2024-12-26
HomeEkintza SindikalaKaleak hartu ditugu Bilbo, Donostia eta Gasteizen gure zerbitzu publikoak hemen adostu...

Kaleak hartu ditugu Bilbo, Donostia eta Gasteizen gure zerbitzu publikoak hemen adostu eta hemen erabakitzea eskatzeko

Greba eguna izan da gaur Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zerbitzu publikoetan eta 27.000 langile atera dira sektoreko soldata eta enpleguak hemen adostea eskatzeko.

Xabier Ugartemendia Zerbitzu Publikoen Federazioko idazkaria Bilboko manifestazioan izan da eta adierazi du Hego Euskal Herrian, Madrilek mugatzen dituela enplegu publikoa eta bere lan baldintzak. “Muga hauek kentzea” eskatu du, “eta hemengo erakundeek hemengo enpleguaren eta lan baldintzen ardura hartzea. EAJk eta PSOEk Madrilen adostutakoa ez da nahikoa, hemen erabaki ahal izatea bermatzen ez duelako, eta inposatzen jarraitzeko aukera zabalik jarraitzen duelako. Gure zerbitzu publikoak hemen adostu eta hemen erabaki nahi ditugu”.

LABeko ordezkariak erakundeetako aurrekontuak eztabaidan kokatu du gaia: “horixe da bertako alderdiei eskatzen dieguna. Madrilgo mugak saihestu daitezke eta Euskal Herrian bertan langileokin adostu behar da zerbitzu publikoen kudeaketa. Eta Madrilen ordezkaritza dutenen egin beharra ere bada muga artifizial horien kontra lan egitea”.

Sektore publikoan negoziazio kolektiborik ez dagoela ere gaineratu du Ugartemendiak: “Lan baldintzak adostu gabe, dekretuz inposatzen dira. Negoziazio kolektiboaren eskubidea errespetatzea exijitzen dugu”.

“Borondaterik baldin badago egin daiteke”, jarraitu du, “EAJk nahi duenean Madrilgo muga horiek gainditzen ditu, bai birjartze tasak, baita soldata igoerak ere, poliziarekin ikusten den bezala”.

Urriaren 25eko grebarekin eta sektore publikoan etengabe dauden greba eta mobilizazioekin EAJ mugitu behar izan da, autoritarismoa eta harrokeria bazter utzita. Halere Urkulluri erreleboa emateak ez du EAJren estrategia aldatzen, jarraipena ematen dio, eta politika neoliberal berdinak mantenduko ditu berak kudeatzen dituen Jaurlaritzan, aldundietan eta udaletan.

Aldarrikapenak zehaztuz, negoziazio mahaiak irekitzea exijitu du LABeko ordezkariak, “maila guztietan, Mahai Orokorra, sektoriala, tokiak tokikoak”, orain arte bizi izan ditugun “propaganda eta antzerki huts diren bileretaz” harago joan beharra azpimarratuz. Adostu nahi ditugun gaiak ere zerrendatu ditu:

  • Enplegua sortu eta egonkortu
  • Zerbitzu publikoak indartzea, pribatizazioekin amaitzea
  • Erosahalmena berreskuratzea (azken hamarkadan %20 murriztu zaigu)
  • Zerbitzuak eta lana euskaraz, neurri feministak… eta eremu bakoitzeko behar espezifikoak adostu.

Alderdien eta erakundeen borondateak aldatzeko mobilizatzen jarraitu beharra nabarmendu du. “Urriaren 25ean eta gaur greba arrakastatsuak egin ditugu, eta horrek Jaurlaritza autokritika egitea behartu beharko luke. Orain sindikatuak berriro bildu eta datorren urterako mobilizazio egutegi berria prestatuko dugu”.

Grebaren jarraipena

Hezkuntzan: Hezkuntza publiko ez unibertsitarioan eta unibertsitarioan grebak jarraipen oso zabala izan du. Unibertsitatez kanpoko hezkuntzari dagokionez, grebaren jarraipena %60ekoa izan da. Aipagarriak dira irakas jarduera ia osotasunean geldirik izan duten ondorengo ikastetxeak irakasleriaren gehiengo zabal batek greba egin duelako: Salburua, Koldo Mitxelena edo Judimendi Gasteizen, Lezoko Herri Eskola, Alakartasuna edo Intxaurrondo Gipuzkoan eta Elorrio edo Itxasoko ama Bizkaian.

Heziketa Bereziko langileen erdiak baino gehiagok babestu du greba, Portugaleteko Zubeldian, Bermeoko San Frantziskon, Gasteizko Salburuan edo Irungo Txingudin erabatekoa izanik; eta Sukalde eta Garbiketako langileei dagokienez, jarraipena plantillaren erdia baino gehiagokoa izan da oro har. Aipatzekoa da zenbait sukalde itxita egon direla sukaldarien %100k greba egin duelako, esaterako, CEP Mendia Balmasedan, Unkina Galdakaon, San Inazio Bilbon edo Gain zuri Urretxun, Intxaurrondo Donostian edo Elizalde Oiartzunen.

Haurreskoletan langileriaren %70 ingururen babesa izan du grebak. Haurreskola askotan, besteak beste Gasteizko Aranbizkarra, Landaberde, edo Mariturri, Bilboko Miribilla edo Sanchez Marcos eta Donostiako Anoeta eta Zuloaga edo Bergarako Haurreskola.

