Zerbitzu Publikoetako LABeko nazio arduradunek azken bi urtetan Jaularitzan suntsitu diren lanpostu publikoen gaineko informazio zehatza konpartitzeko prentsaurrekoa eskaini dute. Datu ofizialen arabera azken bi urtetan zerbitzu publikoan 3.849 kontratazio gutxiago eman dira. 750 Irakaskuntzan, 148 Administrazio orokorrean, 2.906 Osakidetzan eta 45 Justizian. Urkullu lehendakariak aurkezturiko Enplegua eta Berraktibazio ekonomikorako Plan Markoa, enplegu publikoa suntsitzen duten neurriak hartzen ari diren bitartean, demagogia hutsa dela salatu du LABek.
Zerbitzu publikoetako LABeko nazio arduradunek 2012an eta 2013an zehar Jaurlaritzaren menpeko Sail ezberdinetan hilez hile oraindutako nomina kopuruaren datuak eman dituzte. Administrazio, justizia eta Irakaskuntzan plantilla presupuestarioan egun 29.988 langile daudela esan dute eta aldiz 2013ko azaroan langileak 34.920 ziren. Osakidetzan ere antzekoa gertatzen da, plantilla presupuestarioan 26.000 lanpostu inguru daude eta aldiz 2013ko azaroan 39.157 langile ziren lanean.
Gobernuak berak emandako zifrak erabilita zerbitzu publikoan galdutako kontratazioak (hauetako gehienak jardun osokoak)
• Osakidetzan 2012ko urtarriletik 2013ko azarora bitarte 2.906 kontratazio gutxiago burutu dira. Azken hamar urteetako enplegu suntsiketarik handiena.
• Administrazio orokorrean hilabetez hilabetetako konparazioaren datuari erreparatuta 2013an bataz beste hilabeteko 149 kontratazio gutxiago egin dira. Lanpoltsetan dagoen mugimendua honen isla dela adierazi du LABek: 2011n 1.270 kontratazio lan poltsetatik, 2012an 315 eta 2013an 57.
• Justizia Sailan ere, hilabetez hilabetetako konparazioan, 2013an bataz beste hilabeteko 21 kontratazio gutxiago egin dira.
• Irakaskuntzan ikasturte honetan kontratazioak gora egin dute, baina hori matrikulazioan izan den gorakadari egotzi behar zaiola esan du LABek. 2011-2012 ikasturteko erratioak aplikatuta askozaz ere lanpostu gehiago sortu beharko litzatezke.
Honez gain, LABek esparru guztietan jardun osoko kontratazioak murrizten diren bitartean lanaldi partzialekoek gora egiten dutela nabarmendu nahi izan du, jardun osoko kontratazioen suntsiketa zifra lanaldi partzialen kontratazioaz mozorrotu-leundu nahi izan baitute. Osakidetzan jardunaldi osoko kontratazioak 3.437 gutxiago dira baina lanaldi partzialen kontratazioen eragina aintzat hartuta 2.906ko kontratazio jaitsierako zifra baxuagoa ateratzen da, hau da, kontratazio partzialek mozorrotu egin dute bestela askozaz ere handiagoa litzatekeen lanpostu suntsiketa.
Murrizketa politika baten atzean gaude
Nahiz eta zenbakiak garrantzitsuak eta argiak diren, LABek zenbaki hauen atzean murrizketa politika besterik ez dagoela salatu du, "aurrekontuen egonkortasun printzipioaren aitziakiapean sektore publikoa suntsitu eta pribatizatzeko asmoa besterik ez". Azken urteetan krisiaren aitzakiaz ezarri dituzten neurriek eragin dute tamaina honetako lanpostu suntsiketa LABen iritzik, eta honen ondorioz zerbitzuaren kalitatearen galera.
Enplegua eta Berraktibazio ekonomikorako Plan Markoa
Herenegun bertan, Urkullu lehendakariaren ahotik Enplegua eta Berraktibazio ekonomikorako Plan Markoa LABek demagogia ariketa itzela deritzo, batez ere “enplegu publikoa suntsitzen duten neurriak hartzen ari diren bitartean”. Mota honetako planekin Lakuak enpleguaren sorrerari begira aitzindaritzaren itxurak hartu nahi izana salatu eta plana enpresei eta enpresen sorrerari begirako diru inbertsioa izango dela ere ohartarazi du.
Beste planekin eman bezala langabezi tasan eta bertako langileen lan baldintzetan izango duen eragina txikia izango dela adierazi du LABek eta, zerbitzu horien onuradunak izan behar diren herritarrek jasotzen duten zerbitzuaren kalitatearen jaitsiera ordea handia izango dela salatu du. Horrela, "gaixoei arreta emateko pertsonal gutxiago izango da, ikasgeletan ratioak handituko dira eta administrazioan edozein tramite egiteko igarotzen den denbora neurrigabeki haziko da" nabarmendu du LABek.
Nafarroako datuen zain
Jasotako datuak EAEkoak dira, baina jada Nafarroakoak lortzeko tramiteetan direla adierazi dute sindikatuko arduradunek, edozelan ere, ziur daude Nafarroako datuak ere antzekoa egoera marraztuko dela.
Honen aurrean, eta PNVk PPren gobernutik agindutako neurriak aplikatzea izan dela EAEko sektore publikoan emandako lan postuen galeraren arrazoi nagusietako bat, LABek sektore publikoan, eta bereziki Jaurlaritzan, enpleguaren defentsa bere erronkarik garrantzitsuena izango dela adierazi du.
Herri honek politika publiko propioak behar dituela aldarrikatu du LABek, “Madrilgo gobernuak ezarri nahi dituen murrizketekiko inongo menpekotasunik gabekoa, herritarrek behar dituzten zerbitzu publikoak jaso ahal izateko politikak jasotzen dituena, bertako sektore publikoko langileek berain lan baldintzak garatu ahal izatea bermatuko dutenak, horretarako lan postu publikoak sortuz”.
Honela, datozen hilabeteetan datu hauek lan zentroetara eramango dituztela jakinarazi du sindikatuak, langile eta zerbitzu publikoetako erabiltzaileak, herritar oro, honen jakitun izan daitezen, arazoari neurria hartu diezaoten eta honen kontra borrokatzeko kontzientzia har dezaten.
LABen proposamena lanpostuak sortzeko
Era beran laster sektore publikoan zerbitzu publiko guztietan borrokatzeko tresna nagusi bezala eta Euskal Herriak behar duen zerbitzu publiko sistema eraikitze bidean, lanpostuak sortzeko sindikatuak proposamen bat aurkeztuko duela adierazi du.
{module[111]}