2024-12-22
HomeEkintza SindikalaJarraipen handia izan du Osakidetzako Trasfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan deitutako...

Jarraipen handia izan du Osakidetzako Trasfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan deitutako grebak

Osakidetza mugitu dadin eskatzeko beste grebaldi bat abiatu dute gaur langileek, apirilaren 30ean amaituko dena

Osakidetzako Trasfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileek beste grebaldi bat hasi dute gaur, 13 egunekoa. Orain arte egindako beste hamalau egunekin batera, guztira 27 greba egun lirateke.

Aurreko deialdietan gertatu bezala, jarraipen handia izan du oraingoak ere, Lan Sailak ezarritako gutxieneko zerbitzuak neurrigabeak izan arren. Pairatzen duten soldata diskriminazioa eta Osakidetzaren immobilismoa salatzeko helburuarekin manifestazioa egin dute goizean Bilbon, 08:00etan EITBtik abiatu eta Lurraldeko Osasun Delegaritzan amaitu dena.

Negoziatzeari uko egiten dio Osakidetzak. Ondorioz, langileekiko mespretxua adierazteaz gain, ESIetako hainbat tratamendu eta interbentzio arriskuan jartzen ditu, odolaren, ehunen nahiz odoletik eratorritakoen erreserbak murrizten baitira. Bada, egoera hori gehiago larritu daiteke, harik eta ebakuntzak bertan behera utzi behar izan arte.

Azken asteotan hainbat arduradun politikori, tartean Lehendakariari, entzun behar izan diegun arren Osakidetzaren arazoa ez dela dirua, gogorarazi behar da Osasun Sailak uko egiten diola kolektibo horrek pairatzen duen soldata diskriminazioarekin behin betiko amaitzeari, eta gatazka irekita mantentzea hautatu duela.

Trasfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko beharginek grebak egin dituzte 2021eko abenduan, 2022ko apirilean eta abenduan eta 2023ko otsailean. Hal ere, Osakidetzak beren aldarrikapenei entzungor egiten jarraitzen du.

Sindikatuek behin eta berriro eskatu diote Osakidetzari Mahai Sektorialeko gai zerrendan sartzeko langileen aldarrikapenen negoziazioa. Azkenengoz apirilaren 3an helarazi zioten eskaera hori. Hala ere, Osakidetzak jaramonik egin gabe jarraitzen du.

Horrez gain, 2023ko apirilaren 14an greba komiteak Osakidetza, Hezkuntza Saila eta Trasfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko zuzendaritza deitu zituen Lan Harremanen Kontseiluan biltzeko, baina ez ziren bertaratu. Beren argudioa izan zen gaia Mahai Sektorialean landu beharrekoa dela. Dena den, aurrez azpimarratu dugun bezala, uko egiten diote foro horretan gai hori lantzeari.

LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta UTESE sindikatuok berriz ere exijitzen diogu Osakidetzari langileen aldarrikapenei kasu egin eta gatazkari amaiera emateko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...