EHUn ere jarduera akademikoa oso urria izan da, leku askotan azterketetarako gutxineko zerbitzuak izanik emandako jarduera bakarrak. Jarraipen ia osoa fakultate batzuetan, magisteritza kasu. Ikasgelategietan jarduera oso apala izan da hiru lurraldetan. Administrazio eta zerbitzuetako langileen artean lekuz leku jarraipen desberdina, baino zerbitzu guztietan izan du eragina.

Udal eta foru esparruan, aurretik genituen datuak berretsi dira, eta grebaren jarraipena oso zabala izan da. Eskualde desberdinetako udal handienetan jarraipena oso esanguratsua, horien artean aipagarriak hiru hiriburuetakoak. Gipuzkoan: Hernani, Astigarraga, Arrasate, Zarautz, Tolosa, Beasain, Oñati, Ordizia, Anoeta, Azpeitia, Bergara, Urretxu, Usurbil, Lazkao, Antzuola, Sasieta mankomunitatea, Legorreta, Debagoieneko mankomunitatea, Urretxu Zumarraga euskaltegia, Garbitania zero zabor, Idiazabal. Bizkaian: Barakaldo, Bermeo, Ortuella, Trapaga, Markina, Lekeitio, Gernika, Basauri, Igorre, Berriz eta Arrigorriaga. Araban: Agurain, Laudio eta Amurrio.

Osakidetzan ezarritako gutxieneko zerbitzuek erabat baldintzatu dute grebaren jarraipena. Izan ere, milaka langileri ukatu egin zaie grebarako eskubidea, % 100eko gutxieneko zerbitzuak ezarrita. Aurreko deialdietan bezala, grebaren eragina handiagoa izaten ari da Lehen Arretan, batez ere pazientearen arretako langileen artean. Arreta maila honetan azpimarratu behar dugu osasun zentro batzuk itxita daudela, hala nola San Martin eta Salburua Gasteizen; eta Alde Zaharra, Bolueta, Zorrotza, Buenavista, Castaños, Trapaga eta Zalla Bizkaian. Horrez gain, jarraipen oso zabala izaten ari da Gipuzkoako hainbat osasun zentroetan, hala nola, Azkoitia, Ataun eta Alegi. Ospitaleetan, gutxieneko zerbitzuek eragin handiagoa dute, eta jarraipena txikiagoa izaten ari da. Hala ere, Zumarragako Ospitalean ebakuntza gelak itxita daude, eta laborategian zerbitzu minimoak bakarrik daude lanean; Mendaron ebakuntza gela bat dago itxita ere; baita Urdulizeko ospitalean ere; Gorlizeko Ospitalean biltegiak, X izpiak eta kanpo kontsultak itxita daude; Santa Marinan garbikuntza, zelariak eta matenimendua %100ean daude greban; Basurton anatomia patologikoa, zelarien erretena eta Areilzako zelariak %100ean greban; Santiagoko ospitalean, kategoria ez sanitarioetan, zerbitzu minimoak daude lanean bakarrik; Osasun Mentalean, jarraipena txikiagoa izaten ari da. Hala ere, azpimarratzeakoa da Arabako Osasun Mentaleko Sarean, jarraipena zabala izaten ari dela eta Bizkaian, adibidez, Ortuellako Osasun Mentalko Zentroa itxita dagoela.

Komunikabide eta garraio publikoei dagokionez, greba jarraipen zabala izaten ari da lehen ordu hauetan. Horren adibide da irrati eta telebista publikoan gutxieneko zerbitzuek ezarritakoa, informatiboak bakarrik ari baitira emititzen. Garraio publiko ez pribatizatuan ere, Eusko Tren, Metro, eta Donostibusen greba jarraipen oso zabala eta Tuvisan erabatekoa izaten ari da, zerbitzu minimoak bakarrik lan egiten ari direlarik.

Administrazio Orokorrean eta Justizi administrazioan jarraipena zabala ere izan du, baina herrialdeka eta esparruka aldakorra. Esparru honetan salatu behar dugu Bilbon, Jaurlaritzaren Kale Nagusiaren 85ean kokatuta dagoen egoitzan, Ertzaintzak greba eskubidearen aurka izandako jarrera. Estatuko langileen esparruan jarraipena apalagoa izan da.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek grebara deitu du Linacal iturgintza enpresan, zuzendaritzak langileei entzungor egiten jarraitzen duela uste baitu

LAB sindikatuak Barañaingo (Nafarroa) Linacal iturgintza enpresako zuzendaritzaren jarrera onartezina salatu nahi du, langileek euren lan baldintzak hobetuko dituen enpresa itun bat negoziatzeko eginiko...

Munduko Medikuen zuzendaritzak EEE bat proposatu du langile guztien %25 kaleratzeko

Entitateko Langileen Legezko Ordezkaritzak ez ditu aintzat hartzen zuzendaritzak emandako arrazoiak, eta EEEa justifikaziorik gabea eta prebentiboa dela adierazi du.

EITBko zuzendaritzak euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu du helburuen artean euskara sustatzean duen hedabide bateko zuzendari

EITBko zuzendaritza nagusiak eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari berria hautatu berri du, EITBren webgune berrien sorkuntza prozesua amaitzeko. Pertsona horren ardura izango da, eitb.eus zuzentzeaz gain, jaiotzear den atari digital berria abian jarri eta horren zabalkundea gidatzea.