2024-12-22
HomeZerbitzu PublikoakEnplegu PublikoaJaurlaritzak Enplegu Publikoaren lege gerentzial, merkantilista eta lan harremanen indibidualizatzailea ezarri nahi...

Jaurlaritzak Enplegu Publikoaren lege gerentzial, merkantilista eta lan harremanen indibidualizatzailea ezarri nahi du

Gaur bilduko da berriz Enplegu Publikoaren Legearen Aurreproiektua “negoziatzeko” Mahai Orokorra. LAB sindikatuak, negoziazio prozesu hau antzespen hutsa zela iritzirik, ez parte hartzea erabaki genuen. Prozesu honi antzespen hutsa irizten diogu denborak berretsi dizkigun bi arrazoirengatik: aurreproiektu honek Estatuko Oinarrizko Legediari men egiten diolako eta parte hartu duten sindikatuen ekarpenetatik zeintzuk onartu eta zeintzuk baztertu Jaurlaritzaren erabaki hutsa izan delako, akordio eta negoziazioetarako batere ahaleginik egin eta aukerarik eman gabe. Jaurlaritzak zerbitzu publikoetan hamaikagarrenez berea ezartzeko jarrera erakusten digu honenbestez.

Aurreproiektuaren azken zirriborro honetan argi eta garbi antzematen da Jaurlaritzak hasiera hasieratik finkatutako ereduari eutsi egin diola, eta honenbestez frogatuta geratu da sasinegoziazio prozesu honetan parte hartzea alferrikakoa zela.

Jaurlaritzak lege honen bidez zerbitzu publikoen eredu gerentzial, merkantilista eta negoziazio kolektiboaren ukapenaz lan harremanen indibidualizazioan oinarritua ezarri nahi du.

LAB sindikatuak hasieratik hartu zuen lege honen kontrako jarrera irmoa. Hala, osoko zuzenketa aurkeztu genuen aurreproiektu hau bertan behera utz zezaten eskatuz, eta bertotik bertorako lege propioaren negoziazioari ekiteko eskatuz: bertoko eragileok gure funtzio publikoaren gaineko diagnostiko batetik abiatuz, eta eraiki beharreko eredu berri baten ezaugarriak adostuz.

Zerbitzu Publikoetako langileon lan harremanetarako eredu berriari begira LABen proposamenak honezkero aski ezagunak dira, eta horiexek aurkeztuko genituzke guk Enplegu Publikoaren lege propioa negoziatzeko benetako aukera emango baligute: Euskal Herriko ezaugarri eta beharrizanen neurrira egina (herri txikia, euskara berezko hizkuntza, …), langileen parte hartzea ahalbidetuko duena baita zerbitzu publikoen gaineko erabakietan, zerbitzu publikoen izaera komunitarioan sakonduko duena, negoziazio kolektiboa guztiz askatuko duena, …

Baina esan bezala, aurreproiektuaren azken zirriborroak islatzen duen eredua guztiz kontrako norabidean dago kokatuta.

Azkenik esan, Jaurlaritzak zirriborro honen xedapen iragankorretan pozoindutako gozoki bat jarri duela: enplegua egonkortu ahal izateko EPE deialdi bereziak egiteko ustezko aukera alegia. Esan bezala, xedapen hauetan jartzen duena pozoindutako gozokia da, izan ere Estatuko Aurrekontuen Legeak kontrakoa esaten ez duen artean ezin izango baitira – lege honek esaten duena esaten duela ere – aurrekontu dotazio duten plaza guztiak EPEra atera, beraz, Jaurlaritzak IRUZUR egin nahi digu. Gainera, EHUko Administrazio eta Zerbitzuetako langileen egonkortasunari dagokionez, atzerapausua litzateke; izan ere, konstituzioaren iragazkia gainditu duen Euskal Unibertsitate Legearen 4. xedapen iragankorra bertan behera uztea, eta berau 2006ko egonkortasuna handitzerik ez dakarren lege Aurreproiektu honen xedapen iragankor berriaren bidez ordeztu nahi izateak egun dugun babes legala kolokan jartzen baitu.

Eta gainera, balizko EPE hauek kasurik onenean, soilik aurrekontu plantillan jasota dauden lanpostuak egonkortzeko aukera emango lukete eta ez lanpostu berriak sortzeko. Hau da, azken urteotan neurri murriztatzaile ezberdinen ondorioz (lan jardunaren luzapena, jai egunak murriztu, ordezkapenak ez bete, …) suntsitu diren lanpostuak berreskuratzeko edota berriak sortzeko aukerarik ez luke emango. Azken garaiotan langileok pairatu ditugun lan baldintzen okertzean (lan kargak, erritmoak, …) eta herritarrek jasotako zerbitzuaren kalitatean soluziobiderik ez planteatuz.

Hortaz, esandako guztiagatik LAB ez da biharko sasinegoziazio bilera iruzurti horretara azalduko eta bileraren orduan bere delegatuen mobilizazioa egingo du. LABek lege aurreproiektua atzera bota, eta benetako lege propioa egiteko prozesuari ekin diezaion dei egingo dio Jaurlaritzari.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...