2025-03-27
HomeEkintza PolitikoaKarlos Apeztegiaren berehalako askatasuna eskatzen dugu

Karlos Apeztegiaren berehalako askatasuna eskatzen dugu

Irmoki salatzen dugu Audientzia Nazionaleko epailearen erabakia, Azpeztegia behin behinean eta fidantzarik gabe espetxeratzeko agindua, baita atxiloketa ekarri duen polizia operazioa bera ere. Gure besarkada helarazi nahi diogu Apeztegiari, haren senitarteko eta hurbilekoei eta lankide dituen Etxerat-eko lagunei.

Sistematikoki salbuespenezko neurriak, beti muturrekoak direnak, ezarri dizkiote Apeztegiari, behin behineko espetxeratzeak dakarren erabateko askatasun galera kasu. Oinarrizko eskubide zibil eta politikoak urratu dizkiote lehen unetik, zer eta desagertua dagoen erakunde bateko kide izatea egotzita. Apeztegiak 22 urte espetxean emanak dituela kontuan hartuta, zigor erantsia oraindik eta handiagoa da.

Euskal presoekiko mendeku grina ez da amaitu. ETAren behin betiko armagabetzearen ondotik ireki den garai berriari bizkar emanda iraganera kateatuta nahi gaituztenen aurrean Euskal Herrian bakearen eta demokraziaren bidean aurrera egitea dugu eman dezakegun erantzunik onena, presoen afera erdigunean jarri eta mobilizazioak biderkatuz.

Kartzelak hustutzeko garaia da. Aste honetan bertan beste hainbat sindikaturekin batera adierazitakoa gogoratu nahi dugu: bizikidetza demokratikoa eta adiskidetzea sustatzeko euskal presoen egoera konpondu beharra dago, eta badago nondik hasi: gaitz larriak dituzten presoen kaleratzea, gradu aldaketak, eta preso guztien hurbilketa.

Azken polizia operazioaren aurka, Apeztegiaren askatasuna eskatzeko ondorengo orduetarako deitutako mobilizazioetan parte hartzera deitzen dugu. Aldi berean, behin betiko konponbidearen alde, oraindik eta indar handiagoz, bultzatu dezagun larunbat honetan Donostian, “Orain presoak” giza ekimenak deitutako manifestazioa. Euskal preso eta iheslariak etxera. Euskal preso eta iheslariak kalera. Bertan izango gara.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Jarraipen ia erabatekoa Enviser Gasteizko Udalaren lorezaintzako kontratako greba mugagabearen lehen egunean

Gaur goizean hasi da Enviserreko enpresa-batzorde osoak (LAB, ELA eta ESKk osatua) deitutako greba mugagabea. Enviserrek Gasteizko Udalaren kontratak parkeak eta lorategiak eta hiriko eraztun berdea mantentzen ditu.

EAEko hezkuntza publikoko irakasleek gaur Bilbo, Donostia eta Gasteizko kaleak hartu dituzte

Greba zikloaren seigarren grebak jarraipen zabala izaten jarraitzen du.

LABek salatzen du Guardianeko langileak ez direla inoiz lehentasuna izan Eusko Jaurlaritzarentzat

Mikel Jauregui Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak, astearte honetan Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian, zenbait baieztapen egin ditu eta agerian utzi du Guardian enpresako langileak eta haien lanpostuak ez direla inoiz lehentasuna izan Eusko Jaurlaritzarentzat.