2024-12-23
HomeEkintza PolitikoaKaleratzeak eta esparruaren defentsan duen jarrera mantentzea eskatu diogu EH Bilduri eta...

Kaleratzeak eta esparruaren defentsan duen jarrera mantentzea eskatu diogu EH Bilduri eta orain arte izandako jarrera eskertu

LAB, ELA, ESK, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuon ohar bateratua:

Lan erreforma moldatzeko Madrilgo Elkarrizketa sozialeko mahaian lortutako akordioaren konbalidazioa landuko da Kongresuan hurrengo ostegunean, otsailak 3.

Euskal gehiengo sindikala osatzen dugun ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta Etxalde sindikatuok gogor kritikatu dugu akordio hori, ez dituelako bertan behera uzten PP-k eta PSOE-k 2010an eta 2012an ezarri zituzten Lan Erreformak, eta dekretu honen bitartez, langileentzat kaltegarrienak diren neurriak mantendu eta betikotuko dituztelako.

Kongresuan egingo den konbalidazioari begira, Madrilen ordezkaritza duten alderdi batzuekin erronda abiatu dugu, euskal langileek behar dituzten aldaketak bultza ditzaten.

Sindikatuok 2010 eta 2012 arteko hiru lan erreformak indargabetzeko eskaera ari gara helarazten, hauek aldebakartasuna eman ziotelako patronalari negoziazio kolektiboa indargabetzeko, langileak merke eta errez kaleratzeko, malgutasuna ezartzeko, estatalizazioa edota mugikortasuna inposatzeko, besteak beste. Hau da, langileen lan baldintzak prekarizatzeko tresna diren neurrian, hauek desagertu ondoren hasi beharko litzateke lan erreforma berri baterako negoziaketa.

Erabateko indargabetzearen bidean, bereziki larriak diren bi gai mahai gaineratu ditugu, berehala aldatu beharko liratekeenak: alde batetik, kaleratzeak egiteko erraztasunak eta, bestetik, euskal lan harremanen esparrua erasotzen duen negoziazio kolektiboaren estatalizazioa.

Horrekin batera, aipatutako bi gaiak moldatu ahal izateko propasamen teknikoekin txosten bat ere helarazi diegu, bi helburu zehatzekin:

  1. Patronalak orain kaleratze objetiboak egiteko dituen erraztasunei mugak jartzea.
  2. Gure negoziazio kolektiboa errespetatua izatea, kanpo injerentziarik gabe.

Konbalidazioan, eta beti erabateko indargabetzearen bidean, bi gai horien moldaketa egongo ez balitz, ezetza ematea eskatu diegu.

Gaur EH Bildurekin egin dugu bilera, eta EAJ eta Podemos-ekin ere batzartuko gara datozen egunotan. Gehiengo sindikalaren izenean, ELA, LAB eta STEILASeko kide banak hartu dugu parte gaurko bileran.

EH Bilduri adierazi bi gaietan, kaleratzeak eta gure esparrua defendatzea, duen jarrera mantentzea eskatu diogu eta orain arte izandako jarrera eskertu diogu. Dekretuaren konbalidazioan ezezko jarrera mantentzea eskatu diogu eta berretsi diogu aldaketak eragiteko modu bakarra CEOErik gabeko testuinguru batean negoziatzea dela.

Urtarrilaren 30ean euskal langileak mobilizatuko dira Madrilgo akordiaren kontra eta moldaketak aldarrikatzeko, aurreko lan erreformek ezarri zituzten neurri atzerakoiak bertan behera uzteko. Otsailaren 2an berriro mobilizatzeko eguna izango dugu, lantokietan.

Beharrezkoa da euskal alderdiek euskal langileen ahotsa eta aldarrikapenak Madrilen defendatzea, eta langileok gure lan eta bizi baldintzak duintzeko behar ditugun aldaketak bultzatu eta defendatzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...