2024-11-15
HomeIdazkaritzakEuskara IdazkaritzaKorrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Gaur hasiko da 23. Korrika, Irunen, Harro Herri lelopean. LABek, euskararen aldeko lasterketa erraldoia hasi zenetik gaur arte egin duen modu berean, bat egin du aurten ere Korrikarekin. Hainbat kilometro erosi ditu, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatura batzera dei egin nahi die LABek euskal langileei.

Tokian toki LABek erositako kilometroetan ez ezik, sindikatuak lekukoa hartuko du gehiengo sindikalak Euskal Herriko hiriburuetan izango dituen kilometroetan; martxoaren 16an, 17:53an, Iruñean; martxoaren 18an, 21:38an, Gasteizen; martxoaren 21ean, 21:38an; martxoaren 23an, 20:47an, Donostian; eta martxoaren 24an, 12:17an, Baionan.

Zenbait eremu judizial, politiko eta sindikaletatik euskararen eta hizkuntza eskubideen aurka egiten ari diren oldarraldiaren testuinguruan dator aurten Korrika. Euskararen normalizazioa trabatzea beste helbururik ez dute, eta, horretarako, sarritan, lan eskubideak eta hizkuntza eskubideak kontrajartzen dituen diskurtso tranpatia darabilte. Halakoen aurrean, eta iazko azaroan Bilbon erakutsi moduan, beharrezkoa da euskaraz lan egiteko eta bizitzeko herri gogoa erakustea, eta horretarako aukera bikaina emango du Korrikak.

Horrekin batera, ordea, euskalduntzean jauzi bat egiteko beharrezkoa da hizkuntza politika berri bat, euskalgintzako eragileek azkenaldian hainbatetan adierazi moduan. Zentzu horretan, Korrikan bistaratuko den herri gogoa euskaraz lan egitea eta bizitzea bermatuko duten politiketara eramateko eskatzen die LABek instituzioei.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Irunen hildako garraiolariaren heriotza salatu dugu Donostian, Gizarte Segurantzaren egoitzaren aurrean

Azaroaren 11n, 56 urteko J.R.M.M. garraiolari lesakarra hil zen lanean Irunen, kamioia kargatzen ari zela. Transportes Etxetrans 2000 enpresako langilea zen. 2024. urtean 11 garraiolari hil dira lanean dagoeneko, horietariko asko, azken hau bezala, bihotzekoak jota. Gaur, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok mobilizazioa egin dugu Donostian, Gizarte Segurantzaren egoitzaren aurrean, laneko azken heriotza hau salatzeko.

Salatzen dugu Metro Bilbaoren zuzendaritza-egituran postuak gehitu direla eta azken hautatze-prozesua kritikatzen dugu

Gero eta gehiago dira Metro Bilbaoren zuzendaritza gorena osatu eta aholkua ematen dioten pertsonak. Gainera, postu horiek erakunde publikoetatik datorren jendez betetzen ari dira. Horrela, Metro Bilbaoko Gerentzia oso gertuko eta ideologia bereko pertsonez inguratzen ari da eta balio-eskala bikoitza eraikitzen ari dira zuzendaritza-ardura horien eta lehen lerroko langileentzat sortzen diren postuen artean.

Berako zahar etxeko patronatuak langileei aldebakarrez inposatutako murrizketak salatu ditugu

LAB sindikatuak irmo salatu nahi du Berako zahar etxearen patronatuak zenbait murrizketa ezarri dizkiela langileei, hala nola soldata igoerak aplikatzeari utzi edo plus eta osagarri batzuk kendu edo murriztu. LABek elkarrizketarako eta negoziaziorako jarrera erakutsi izan dio beti patronatuari baina honek ez du murrizketa guztietan gibelera egin nahi izan eta, hartara, langileak mobilizatzen hasi dira. Lehenik eta behin sinadura bilketa abiatuko dute herritarren babesa jasotzeko.