2024-12-22
HomeNazioartea IdazkaritzaElkartasunaKataluniako herriaren alde mobilizatzera deitzen dugu, Espainiako Estatuaren izaera antidemokratikoa agerian uzten...

Kataluniako herriaren alde mobilizatzera deitzen dugu, Espainiako Estatuaren izaera antidemokratikoa agerian uzten duen epaia salatzeko

Procesaren epaiketa demokrazian sinesten dugun guztion kontrakoa izan da, baita zigorra ere. Elkartasuna adieraztearekin batera, basakeria juridiko eta politiko hau salatzeko mobilizazioetan parte hartzera deitzen dugu, Gure Esku herri dinamikak iragarritako protestetatik hasita. Eman diezaiogun benetako babesa eta bultzada Kataluniako herriari, haien borroka hauspotuz, gureak ere bultzada berria izan dezan.

Kataluniako procesaren inguruko epaiaren aurrean, LAB sindikatutik gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu bidegabeki zigortuak izan diren buruzagi politikoei eta herri ordezkariei. Haien guztien askatasuna eskatzen dugu, baita erbestean direnen etxeratzea ere.

Herrioi dagokigun autodeterminazio eskubidea delitu bihurtzen duen errelatoa gailendu da, independentismoaren kriminalizazioari eusteko Espainiako Estatuak ezinbesteko duen errelatoa. Demokraziaren eta askatasunen kontrako eraso oso larria da, herriari hitza eman eta herriak hitz egin izana zigortzea.

Atxiloketak, espetxeratzeak, zaurituak, 155a, biolentzia eta okupazio poliziala…Espainiako Gobernuak makinaria errepresibo guztia martxan izan du Kataluniako herriaren aurka. Eskubide indibidual eta kolektiboak urratu dituzte, eskubide zibil eta politikoak bahitu. Bide baketsu eta demokratikoetatik proiektu politiko guztiak egingarri zirela esaten zuten haiek; bada, beren ekintzekin erakutsi dute ezetz, hori ez dela horrela, eta ez dela izango, izan Gobernua kolore batekoa ala bestekoa.

Espainiako Estatuarekiko menpekotasunak proiektu guztiak bideragarri ez izatea dakar. Eta 78ko errejimen autoritario eta antidemokratikoarekiko edozein mehatxuren aurrean erantzuna beti da bat eta bera: errepresio politikoa eta birzentralizazio gehiago, Estatuaren batasunari eusteko.

Gaur, zoritxarrez, epai gogor honek argi uzten digu Estatuaren izaera antidemokratikoa, egunotan oso agerian geratu den izaera, Franco diktadorearen gorpuzkinak Erorien Haranetik ateratzeak sortu duen arrabotsarekin. Franco hil zen, baina hark utzitako oinordetzak bizirik darrai.

Euskal Herrian ongi baino hobeto ezagutzen dugu zertan datza espiritu antidemokratiko hori. Duela egun gutxi berretsita geratu da berriro Altsasuko gazteekin, beste kasu bat non ez den justiziarik egon, ezta oinarri eta berme juridikorik ere, oinarrizko eskubideak urratu baitituzte, Estatuaren mendeku egarria helburu, hainbat eta hainbatetan gertatu bezala. Asteburu honetan hamar urte bete dira Bateragune auziko atxiloketetatik, herri honek behin eta berriz sufritu ditu bidegabekeriak, kartzela urteak eta urteak ditugu bizkar gainean, torturak pairatu ditugu, salbuespenezko espetxe politika zitalak bere horretan dirau oraindik… Preso politikoak dituen herri bat ez da herri normalizatua, ezta demokratikoa ere.

Gertatzen ari dena pentsaezina litzateke estatu demokratiko batean. Espainiako Estatuak bizi duen lurralde krisiari eta krisi sozialari aterabide demokratikorik emateko inolako asmorik ez du. Ez dauka eskaintza demokratikorik gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugun herrientzat, ezta ere egungo sistema kapitalista eta heteropatriarkala auzitan jarriz bizitza duin baten alde aldaketa sozialaren alde borrokan diren hainbeste herri sektorerentzat. Estatuaren inboluzio antidemokratiko horren aurrean jendarte sektore gero eta zabalagoek eredua bera zalantzan jartzen duten honetan, erabateko autoritarismoa da erantzuna.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...