2024-11-13
HomeHerriak du hitza eta erabakiaKataluniarren burujabetza aldarrikatu du LABek

Kataluniarren burujabetza aldarrikatu du LABek


Gaur, irailak 11, Catalunyako Diadaren harira, kataluniarren burujabetza aldarriekiko babes ekitaldia egin du LABek Iruñeako egoitzaren aurrean. Ekimenean Ainhoa Etxaide, LABeko idazkari nagusiak, sindikatuak egun honetarako kaleratu duen adierazpena aurkeztu du. Adierazpenean mobilizazioa eta aktibazioa herrien askatasun giltza dela azpimarratzen da, besteak beste. Euskal Herrian ez ezik, Catalunyan bertan ere bat egin du LABek egun honekin, sindikatuko ordezkaritza bat bertan delarik.

LABen adierazpena 2013ko Diada egunean
CAP A LA INDEPENDÈNCIA. INDEPENDENTZIA HELBURU

HERRITARREN MOBILIZAZIO ETA AKTIBAZIOA, HERRIEN ASKATASUN GILTZA
Iazko irailaren 11n, Diada egunean, Kataluniako herriak egin zuen independentzia aldarri ozenak indarrez zabaldu zuen bere oihartzuna Estatuko eta Europako bazter guztietaraino. Euskal Herrira ere heldu eta poztasun bereziz hartu eta jarraitu genuen, independentzia egarriz eta premiaz bizi den herria garen heinean.

Iazko mugarri horren segidan, Kataluniak aurten beste urrats bat egingo du: egiten ari den bide propio hori independentziarako bidea, independentziarako 400 kilometrotako Via Catalana irudikatuko dute milaka eta milaka herritarrek. Horixe da, hain zuzen, bide horren baliorik handiena, herriaren mobilizazio, aktibazio eta artikulaziotik jaio dela eta herriaren mobilizazio eta aktibazioak indartu duela Estatu propio bat erdiestera eramango dituen prozesu politikoa.

Euskal Herria eta Katalunia, herri bi, ibilbide eta prozesu ezberdin bi, baina helburu bera. Elkartasunez elkarri begiratu izan diogu urteetan, baina gaur elkartasun hori Espainiar estatuak gure herrien inguruan altxatzen dituen harresiak botatzeko indar bilakatzen da.

Usua da independentziarako arrazoietaz galdegitea. Arrazoi nagusi eta ukaezina, ordea, erraz-erraza da: herriak horrela nahi eta demokratikoki horrelaxe adierazten badu, eskubide osoa dauka horrela izan dadin. Herriaren borondatea da agindu bakarra eta arrazoi eztabaida ezina. Herriaren borondatea errespetatua izan behar da. Hori da estatuaren beldurrik handiena, herriek modu demokratiko batean euren borondatea adierazi eta euren etorkizuna zelakoa izan behar den erabakitzea.

Baina, arrazoi funtsezko honetaz gain, Euskal Herria edo Katalunia bezalako herrientzat, independentzia, Estatu propioak eratzea, premia bizia da gure biziraupen sozial eta ekonomikorako.

BESTELAKO EREDU BAT ERAIKITZEKO AUKERA BAKARRA, BIDE PROPIOA JORRATZEA DA
Espainiar Estatua sartuta dagoen krisi sakonetik ez da irtenbiderik izango aplikatzen ari diren politikekin. Izan ere, politika hauen helburua ez da sekula izan herritarrentzako irtenbidea bilatzea, elite ekonomiko txiki baten interesak zaintzea baizik. Honela, koiuntura honetan, gehiengoa miseriara kondenatzen ari dira, gutxi batzuen irabaziak bermatu eta handitzeko xedez.

Estatuaren asmoa hau izanik, ezinbestekoa dauka baliabide ekonomiko eta bitarteko politiko guztiak kontrolpean edukitzea. Honek suposatzen du gure herriaren baliabide eta bitarteko guztiak ere bereganatu, bere eskutan mantendu eta kudeatzea, nahiz eta hori euskal herritarron borondatearen kontra egin eta Euskal Herriaren zein euskal herritarron interesen kaltetan burutu.
Helburu honekin Espainiar Estatuak birzentralizazio prozesu basatiari ekin dio. Independentziaren aldarriak zenbat eta indar handiagoa hartu, zenbat eta herritar gehiagok ikusi Frantses estatuari loturik eta Espainiar estatuaren menpe gure herria ito eta gure etorkizuna hondoratu besterik ez dela egingo, orduan eta errezeta eta neurri antidemokratikoagoak erabiltzeari eusten dio Estatuak.

Hil ala biziko egoerara ekarri gaituzte Estatuek. Momentua da, beraz, denbora gehiagorik galdu gabe, geroagoko batek daki ze momentutara itxaron gabe, geure bide propio hori behingoz egiteko, Estatuen eraso amaigabeek gaur egun ditugun aukera eta baldintzak urtu baino lehen.

Erabakitzen duguna izateko aukerari ateak parez pare ireki behar dizkiogu. Euskal herritarroi erabakitzeko eskubidea ziurtatuko diguten aldaketa politikoak burutzea premiazko eta ezinbestekoa daukagu. Bide propio horren oinarriak gaurdanik marraztuz eta finkatuz joan behar gara, Estatu propio bat eraikitzeko beharrezkoak diren baliabide ekonomiko eta politikoak eskuratu behar ditugu, etorkizuneko Euskal Herria denon artean erabakitzeko eta geure ekimen propioz eraikitzeko.

