2024-11-23
HomeEkintza SindikalaKontziliazioa oztopatzen duten neurriak alboratu eta lan baldintzak duintzeko eskatu diogu Eusko...

Kontziliazioa oztopatzen duten neurriak alboratu eta lan baldintzak duintzeko eskatu diogu Eusko Jaurlaritzari

LABek eta ELAk deituta, gaur elkarretaratzea eta prentsaurrekoa egin ditugu Lakuan, Gasteizko Gobernuak ezarritako azken ordu-zirkularraren aurka. Otsailaren 1ean abian jarritako zirkularrean, Eusko Jaurlaritzak B modalitateak kendu ditu lanaldi mistoetatik eta zatituetatik, eta lanaldi guztiak 17: 30ak baino lehen amaitzera behartu ditu, hori guztia energia aurreztea aitzakiatzat hartuta.

Sindikatu deitzaileok ez gatoz bat irakurketa horrekin; izan ere, zirkularrak berak aitortzen du aspaldi bilatzen dela ordutegien mugaketa: “Administrazio Orokorreko langileek dituzten ordutegi- arauen eskaintza zabalari buruzko eztabaida ez da berria, eta aurreko ekitaldietan negoziazio-mahaietan egon da, ez energia aurrezteko arrazoiengatik, orain sortzen direnak bezalakoak, baizik
eta zerbitzuak emateko eraginkortasunagatik eta administrazio honen antolaketan bertan. Egia esan, hurbilen dauden administrazio gehienek ordutegi jarraituan egiten dute lan, eta goizeko lanaldia gainditzen duten kasuak oso espezifikoak dira, batez ere ordutegi zabalagoetan eskaini behar diren zerbitzu jakin batzuetan edo arduraldi handiagoa eskatzen duten erantzukizuneko lanpostuetan.”
Beraz, erabaki horren atzean dagoena langileen bizitza antolatzeko tartea murriztea da.

Izan ere, energia aurrezteko benetako konpromisorik eza erakutsi dute askotan, administrazio honek ez die jaramonik egin energia aurrezteko egindako proposamenei, adibidez telelanari buruzko proposamen oro baztertu dute.

Administrazioak ezarri duen murrizketak hainbat langileri eragiten die, baina beste behin bereziki plantillako emakumeei eragiten dien neurri murriztaile bat ezarri dute. Aztertu al dute neurri honen eragina genero ikuspegitik?

Langile askori bizitza pertsonala eta profesionala uztartzeko benetako aukerarik gabe utzi die neurri honek. Esaterako B modalitatea lanaldietatik ezabatuta, modalitate honekin sortutako egun libreak kontziliatzeko erabiltzeko aukera kendu dute. Ordutegien malgutasuna erabiltzeko aukera ere asko murriztu dute; izan ere orduak berreskuratu ahal izatea asko zaildu dute, hori gutxi ez eta lanaldi jarraituetan 30 minutuko ordaindu gabeko nahitaezko etenaldia egitera behartzen dira orain langileak egunen batean 8 ordutik gorako orduak berreskuratu behar badituzte. Egoera honetanlangile batzuk kontziliatu ahal izateko ordutegi murrizketa eskatu behar izan dute, eta hori oso larria da. Era berean, kontuan izan behar da lanaldi zatituetan bazkaltzeko etenaldia murriztu egin dela.

Zirkular hau Berdintasun Planean jasotako neurrien aurka doa, eta azken finean gizon eta emakumeen Berdintasuna lortzeko helburuaren aurka.

Eskubide horiek alde bakarrez eta sindikatuekin inolako negoziaziorik egin gabe ezabatu dira. Horregatik, ELAk eta LABek zera eskatu diote Administrazioari:

1) Egungo ordu-zirkularra etetea.
2) Sindikatuekin benetako negoziazioa hastea, plantillarentzat inolako murrizketarik ekarriko
ez duen akordio batera iristeko.
3) Alde bakarrez ordutegi-zirkular berririk ez ezartzea, are gehiago kontziliazioari kalte egiten
diotenean.

Bitartean, dei egiten diegu langileei beren desadostasuna adieraz dezaten mobilizazio hauetan:

▪ KONTZENTRAZIOAK 11: 00etatik 11: 30era
• Otsailak 21: Eusko Jaurlaritza. Kale Nagusia, Bilbo.
• Otsailak 24: Lantoki guztietan.
• Otsailaren 28an: Lakua, Vitoria-Gasteiz.
▪ LANUZTEA 11: 00etatik 13: 00etara
• Martxoaren 2a: lanuzteak lantokietan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.