2025-04-08
HomeEkintza SindikalaJaso Tower Craneseko langileek greban jarraitzen dute

Jaso Tower Craneseko langileek greban jarraitzen dute

Zuzendaritzaren borondate falta dela eta, greba eta mobilizazioen bideari jarraitu beste irtenbiderik gabe daude langileak. Gaurkoa bosgarren greba eguna izan dute, eta manifestazioa egin dute Idiazabalen barrena. Datorren asteartean (hilak 24) berrekingo diete lanuzteei, ostiralera arteko greba dagoelarik aurreikusita.

Joan den asteko bi greba egunen ondotik, hitz egitera ere eseri nahi ez zuen Zuzendaritza mahaiaren bueltan jarri da azkenean. Ordea, langileen ordezkariei oso kezkagarria eta arduragabea iruditu zaie erakutsi duen jarrera, ez baitu akordio posible baterako edukietan sartzeko asmorik erakutsi. Enpresak ez du negoziatu nahi eginiko zortzi kaleratzeen gainean, eta Jasoko enpleguaren etorkizunarekiko neurriak exijitzean, hitz politez harago, konpromezu konkretuei dagokienez ezer gutxi jarri du mahai gainean.

Zentzu honetan, langileek greba eta mobilizazioen bidea ere probestu nahi izan dute enpresari jarrera aldatu eta egoera konpontzeko borondatea izan dezan eskatzeko. Izan ere, gaur-gaurkoz ez daukate beste bilera baterako datarik ere.

Bada, enpresa batzordeak Jasoko langileak zoriondu nahi izan ditu borroka ekimen hauetan erakutsitako jarrera irmoagatik, grebaren jarraipena ia erabatekoa izaten ari baita.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

CCOO, UGT eta USO sindikatuek eta SIDENOReko zuzendaritzak Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientea luzatzea adostu dute Azkoitiko gehiengoa errespetatu gabe

Pasa den astean hasi zen Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientea (ABEEE) luzatzeko prozesua. Hiru sindikatuek eta enpresak ia tarterik ez diote eman negoziazioari. Atzo, apirilaren 7an astelehena, akordioa itxi zuten.

Gutxieneko soldata eta pentsio propioak aldarrikatuko ditu LABek Maiatzaren Lehenean

Testuinguru global ezegonkorrari aurre egiteko, burujabetzaren beharra defendatu du Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak.

LABek bi epaiketa irabazi dizkio FCCri, garbiketa enpresa behartzen dutenak astero 48 orduko atsedena errespetatzera txanda aldaketarik gabe

LAB sindikatuak prentsaurrekoa eman du gaur goizean Iruñean, eta bertan eman du ezagutzera sindikatuak epaitegietan lorturiko garaipena, Nafarroa Garaian 48 orduko asteko atsedena aspalditik betetzen ez duen FCC garbiketa enpresaren kontra, eta orain bi epairi kasu eginez errespetatu beharko duena. Era berean, LABek irmoki salatu du langileen zati batek pairatzen duen diskriminazio egoera, enpresak babes judizial eraginkorrerako eta ukigabetasun bermerako duen eskubidea urratzen ari delako; gainera, bere ordezkaritza sindikalaren kasuan FCC askatasun sindikalerako eskubidea ere urratzen ari da.