Zoritxarrez, hil ala biziko egoera honen aurrean, Euskal Herriko arduradun instituzional nagusiek hautu oso ezberdina egin dute: bai Gasteizko bai Iruñeako gobernuek bide propioa egiteari uko egin diote. Hau da, gure herriaren interesen gainetik eta euskal herritarron aldarrikapenaren kontra, Estatuari lotuta eta bere menpe jarraitzea aukeratu dute. Estatuaren erabaki guztiak burutik burura jarraitzea eta politika berberak hemen aplikatzeak arrazoi argi bati erantzuten dio: bai Madrilen, bai Iruñean bai Gasteizen proiektu bera konpartitzen dute.

Espainiar estatutik askatzea modu bakarra da bestelako eredu sozioekonomiko bat eraikitzeko. Euskal Herrian badauzkagu aukerak, bitartekoak eta borondatea ekonomia pertsonen zerbitzura –eta ez kontrara- kokatuko duen eredu berri bat eraikitzeko. Espainiar estatutik askatu nahi dugu, bai, baina herritarron interesen arabera eta herritarron borondatearen araberako eredu bat eraikitzea helburu izango duen bidea jorratzeko. Honetaz jakitun, Iruñea eta Gasteizko gobernuek bide propio hori jorratzeari egin diote uko, euren proiektu neoliberaletatik aldenduko dituen sakoneko aldaketen beldur.

INDEPENDENTZIARA BIDEA, DENON ERANTZUKIZUNA
Bestelako eredu sozioekonomiko bat eraikitzea erronka bizia daukagu geure herrirako. Baina, esan bezala, eredu berri hori eraikitzeko burutu behar diren egiturazko aldaketa sozialak ezinezkoak dira ez badauzkagu geure esku Estatu batek ziurtatzen dizkigun bitartekoak. Beraz, eredu sozial berria eraikitzeko giltza Estatu bat eraikitzeko ezinbestekoak diren aldaketa politikoak dira.

Estatu propio bat izan eta osatzeko premia bizi honek anbizio politikoaz jokatzeko eskatzen digu, denoi. Eremu politiko osoak egin behar du gogoeta sakona, baina baita eremu sozial eta sindikalak ere.

Inplikatu beharra daukagu, guzti-guztiok. Bide propio bat jorratzea ez baita behar edo desio nazionalista bat, premia nazionala baino. Euskal Herriak bere etorkizuna bere kasa eta Estatuaren oztopo eta injerentzia barik erabaki dezan denon ardura da, nor bere errealitatetik eta nor bere proiektuaren defentsatik.

Herri premia daukagu eta horrelaxe ulertu dute Katalunyan, baita CCOO eta UGTk ere. Katalunyan defendatzen dituzten eskubide nazionalak eta erabakitzeko eskubidea Euskal Herrian ez defendatzea ulergaitza da guztiz. Ordua da ordezkatzen dituzten euskal langileen interesak Madrileko interes eta aginduen gainetik jartzeko behingoz.

SindiIkalismoa aldaketa politiko eta sozialen eragilea izan behar da. Euskal sindikalismoa behar ditugun aldaketak ekarriko dituzten prozesuen zutabe soziala da eta izan behar da. Ordua da gure herrian momentu honetan, konplexu barik eta bestelako interes batzuen gainetik, hori nola egiten dugun eztabaidatu eta finkatzeko.

Sindikalismo abertzalearen paperak berebiziko garrantzia dauka, independentziaren aldarritik, horra eramango gaituen bidearen zutabea garen eta eremu sozial eta sindikal osoaren akuilu garen heinean. Langileria osoa bide horretara erakartzea daukagu erronka, langileriaren interesak defendatzeko biderik egokiena dela ziur baikaude.

 

LAB SAREAN
{module[111]}

      

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

11 garraiolari hil dira 2024an, 2023ko heriotza kopurua gaindituz

Atzo, 56 urteko J.R.M.M. garraiolari lesakarra hil zen lanean Irunen, kamioia kargatzen ari zela. Transportes Etxetrans 2000 enpresako langilea zen. 2024. urtean 11 garraiolari hil dira lanean dagoeneko, horietariko asko, azken hau bezala, bihotzekoak jota. Atzokoarekin, gutxienez 54 laneko heriotza izan ditugu urte hasieratik Euskal Herrian.

Elkarretaratze batekin amaitu dugu EAEko anbulantzien publifikazioaren aldeko kanpaldia

Kontzentrazio batekin amaitu da EAEko anbulantzia zerbitzuaren publifikazioaren alde atzo hasitako 24 ordutako kanpaldia, Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan egin dena. Atzo iluntzean, Gasteizko Udaltzaingoak kanpaldia bertan behera uztera behartu arren, gaur goizean aurreikusitako tailerra egin ahal izan dute.

Kapital errentak eta enpresen irabaziak zergapetu gabe ez dago aberastasuna modu progresiboan banatzeko zerga erreformarik

LABen iritziz, Aldundiek proposatutako neurriak ez datoz bat Euskal Herriak behar duen erreforma fiskalarekin.