2025-04-23
HomeZerbitzu Pribatuakkirol jardueraKirol jardueretako langileek bertan behera utzi dituzte lanuzte partzialak, Gasteizko Udalarekin gutxieneko...

Kirol jardueretako langileek bertan behera utzi dituzte lanuzte partzialak, Gasteizko Udalarekin gutxieneko konpromiso batzuk lortu ondoren

Arabako kirol-jardueren sektoreko langileek, Gasteizko Udaleko Kirol Sailaren gutxieneko konpromiso batzuk lortu ondoren, eta sorospen-zerbitzuari eta kirol-jarduerei eragiten dien gatazkan enpresekin egingo duten bitartekotza lortu ondoren, abuztuaren 10etik egiten ari ginen lanuzte partzialak bertan behera uztea erabaki dute.

Horrek ez du esan nahi gatazka amaitu denik, eta are gutxiago arazoak konpondu direnik. Borondate oneko keinu gisa, batzarrean erabaki dute lanuzteak bertan behera uztea, Kirol Departamentuak atzoko bileran hartutako konpromisoak bete ditzan.

Alde batetik, Udalak enpresa esleipendunei eskatuko die igerilekuak ireki eta ixtearekin lotutako segurtasun lanak bete ditzatela, kontratuaren arabera. Era berean, udako errefortzuko langileei aurrez jakinarazteko epeak betetzeko eskatuko dio enpresa esleipendunari.

Bestalde, kirol-jardueren programazioari dagokionez, udalak konpromisoa hartzen du egindako programazioan ekarpenak jasotzeko, hobetzeko eta, horrela, ahalik eta ikastaro gehien ez galtzeko. Era berean, COVID-19 pandemia desagertzen denean, azken urteetako ohiko programaziora itzultzeko konpromisoa hartu du.

Dena den, datozen egunetan Udalak ez baditu plantillekin hartutako konpromisoak betetzen eta arazoa behar bezala konpontzen ez bada, iragarri nahi dute irailaren 1etik aurrera greba orokorra hasiko dugula sektore osoan. Langileek adierazi dute nekatuta daudela bai udalak eta bai enpresa esleipendunek elkarri pilota pasatzen diotelako.

Langileen helburua da lan-baldintza duinak izatea eta sektorearen prekarizazioa saihestea, baita gasteiztar guztiek aisia- eta kirol-zerbitzuak baldintza egokietan, kalitatezkoak, erakargarriak eta seguruak izatea ere. Borondatearekin akordioa posible dela uste dugu; euren eskua luzatuta dago.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enviserreko langileek greba gogortu dute, protestaren hirugarren astean

Hiriko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Gasteizko Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek hiru aste bete dituzte greban. Baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat lortzea da beren helburua. Hainbat langilek Gasteizko udaletxearen aurrean pasa dute gaua, azken honen inplikazioa eskatzeko.

LABek ontzat jo du Iruñeko Udalaren eta alokairuzko bizikleten enpresaren artean sinaturiko akordioari esker langileei zor zitzaizkien soldatak ordaintzea

LAB sindikatuak duela bi aste salatu zuen Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian zeudela, sei hilabete baitzeramatzaten nominak berandu kobratzen eta, gainera, enpresak bi nomina oso zor baitzizkien. Iruñeko Udalak eta Ride On-ek gaur iragarri duten akordioaren arabera badirudi zerbitzuaren jarraipena bermatuko dutela eta enpresak berehala kitatuko dituela langileekin dituen zorrak.