2025-04-24
HomeZerbitzu PublikoakUdal eta Foru AdministrazioaKontrol zorrotza eskatzen dugu COVID-19a dela-eta egindako aparteko orduak ordaintzeari begira

Kontrol zorrotza eskatzen dugu COVID-19a dela-eta egindako aparteko orduak ordaintzeari begira

Nafarroako Gobernuak abuztuaren 17ko 8/2020 Foru Lege-dekretua onetsi berri du, COVID-19ak eragindako pandemiarekin zerikusia duten hainbat alderdi arautzen dituena. Bertan, besteak beste, onartzen da krisialdian egindako aparteko orduak ordaintzea dedikazio esklusiboaren osagarria kobratzen duten langileei, orain arte bateraezina baitzen. LABetik eskatzen dugu ordu horiek ahalik eta gehien kontrolatzea, esker oneko urdailei ordaintzeko zirrikitu bat izan ez dadin.

Aitortzen dugu osasun-krisialdi honetan langile publiko ugarik aparteko lana egin dutela. Langile horiei eskerrak eman nahi dizkiegu egin duten ahaleginagatik, eta zuzena iruditzen zaigu behar bezala ordaintzea ahalegin hori.

Foru lege-dekretuaren zioen azalpena irakurrita, imajinatzen dugu helburu nagusia dela Administrazio Erroko fakultaboei ere ordaintzea Osasunbideko fakultatiboek kobratzen duten produktibitate-saria (hau da, aparteko orduak), eta, hala, gertatzen den konparaziozko bidegabekeria hori ezabatzea, nahiz eta arauaren artikuluetan ez diren lanpostu zehatzak aipatzen.

Dedikazio esklusiboaren osagarriaren esleipena administrazioko langileen artean hautsak harrotzen dituen gaia da. Langile horiek aparteko orduak kobratu ahal izateko aukera zabaltzea kontu delikatua izan daiteke, nahiz eta bide hori COVID-19aren ondorioz ireki.

Gaur egun, 351 pertsona dira Foru Administrazioan dedikazio esklusiboaren osagarria kobratzen dutenak. Foru lege-dekretua idatzita dagoen bezala, 12. artikuluan, ez da bereizketarik egiten langile horien guztien artean, eta denek aparteko orduak kobratzeko bidea irekitzen du.

LABen iritziz, oso zorrotz eta gardenki jokatu behar da kontu horrekin, eta langile guztiei aitortu behar zaie egindako aparteko lana. Baina, aldi berean, aitortu behar dugu ez garela fidatzen nagusi batzuek egin ditzaketen justifikazioekin.

Alde horretatik, Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu bidal diezagutela ordainsari hori jasoko duten langileen zerrenda eta bakoitzaren diru-zenbateko zehatza, baita kobraketa justifikatzen duen arrazoia ere.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek LEP partzialaren eta behin-behinekotasuna murriztearen aldeko botoa eman du Nafarroako Mahai Orokorrean

Euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen ezagutza zein lanpostutan baloratuko den jasotzen duen plantillaren aldaketa, ordea, aurrera atera da, bertan zeuden sindikatuetako bakar baten babesik gabe.

[IRITZIA] Sindikalismo feminista internazionalista: Rana plaza gogoan

Jarraian irakur dezakezue Amanda Verrone Nazioarteko Idazkaritzako kidearen eta Elixabete Etxeberria eta Maddi Isasi Idazkaritza Feministako kideen artikulua.

LABek UGTSARIOren X. kongresuan parte hartu du: autodeterminazioaren aldeko borrokarekin konprometitutako elkartasun sindikala

LAB sindikatuak UGTSARIO sindikatu sahararraren X. kongresuan parte hartu du. Mahjub Brahim-i, sindikalismo sahararraren martiria eta erreferente historikoari, eskainitakoa izan da. Bertan 400 ordezkari sahararrek eta nazioarteko 80 ordezkarik hartu dute parte. Hiru eguneko kongresua izan da, eta bertan hainbat herrialdetako sindikalista, aktibista eta militantek beren konpromisoa berretsi dute Mendebaldeko Sahararen independentziaren aldeko borrokarekin, Marokoko okupazioaren kontra batasuna adieraziz eta nazioarteko elkartasun sareak sendotuz, eta horien artean izan da LAB.