2024-12-22
HomeEkintza SindikalaKate handi eta marketako langileei Bizkaiko ostalaritzako hitzarmena ezartzea eskatu dugu

Kate handi eta marketako langileei Bizkaiko ostalaritzako hitzarmena ezartzea eskatu dugu

Agerraldia egin dugu gaur Bilbon, Egaña kaleko Burguer King-en aurrean, “Bizkaiko ostalaritzan, estatalizaziorik ez! Lan berdina, hitzarmen berdina” lemarekin.

2022an, ostalaritzako kate eta marka handiek (McDonald ‘s, Taco Bell, KFC, etab.) Asociacion Empresarial de Marcas de Restauracion (AEMR) sortu zuten, eta kateetan aplikatzeko hitzarmen espezifiko bat sinatu zuten CCOO eta UGT sindikatuekin.

Hitzarmen honen helburua ostalaritzako hitzarmenetatik libratzea da, kate horien beharren neurrira baldintza prekarioagoak aplikatu ahal izateko, eta herrialde bakoitzean LAB bezalako sindikatuekin negoziatzea saihesteko.

Aldea izugarria da: hanburgesak zerbitzatzen dituen taberna batean, lanaldi osoko zerbitzariak 1.419,06 euro irabazten ditu (21.285,9 euro/urtean), 2020tik eguneratu gabeko soldata izanik; eta gauza bera egiten duen kate batean, LGS kobratzen da (15.876 euro/urtean). Lehenengo langileak 15 jai-egun kobratzen eta berreskuratzen ditu; bigarrenak, berriz, ez. Lehenengoari, hitzarmenak hala jasotzen duelako, aparteko orduengatik gehiago ordaintzen diote, antzinatasun-plusa du, prestakuntza-plusa, erreminten higadura, garraioa, bajak osagarrituta… kobratzen ditu. Kateetako langileak, berriz, sindikatura deitzen du galdetuz ea zergatik ordaintzen dioten gehiago ondoko tabernakoari lan berbera eginda eta zergatik dituen baldintza hobeajk. Ez da kasualitatea kate horietan kontzentratzea langile migratu eta arrazializatu gehien, eta era guztietako gehiegikeriak.

Egoera hau bi urtez luzatu da, eta oraingoz, Auzitegi Gorenaren ebazpenaren zain, epaitegiek patronala babestu dute. Horregatik, garrantzitsua da ostalaritza-hitzarmenak berak ezartzea jarduera horretako langileei hitzarmen bakarra eta baldintza berdinak aplikatzea: Bizkaiko ostalaritza-hitzarmena.

LAB izan gara ostalaritzako negoziazioan kateak berriro hitzarmen honetan sar daitezen borrokatu duen sindikatu bakarra, eta maiatzean sinatutako aurre-akordioan lortu genuen.

Sinatu eta egun gutxira, CCOOk atzera egin zuen sinaduran, eta akordioa hautsi zuen. Jarraian, AEMR patronalak hitzarmena inpugnatzeko mehatxua egin zuen, forma-akatsak argudiatuta. LABek konponbide errealak proposatu ditu balizko akats horiek konpontzeko. Hala ere, Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak ere atzera egin zuen beldurragatik, eta hitzarmena sinatzea blokeatu zuen. ELA, aldiz, sektorean gehiengoa duen sindikatua izanda, ikusle huts bezala parte hartzen dago, bere erantzukizuna saihesten.

Bien bitartean, hitzarmenik gabe dago 23.000 langile inguruko sektorea. Ohiko ostalaritzako langileak baldintzak berritu gabe, eta kateetakoak, miseriazko estatu-hitzarmen batean bahituta.

Eusko Jaurlaritzako Lan Sailburuordetzak alde guztiak bilerara deitu gaitu egoera desblokeatzen saiatzeko, eta kateak kanpo utziko lituzkeen proposamen bat egin digu. Ezin dugu salatu gabe utzi ustez Madrilen EAEko hitzarmenen lehentasunaren alde borrokan ari dela harro dioen gobernu baten inkoherentzia.

Zertan geratzen da EAEko hitzarmenen lehentasun hori, ezin baditugu gure sektoreko hitzarmenetan sartu Madrilgo akordioek atera dituzten langileak? Edo, kolektibitateetan, ostalaritzako jangeletan, gertatzen ari den bezala, bertako patronalak uko egiten badio esertzeari, estatuko hitzarmen bat merkeago ateratzen zaiolako? Promesek hauteskundeak irabazteko balioko dute, baina ez dute baliozko hitzarmenak ixteko.

Guk argi daukagu: ostalaritzako akordioak sektoreko langile guztien defentsa eskatzen du, eta kasu honetan, horrek estatalizazioaren aurka borrokatzea dakar.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...