2024-12-23
HomeEmakumeakMartxoak 8“Karta Soziala mugimendu feministatik eraikitzen”

“Karta Soziala mugimendu feministatik eraikitzen”

Emakumeen Mundu Martxak deituta asanblada feminista burutu zuen emakume langileen nazioarteko egunaren bezpena Bilboko La Bolsa auzoetxean. Asanbladan Martxoak 8ko mobilizazioetara deituz batera, datorren larunbatean, hilak 14, Euskal Herriko Karta Sozialak "Aldaketa sozialak orain!, ¡tenemos alternativas!" lelopean burutuko den mobilizazioan parte hartzeko garrantzia azpimarratu zuten. Kartaren ardatz nagusietako bat da feminismoa, emakume eta gizonen arteko zinezko berdintasunaren aitortzarekin batera, eta hori aldarrikatzeko eguna ere bada Martxoak 14a.

KARTA SOZIALA FEMINISMOTIK ERAIKITZEN550

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta eraldaketa sozioekonomikorako tresna bat da; aliantza sozio-sindikal herritar zabal batetik abiatuta, Hego Euskal Herriko erakundeei interpelatu eta exijitu egiten die erabakiak har ditzaten, egungo desberdintasun sozial egoera konpontzearren.

Hainbat antolakunde, mugimendu sozial eta sindikatutako feminista ugarik hartu dugu parte prozesu honetan, eta adierazi dugu Kartaren ardatz nagusietako bat feminismoa izan beharko dela emakume eta gizonen arteko zinezko berdintasunaren aitortzarekin batera.Prozesu ireki horretan izan gara, eta bagaude ere oraindik. Esaterako, iazko urtarrilaren 11en Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak deituta, Bilbon asanblada feminista arrakastatsu bat antolatu genuen eta han Kartaren printzipio eta alternatibetarako ekarpen asko bildu ziren. Era berean, urte bereko otsailaren 1an 20 nazionalitate desberdinetako emakume migratzailerekin egindako tailer-topaketan beraien ekarpenak jasotzeko aukera egon zen. Ariketa kolektibo honek gure presentzia eta ekarpenak islatu zituen Kartaren esparru eta ardatz guztiak eraikitzerako orduan.

Feministok baditugu proposamenak aurrekontu-politiketan; arlo fiskalean; enpleguaren eta sozialki ezinbestekoak diren lanen birbanaketan; ingurumen- eta kultura-politiketan; aniztasunen aitortza eta errespetuan; biolentziarik gabeko bizitza baten defentsan; sexu- zein ugaltze-eskubideetan; krisiaren eragin negatiboa genero ikuspegitik aztertzerakoan; zaintzen aitortza eta berrantolaketa sozialean.., baita bizitzaren iraunkortasuna eta bizitza onaren aldeko apustuari dagokionez ere, besteak beste. Gure agenda ez da “emakumeen kontu”etara mugatzen; osotasunaren zati bat gara, eta ez da txorakeria gogoratzea biztanleriaren erdia ere bagarela.

Halaber, datorren martxoaren 7an, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, berriro bilduko gara, norabide horretan parte hartzen eta aurrera egiten jarraitzeko.

Bestalde, ohartzen gara arrisku bat badagoela, alegia, emakumeen beharrizan eta aldarrikapenak errebindikazio orokorren multzoan baztertuta geratzea. Premiazkoa eta garrantzitsua zer den, bien arteko hautua, hor dago beti, eta horri dagokionez adi egon behar gara errebindikazioen bat egiteak eta imajinario sozial bateratuak begirada feminista ere aintzat har dezan.

Aliantza sozio sindikalaren abiapuntu hainbat errealitate eta ikuspuntu dira, zeinek agerian uzten dituzten eguneroko bizitzan aurrez aurre topatzen ditugun zapalkuntza desberdinak: klasea, arraza, adina, kultura, hautu sexuala, jatorri geografikoa edota egoera administratiboa, aniztasun funtzionala.., eta, noski, sexu-genero sistema bera ere, dominazio ardatz desberdinak zeharkatzen dituena.

Ikusten dugunez, agerikoak dira arrazoiak eta bat egiteko beharra organizazio, mugimendu sozial eta sindikatu desberdinentzat ibilbide kolektibo honetan sortuko diren zailtasun guztiei aurre eginez.

Aurtengo martxoaren 8 honetan, feministok aldarrikatzen dugu beste eredu ekonomiko eta sozial baten eraketan emakumeok nahitaezko subjektu politikoak garela eta Euskal Herriko Karta Sozialaren eraikuntzan feminismoa ezinbestekoa dela. Hau dela eta, Martxoaren 14ean emakumeok ere kaleak okupatuko ditugu aldaketa feminista ez bada ez delako benetako aldaketa izango.

MARTXOAK 7
: Emakumeon Mundu Martxak deitutako asanblada feminista Bilbon, La Bolsan 10:30tan.

MARTXOAK 8: Euskal Herriko hiriburuetako koordinadora feministen deialdiak/ Emakumeen Mundu Martxaren IV.Nazioarteko ekimenaren hasiera.

MARTXOAK 14: “Aldaketa soziala. Tenemos Alternativas” manifestazioak Bilbon (17:30 Bihotz Sakratua) eta Iruñean (17:00 Antoniutti parkea). Euskal Herriko emakumeok kalera aterako gara aldaketa feminista izango delako edo bestela ez delako benetako aldaketa izango.
 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...