2024-12-22
HomeEkintza SozialaPrekarietatea eta pobreziaKonponbidea ez dugu neurri judizial-polizialetan aurkituko, hezkuntza eta gizarte zerbitzuen sistema justu...

Konponbidea ez dugu neurri judizial-polizialetan aurkituko, hezkuntza eta gizarte zerbitzuen sistema justu eta sendo baten eraikuntzan baizik

Azken hilabete hauetan Bilbo handian gertakari bortitzak jazo dira. Hauen protagonista adin txikikoak izan dira, batzuk Bizkaiko Foru Aldundiaren tutoretzapean daudenak. Gertakarien berotasunean, hainbat pertsonak, ordezkari politikok zein eragilek kolektibo hauen kontrako neurri zigortzaileak ezarri, zigor-sistema gogortu eta poliziaren jarduna gogortzeko eskatu dute. Lehenik eta behin, gure elkartasun beroena adierazi nahi diegu familia eta lagunei.

LABek ez du bat egiten segurtasunen oinarrituriko irtenbide faltsu horiekin. Izan ere, sistema penal eta polizial gogorrenen eredu diren herrialdeetan (Estatu Batuak, kasu) dagoen biolentzia eta delinkuentzia tasa altuari erreparatu besterik ez baitago sistema hauen porrotaz ohartzeko.

LABen ustez, horrelako gertakaririk ez izateko arazoaren muinari ekin, berau ondo diagnostikatu eta jatorrian dagoen arazoari konponbidea jarri behar zaio. Hori eginez gero, berehala ohartuko gara prekarietatea eta bazterketa soziala daudela gertatu denaren atzean, eta horiek konpontzeko neurriak hezkuntza eta gizarte zerbitzuen sistema sendo baten eraikuntzan topatuko ditugula. Aberastasuna modu ekitatiboan banatuko duen sistema sozioekonomiko justu bat gauzatzeaz batera, jakina.

Azken bolada honetan EAEn hazkunde ekonomikoa dagoelako, eta bazterketa sozialik ez dagoenaren fantasiazko diskurtsu politikoa zabaltzen ari dira; Bizkaiaren luze-zabalean gero eta gehiago hedatzen ari den prekarizazio eta bazterkeria esparruen aurrean ezikusiarena egiteraino.

Hortan, LAB bezala dugun eskarmentuaren arabera, ezin dugu esan Aldundia eta gai honetan ardura duten instituzioak eredugarria direnik inondik ere:

· Babesik Gabe Dauden Haurrei eta Nerabeei Laguntzeko Haurrentzako III. Planak (2016-2019) ez du argirik ikusten nahiz eta lehentasunez aurre egin behar diren erronkek duten garrantzia (Umeen Zerbitzuaren kudeaketa eta antolamendua hobetzea, beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide materialak gauzatuz, emandako zerbitzuaren kalitatea bermatzea eta mantentzea,…).

· Bestetik, babesgabe dauden adin txikikoei ematen zaien zerbitzuaren zati oso garrantzitsu bat pribatizatuta edo azpikontratatua dago. 2017koko urrian, haurrentzako egoitzen %15 besterik ez zen kudeaketa zuzenekoa. Pribatizazio prozesu horrek orain ikusten ari garen kalte handiak dakartza: Aldundiaren arduragabekeria eta kontrol falta, egoitza horietan lan egiten duen langileriaren baldintza gordinak,….

· Azkenik, babes gabe dauden adin txikikoen egoera behar bezala eta arintasunez antzemateko, eta gerora babesa, laguntza eta interbentzio sozial-afektibo-edukatiboa emateko, baliabideen falta itzela dago. Gogora ekarri nahi dugu LABek aspaldi salatu duela Aldundiko Haurren Zerbitzuan eta GUFEko Egoitza Harreraren Unitatean dauden giza-baliabideen falta. Behin eta berriro aldarrikatu dugu bertan egin beharreko inbertsioa, besteak beste zerbitzu horretako langileak (psikologoetatik hasi eta administrarietatik igarota kategoria guztietaraino) pairatzen ari diren lan karga eta presioagatik.

Beraz, esan bezala, gai honetan ardura duten instituzioei eta bereziki berau gobernatzen ari diren taldeei, polizia eta neurri judizialen gogortzea alde batera utzi dezatela, eta gogoeta sosegatu bat egin dezatela eskatzen diegu. Gogoeta horretan entzun diezaietela gai hauetan aritzen diren herri eragileei, eta bereziki etxe honetako arlo honetako profesionalei, eta politika sozialaren norabidea gogoeta horretan ateratzen diren ondorioetara egokitzeaz gain, behar den beste baliabide inbertsio egin dezatela.

Bukatzeko, ezin aipatu gabe utzi gure langilegoa. LABek azpimarratu nahi du Aldundian adin txikikoen kasuetan lanean diren hezitzaile, psikologo, terapeuta eta kategoria guztietako langileen lana, baliabide oso urriak izanda ere ordainezinezko lana egiten ari baitira. Era berean, gure erronka eta konpromisoa da langile horiek subjektu aktibo bihurtzea euren eskubideen aldeko borrokan eta sistema justu eta sendo bat eraikitzeko bidean.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...