2025-04-06
HomeEkintza SozialaKezkatzekoa da sortzen ari den enpleguaren kalitatea

Kezkatzekoa da sortzen ari den enpleguaren kalitatea

Hego Euskal Herrian 138.772 langabe zenbatu ziren martxoan, aurreko urtean baino 3.542 langabe gutxiago daudelarik.

Langabeziaren beheranzko bilakaera orokorraren atzean, hainbat kolektibo bilakaera negatiboa izaten ari dela azpimarratu nahi dugu gaurkoan.

• Langabeen erdia baino gehiagok emakumea* izaten jarraitzen du, zehazki %58,59ak.

• Langabezia jaitsi arren, 25 urtetik beherakoen artean joera alderantzizkoa da, pasa den urtetik %2,06 eta azken hilabetean %2,66 igo baita langabezia.

• Migratuen artean, langabeziak ere gora egin du azken hilabete zein urtean. Zehazki, azken urtean, aurreko enplegurik gabekoen artean, 364 gehiago dira jatorri anitzeko langileak. Azken hilabetean, ia sektore guztietan jazo da migratuen langabeziaren igoera txikia, aurreko enplegurik gabekoen artean izan ezik, non migratuen langabeziak %2,70 egin duen gora.

Azken urtean, sektore guztietan egin du behera langabeziak. Proportzioei dagokienean, jaitsiera nabarmenena lehen sektorean (%6,95) zein eraikuntza sektorean (%8,62) jazo da. Era berean, bi sektore hauetan afiliazioak gorakada izan du, lehen sektorean %7,62 eta eraikuntzan %3,39 hazi baita erregimen orokorreko afiliazioa. Zerbitzuen sektorean langabeziaren jaitsiera proportzionala ez da hain nabarmena izan (%2,41), sektore honetan langile kopuru handiak egiten baitu lana.

Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedienteek (ABEEE) izan duten bilakaeraren hainbat zantzu azaltzen hasi dira industria sektorean

Azken hilabeteko datuei erreparatzen badiegu, industriak ez du gainerako sektoreen joera mantentzen; izan, ere, sektore guztietan jaitsi da langabezia industria sektorean izan ezik. Igo den langabeen kopurua oso lausoa da, ABEEE aplikatzen ari direlako, langileen lan egoerari eutsiz, industriak bizi duen sakoneko egoera datuetan azaleratu gabe. Izan ere, ABEEE horiek epe labur-ertainean izango duten bilakaerak industria sektorearen egoera zeharkatuko du. Zentzu horretan, gaur goizean izan dugu Basauriko Bridgestone enpresak, denbora luzez ABEEEtan ibili ondoren, 335 langile kaleratuko dituen Enplegu Erregulazio Espedientea (EEE) aplikatzeko asmoa duela zioen berria. EEE aplikatuz gero, plantillaren %40a langabezian kokatuko litzateke. Zoritxarrez, ez da kasu bakarra, hor baititugu Guardian edota BSH.

Sortzen den enpleguaren kalitate ezbaian

Aurreko urtean baino 7.073 kontratu gehiago sinatu dira martxoan zehar. Kontratu horietatik %76,67 behin behinekoak dira. Beste behin ere, 2022ko lan erreformak sabaia jo duela argi eta garbi geldituz, sortu den enpleguaren kalitatearen adierazle.

Hego Euskal Herriko afiliazioak gora egin du aurreko hilabetearekin alderatuta, eta 1.073.077 pertsona zeuden afiliatuta erregimen orokorrean martxoko azken egunean. Azken urtean ere afiliazioak gora egin arren, 25 eta 50 urte artekoan afiliazioa jaitsi da eta bereziki emakumeei* eragiten die jaitsierak. Sortzen ari den enplegua, lan baldintza prekarioak nagusitzen diren zerbitzuen sektorekoa izanik, trantsizioa egin duten emakumeei* lan merkatuak baldintza prekarioak eskaintzen dizkie. Azken urtean sortutako afiliazioaren %82,81 zerbitzutan izateak adieraz dezakeen bezala.

Beraz, emakumeek* pairatu behar izaten dituzten lan baldintza prekario eta ezegonkorrak salatu behar ditugu gaurkoan, beste behin ere. Datuek horretarako bide ematen dute, zoritxarrez. Izan ere, aldizkako kontratu finkoak jaitsi arren, emakumeen* artean igo dira, aldizkako kontratu finkoa dutenen artean %65,24a emakumeak* izanik. Jardunaldiari dagokionean ere, emakumeek* dituzte baldintza kaskarrenak, 4 emakumetik* batek (%25,4) jardunaldi partziala duen bitartean, gizonezkoen artean %11,4ra jaisten baita portzentaia. Jardunaldi osoko kontratuen kasuan, kontrakoa gertatzen da, emakumeen* %56,6ak jardunaldi osoa baitu, gizonezkoan artean %78,1ak duen bitartean.

Industria sektoreak epe motz zein luzean izan dezakeen egoerak kezkatzen gaitu, gure ekonomian duen pisu eta balio estrategikoaz gain, hainbat eskualde zein herritan izan dezakeen eragin sozioekonomikoagatik. Bide horretan, LAB sindikatuak industria babestu eta trantsizio ekosozialerako plan estrategikoa garatzea ezinbestekoak direla aldarrikatu nahi du gaurkoan. Era berean, sortzen den enplegua prekaritatean oinarritua den neurrian, Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa edukitzeak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu, Hego Euskal Herriko langile guztiontzat gutxieneko soldata duina bermatuko lukeelako. Amaitzeko, dei egiten diegu langile sektore zabalei datozen egunetan LGS-ren alde egongo diren mobilizazioetan parte hartzera eta instituzioei zein patronalei exijitzen diegu egoerak eskatzen duen arduratik urratsak ematea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Milaka pertsona atera gara kalera Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan gutxieneko soldata eta pentsio duinak aldarrikatzera, orain, hemen eta denontzat

Gaur, euskal gehiengo sindikala kalera atera da, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduarekin batera indarrak eta aldarrikapenak batuz. Pentsio duin eta nahikoak eta hemen erabakitako gutxieneko...

LABek irmoki salatzen du Bilboko Errekalde auzoan Ertzaintzak erabilitako bortizkeria, eta erantzukizunak argitu daitezen eskatzen du

Bilboko Errekalde auzoko gaztetxea desalojatzeko aginduarekin batera, hamarnaka zauritu eragin ditu Ertzaintzaren operatiboak. Tartean, gazte bati ebakuntza egin behar izan diote eta barrabila galdu...

17. hildakoa 2025a hasi denetik Euskal Herrian, 10.a Nafarroan

Atzo, 55 urteko langile iruñear bat hil zen Agoitzen aldamiotik erorita. Tejados Aoiz enpresako langileak 10 metroko erorikoa izan zuen.