klasea hizki larriz aldarrikatzeko garaia da. Gure Garaia da.