2024-11-16
HomeEkintza SindikalaKaleratzeak salatu ditugu Serveon

Kaleratzeak salatu ditugu Serveon

Besteak beste Lasarteko Michelin enpresarentzat lanak egiten dituen azpikontrata honetan (lehenago Ferrovial izena zuenean) langile ugari dabiltza garbitasun, mantenimendu, logistika eta beste hainbat zerbitzu ematen. Elkarretaratzea egin dugu pneumatikoen lantegiaren aurrean.

Langile horien jarduna Michelineko produkzioa aurrera ateratzeko beharrezkoa izan dela aldarrikatu du sindikatuak, batez ere ekonomikoki egoera onean egon den garaietan.

Orain, aldiz, egoera bestelakoa da. Michelinek etekinetan milioika euro izanda ere zenbait zerbitzu bere gain hartu eta azpikontratekin inolako erantzukizunik ez balu bezala, bere eskuak garbitu eta gutxienez zazpi lankide kale gorrian utziko dituen politika aplikatuko du. Logika kapitalista krudel horren lehen biktimak izango dira Serveoko langileak.

Egoera guzti hau salatzeko gaur Lasarteko Michelinek duen enpresa parean elkarretaratzea egin dute, azpikontraten joko honek dakarren prekaritatea salatzeko.

Azkenik, LABek Serveon duen sail sindikaletik adierazi dute Michelinen zein Serveoren jarduteko modu krudel hori guztiz arbuiatzen dutela eta lanpostu guzti-guztiak defendatzen jarraituko dutela.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Irunen hildako garraiolariaren heriotza salatu dugu Donostian, Gizarte Segurantzaren egoitzaren aurrean

Azaroaren 11n, 56 urteko J.R.M.M. garraiolari lesakarra hil zen lanean Irunen, kamioia kargatzen ari zela. Transportes Etxetrans 2000 enpresako langilea zen. 2024. urtean 11 garraiolari hil dira lanean dagoeneko, horietariko asko, azken hau bezala, bihotzekoak jota. Gaur, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok mobilizazioa egin dugu Donostian, Gizarte Segurantzaren egoitzaren aurrean, laneko azken heriotza hau salatzeko.

Salatzen dugu Metro Bilbaoren zuzendaritza-egituran postuak gehitu direla eta azken hautatze-prozesua kritikatzen dugu

Gero eta gehiago dira Metro Bilbaoren zuzendaritza gorena osatu eta aholkua ematen dioten pertsonak. Gainera, postu horiek erakunde publikoetatik datorren jendez betetzen ari dira. Horrela, Metro Bilbaoko Gerentzia oso gertuko eta ideologia bereko pertsonez inguratzen ari da eta balio-eskala bikoitza eraikitzen ari dira zuzendaritza-ardura horien eta lehen lerroko langileentzat sortzen diren postuen artean.

Berako zahar etxeko patronatuak langileei aldebakarrez inposatutako murrizketak salatu ditugu

LAB sindikatuak irmo salatu nahi du Berako zahar etxearen patronatuak zenbait murrizketa ezarri dizkiela langileei, hala nola soldata igoerak aplikatzeari utzi edo plus eta osagarri batzuk kendu edo murriztu. LABek elkarrizketarako eta negoziaziorako jarrera erakutsi izan dio beti patronatuari baina honek ez du murrizketa guztietan gibelera egin nahi izan eta, hartara, langileak mobilizatzen hasi dira. Lehenik eta behin sinadura bilketa abiatuko dute herritarren babesa jasotzeko.