2024-12-22
HomeEmakumeakMartxoak 8Kapitalismoak gure bizitzak erasotzen dituela salatuko dugu Martxoaren 8an

Kapitalismoak gure bizitzak erasotzen dituela salatuko dugu Martxoaren 8an


Gure bizitzen erasotzailea, ametsen hiltzailea, energia eta ilusioen lapurra, poztasunen erailea, miseriara eta bizi prekarietatera kondenatzailea, horixe da kapitalismo heteropatriarkala. Gaur, Euskal Herrian, eskuineko gobernuek gure bizitzen inguruan erabakitzen dute eta, egiten dituzten politika neoliberalekin, pertsonen ongizatea ez bilatzeaz gain, gure ondoez eta premiekin egiten dute negozioa. Zaintza honen adibide argia da.  


Gure herri eta hirietako kale eta plazak urtez urte aldarrikapen feministez bete ondoren, azken bi urteetako Martxoaren 8etan, bizitzak erdigunera ekartzeko garrantzia aldarrikatzeko, greba feminista erraldoi eta jendetsuak egin ostean, Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak erabaki dute zaintzekin negozio egiten jarraituko dutela. Euren erantzuna honezkero eman digute: kapitalarekin lerrokatu dira eta garbi utzi digute gure aldarrikapenek bost ardura diela. Euren helburu bakarra: zaintzak pribatizatzea, prekarizatzea eta ikustezin egitea. Eta ondo betetzen ari dira, gainera. Adibideak, egunez egun, begi-bistakoak dauzkagu: egoitzetako langileak, etxeko langileak, garbiketa edo jantokietako langileak… Zaintzak ezin dira negozioa izan!

Berdintasun politikak egiten omen dituzte. Itxurakeria hutsak. Zerbait egiten dutelakoa egin, zertarako eta emaitza mediatikoak lortze hutserako. Berdintasun plan handiak iragartzen dituzte, baina hauek ez dira gerora inon betetzen, ez enpresetan, ez udaletan, ez aldundietan, ez eta gobernuan ere. Hau da, ezta agintzen duten eta ardura zuzena daukaten tokietan ere. Berdintasun politikek hondoa eta behea jo dute. Politika feministak aldarrikatzen ditugu guk. Berdintasuna iruzur bilakatu da!

Soldata arrakalaren kontrako ustezko borroka ez da ezein egoera aldatzen ari, zeren eta, jakina, ezin baititugu gure lagun enpresarioak haserretu, eurak baitira boterean egoten laguntzen gaituztenak, gure poltsikoak betetzen dituztenak langileriaren kontura. Errazagoa da ezertara behartzen ez duten kanpainen atzean gordetzea, errazagoa da emakumeok soldata arrakalaz erruduntzea, ikasketak aukeratzen ez omen dakigulako, eta diskurtso horien atzean ezkutatzea. Zor patriarkala daukate gurekin, emakumeokin!

Gure bizitzen prekarizazioa eguneroko ogia daukagu: pobrezia energetikoa, indarkeria matxista, esplotazio laborala, zerbitzu publikoen pribatizazioa, herritarron osasunari eta langileon bizitzei negozioa gailentzen diete…

Guk, honen aurrean, argi daukagu zer egin: antolakuntza, autodefentsa feminista eta ezberdinen arteko aliantzak. Zerbitzu publikoen eta zaintzen pribatizazioaren aurrean, hauen publifikazioa aldarrikatzen dugu. Ez diegu utziko zaintzekin negozioa egiten jarraitzen, agintari horien lagun enpresario batzuk aberastu daitezen, herri honetako milaka eta milaka emakumeren lanaren eta esplotazioaren kontura, emakume hauek baldintza negargarrietan zaintzera beharturik dauden bitartean.

Feminismoak eusten, aurre egiten eta denon artean eraikitzen irakatsi digu. "Bizitza erdigunean" aldarrikapenak bete testuinguru batera eraman gaitu gu guztiok, pertsonak eta hauen premiak erdigunean jartzera eta merkatua zein ekoizpena bazterretara botatzera ekarri gaitu.

Borroka sindikala inoiz baino garrantzitsuagoa da orain. Eta sindikalismo feminista ezinbestekoa da denon artean egoerari buelta eman diezaiogun. Zaintza lanen berrantolaketa eta banaketa justua. Zaintzen euskal sistema publikoa. Indarkerietatik aske dauden bizitzak: etxeetan, kaleetan, lanean eta ohean. Lanaren banaketa sexuala deuseztatu eta lanak balioetsiak izan daitezela bizitzaren iraunkortasunerako daukaten garrantziaren arabera, kapitalismoarentzat daukaten interesaren arabera egin beharrean. Emakume bakar bat ere ez esplotaturik, pertsona bat bera ere ez egoera irregularrean. Paperak denontzat eta eskubideak guztiontzat. Jardunaldiak, soldatak, lanei eta enpleguei ematen zaien balio sozial eta ekonomikoa… hori gutzia zalantzan jarri eta birpentsatu behar da. Publiko/pribatu, produktibo/erreproduktibo dikotomiekin apurtu egin behar da eta kapital-bizitza kontraesanaren aurrean, beti-beti bizitzaren alde egin.

Borroka feminista lantoki guztien azken txokoraino eramateko konpromisoan berresten gara eta emakume langile guztion batasunaren alde egiten dugu.

Norberak babak eltzetik atera ditzala ahal duen modura eta irten dadila onik ahal baldin badu. Horixe bultzatzen dute. Baina guk ez dugu horrelako politikarik onartuko. Onik irten nahi dugu, bai, baina denok, elkarrekin eta eskutik helduta eta, honetarako, sistema kapitalista heteropatriarkal arrazista eta kolonialista akabatzea baino ez dugu. Elkarrekin, saretuta, aliaturik eta konplize, geldiezinak gara.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...