2024-12-22
HomeIrakaskuntzaSukalde eta garbitzaileakJaurlaritzaren menpeko langile prekarizatuenekiko jarrera diskriminatzailea salatzen dugu

Jaurlaritzaren menpeko langile prekarizatuenekiko jarrera diskriminatzailea salatzen dugu

Sukalde eta garbiketa langileek euskara ikasteko zuten liberazioa bertan behera utzi eta lanera bueltatzera behartu ditu, kontrataturiko ordezkariak kalean utzita.

Azken egunotan, eta koronabirusagatik dekretatutako osasun-larrialdiko egoeraren aurrean, Lakuako gobernutik, beste langileei bezala, sukaldari eta garbitzaileen kolektiboari eragiten dizkioten erabakiak hartzen ari dira.

Horien artean, euskara ikasteko liberatutako langileei (irakasle funtzionario zein lan-kontratudunei, hezitzaileei, zerbitzuetako langileei, administrazio orokorrekoei…) zuzendutako "aurrez aurreko prestakuntza-jarduerak eteteko" erabakia hartu da. Irakasle zein hezitzaileen kasuan on-line egiteko aukera martxan jarri duten arren, sukaldari eta garbitzaileon kasuan ez da horrela izan.

IVAP-eko klase presentzialak eten eta on-line egiteko aukera martxan jarri ez dituela-eta, Hezkuntza Sailak langile horiek beren lanpostura bidali ditu, inolako alternatibarik eskaini gabe eta euskalduntze-prozesuari kalte eginez. Horretaz gainera, liberazioak betetzen ari ziren ordezko langileei telefonoz jakinarazten die beren kontratua bertan behera utzi dutela, babesgabetasun eta zalantza egoeran utziz, idatziz ezer jakinarazi gabe.

Nahasmena izan da nagusi, gainera. Hilaren 13an, ostiralean, Lakuak -berriz telefonoz- erantzun zuen akats bat egon zela eta ez zirela moztuko indarrean zeuden kontratuak; baina ordezkapen-kontratu berririk ez egiteko erabakia hartzen zutela gaineratu zuen.

Zoritxarrez, astelehenean, hilaren 16an, Jaurlaritzak ebazpen bat argitaratu zuen, erabat diskriminatzailea. Horren arabera, liberazio-egoeran mantentzen zituen irakasleak eta lan-kontratudun dozenteak; gure kolektiboarentzat eta administrazio orokorreko langileentzat, aldiz, liberazio-etenaldia ebatzi zuen, eta, beraz, ordezko horien kontratuak mozten zituen.

Momentuak eskatzen duen eta langile gisa eskatzen zaigun erantzukizunetik, Hezkuntzako sailburu Cristina Uriarteren argudioei kasu eginez, honako hau eskatzen jarraituko dugu:

– Garbiketako eta sukaldeko langileek ere euskaraz ikas dezaten liberatuta jarraitzea, etxetik prestakuntza jasotzen, bitarteko telematikoak edo bestelako baliabide egokiak erabiliz.

– Euskara ikasteko liberazioagatiko ordezkapen-kontratuak ez moztea. Ondorioz, indarrean dauden kontratu guztiak mantenduko dira, eta kaleratze masiboak saihestuko dira (gurean 30 kaleratze)
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...