2024-12-22
HomeEkintza SindikalaKasu gehiago agertzeak baieztatzen du Osasunbidean esklusibotasunaren praxi txarra orokortuta dagoela eta...

Kasu gehiago agertzeak baieztatzen du Osasunbidean esklusibotasunaren praxi txarra orokortuta dagoela eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoak berehala ekin behar diola

Otsailean salatu genuen Osasunbideko profesional batek esklusibotasun-osagarria (800-1.100 €) kobratu eta, hala ere, klinika pribatuetan lan egiten zuela. Gaur berriz prentsaurrekoa eman dugu Iruñeko egoitzan, salatzeko balitekeela egoera berean gutxienez hamar fakultatibo gehiago egotea. Kopuru handi horrek Osasunbideko egitura osoari eraginen lioke. Uste dugu kasu horietan interes gatazka dagoela arlo publikoaren eta ekimen pribatuaren artean, praktika txarrez lagundurik, eta dei egiten dugu osasungintza publikoaren alde eta langile guztiontzako baldintza duinen alde mobilizatzera.

Lehen iruzurraren berri izan ondoren, ohartarazi genuen bertze anitzen artean lehena izan zitekeela iruzurrezko praktika orokor eta normalizatu baten barnean, Nafarroako Sindikatu Medikoak ordezkatutako profesional mediko batzuek osasun publikoa ahultzen baitute. Gutxienez hamar kasu gehiago agertzeak hipotesi hori berresten du. Kasu horiek burutza eta espezialitate askori eragiten diete, baita Iruñea, Lizarra eta Tuterako eremuetan. Hau da, Osasunbidearen egitura osoari.

Alde horretatik, deigarria da nola praktika txar hau bereziki Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Obstetrizia eta Ginekologia zerbitzuan gertatzen den. Hain zuzen ere, itxarote-zerrenda gehien duen zerbitzuetako bat da, bereziki delikatuak diren gaietan, hala nola emakumeen ginekologian eta bikoteen ugalkortasunean.

Atzemandako lehenbiziko kasuaren ondoren, eta gertaeren larritasuna ikusita, Nafarroako Gobernuari eskatu genion, luze gabe, ikuskapen orokor eta sakona egin zezala, kasu kopuru zehatza argitzeko eta, diru eta zerbitzu publikoaren kontura, praktika txarra den ala ez zehazteko, eta izan litezkeen erantzukizunak argitzeko. Hala ere, hilabete baino gehiago iragan ondoren, Nafarroako Gobernuak ez du bere ardura bete, eta ez du mediku batzuen praxi txar hau kontrolatu.

Nafarroako Gobernuak bere eginkizunak utzi dituenez, guk geuk atzeman eta berretsi behar izan ditugu kasu berri horiek. Kasu horiei buruzko informazioa Jardunbide Egokien eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoaren esku jarri dugu; izan ere, arlo publikoaren eta ekimen pribatuaren artean interes-gatazka dago, eta praktika txarrak daude. Hori izanen da, beraz, interes publikoa zaindu behar duen bulego honen lehen kasu handia.

Eskaturikoaren kontrako noranzkoan, hil honetan, Nafarroako Gobernuak akordioa egin du Sindikatu Medikokontserbadore eta erreakzionarioarekin, eta, horren ondorioz, Osasunbideko plantillaren zati bati bakarrik lagunduko dio diruz. Gainera, nahiz eta, oraingoz, esklusibotasuna egun dagoen bezala mantentzen den, akordioak geroagoko negoziazio-mahai bat jasotzen du, fakultatiboen esklusibotasuna kentzeko, ordainsari-galerarik gabe.

Gure iritziz, osasun publikoa bidegurutze batean dago. Alde batetik, urrats bakoitzean ahuldu nahi dutenak daude, gure osasuna eta osasun publikoa beren interes ekonomikoak asetzeko eta negozio pribatuak bultzatzeko daudela defendatzen dutenak, kontsulta pribatuetara zerbitzuak deribatuz eta azpikontratatuz: Clínica Estudio Médico Navarro, Clínica San Miguel, Médicis… Eta, bertzetik, gehiengo soziala dago, gure osasuna eta langileak zaintzea pentsatzen dugunak. Zerbitzu publikoak indartu behar dira, gure bizitzak jarri behar dira erdian.

Azken finean, gure mobilizazio sozialak, grebak eta borroka sindikalak taldean zaintzeko eta lorpenak lortzeko moduak dira. Beraz, Nafarroako langileei eta gehiengo sozialari dei egin diegu larunbat honetan, 17:30ean, Golemetik abiatuko den manifestazioan parte har dezaten, osasun publikoaren alde eta guztiontzako lan-baldintza duinetan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...