2024-12-23
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaKudeaketa unitatea, gai toxikoa Osakidetzan

Kudeaketa unitatea, gai toxikoa Osakidetzan

IRITZIA
Edurne Agirre, Osakidetzako LABeko arduraduna eta Latxe Uranga, Usansoloko ospitaleko LABen ordezkaria

Autonomia Elkarteetan Kudeaketa Klinikoko Unitateak sortzeko asmoz Gobernu espainiarra Dekretu bat prestatzen ari zela adierazi zuen aurreko urtean LAB sindikatuak, eta Kudeaketa Klinikoko Unitate (KKU) horiek osasungintzaren pribatizazioan urrats bat zirela ohartarazi genuen. Bada, ekainaren 28an, Osasungintzako Mahai Sektorialean sindikatuoi aurkeztu ziguten Dekretu proposamen bat, non bi gai arautzen diren: batetik, Erakunde Sanitario Integratuak (ESI) delakoen egituraren antolaketa eta, bestetik, KKUen sorrera eta funtzionamendua.

Hortaz, lantokietan antolaketari dagokionez bi elementu berri ezartzen ditu Osasun Sailak: Erakunde Sanitario Integratuak (ESI) Lehen Arreta eta Arreta Espezializatua elkartzen dituzten egiturak dira eta ekonomia-finantza zein kudeaketa aldetik autonomia dute. Kudeaketa Klinikoko Unitateak (KKU) berriz, pertsona, teknologia eta azpiegitura multzoak elkartuko dituzte, eta zentro bakoitzeko gerentziarekin sinatuko den kudeaketa-klinikoa kontratu baten baitan izango dira. Aipatu beharra dago ESIak 2011. urteaz geroztik Osakidetza osoan ezarri direla, osasungintzako alde sozialarekin inolako adostasunik gabe. LABen ustez, ESIen sorrerak Arreta espezializatuak Lehen Arreta xurgatzea ekarri du. Baina ESIez gain, Osakidetzak komenigarria deritzon lekuetan KKUak ezarri nahi ditu. KKU mota desberdinen artean, badira ESI batzuetako zerbitzuak Osakidetzarekin hitzarmenak dituzten ospitaletako zerbitzuekin bat egiten dituztenak. Hau da, ospitale pribatuekin. Gainera, Dekretuak garbi adierazten du nortasun propioa izango duten Zerbitzu Erakundeak sortu ahal izango direla, eta begibistakoa da elkarren artean lehiatuko diren mikroenpresak bihurtuko direla. Dekretu honen bidez, Osakidetza euskal osasungintza publikoarentzako erabat toxikoa den kudeaketa enpresarial eredua inposatzen ari dela salatzen dugu LAB sindikatutik.

Baina, nola funtzionatzen du KKU batek? Osasun Sailak KKU delakoei aurrekontu batzuk transferitzen dizkie, helburu batzuk lortzearen truke. Helburu hauek ez dira lotuta izaten populazioaren osasunean eragiten duten faktoreekin (ingurumena, lana, faktore sozialak…). Aitzitik, osasun baliabideen kontsumoa (diagnostiko-probak, espezialistenganako deribazioak, ospitalizazioak, farmazia…) murrizteko helburua izaten dute. Kudeaketa Klinikoko Unitateetan profesionalen eta unitateen arteko lehia sustatzen da, eta pizgarriekin saritzen dira ezarritako helburuak lortzen dituzten KKU horietako langile sanitarioak. Kudeaketa Klinikoko Unitateetako zuzendaritzak arrunki langile fakultatiboz osatuta egoten dira, nahiz eta erizaintzako pertsonalari ere parte hartzeko aukera ematen zaion. Horregatik, pastelaren banaketan parte hartu ahal izatearen truke, 2013an Sindikatu Medikoak eta Erizaintza Sindikatuak (SATSE) «Osasun Sistema Nazionalaren iraunkortasun eta kalitatearen aldeko Ituna» sinatu zuten.

KKUen benetako interesa zein den erakusten duen beste froga bat: Sindikatu Medikuen Estatu Konfederakundearen agiri batean adierazten da unitate horietan parte hartzeko atxikimenduak borondatezkoa izan behar dela, baina borondatezko parte-hartze honek pizgarriak behar dituela, pizgarri hauek ekonomikoak izan behar direla, eta kopurua ezin dela izan 12.000 euro baino txikiagoa, hilero mediku bakoitzeko. Nola geratuko da osasun arreta helburu ekonomizisten eraginpean badago?

EAJ alderdiak osasun alorreko murrizketak gauzatzearen eginkizuna osasun langileen gain uztea itxuragabekeria iruditzen zaigu, osasungintza publikoa errotik kutsatzen baitu. Pauso honekin alderdi jeltzaleak agerian uzten du bere jarrera neoliberal eta merkantilista, baina aurrez aurre izango gaitu osasungintza publikoa, unibertsala eta kalitatezkoaren aldeko apustua egiten dugunak. Behin eta berriz gogoraraziko diegu osasungintza ez dela beraien jabetza. Herritar guztiona da eta herri honetan bizi garen guztion arteko adostasuna behar du.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...