2024-12-23
HomeEkintza PolitikoaIzugarria da PAI Nafarroako hizkuntz eredu bihurtzea, diskriminatzailea eta segurtasun juridikorik gabea...

Izugarria da PAI Nafarroako hizkuntz eredu bihurtzea, diskriminatzailea eta segurtasun juridikorik gabea baita

Gaur goizean Nafarroako Parlamentuan eginiko osoko bilkuran, Gobernuaren lehendakaritza duen PSN alderdiak, Navarra Suma koalizio eskuindarraren aldeko botoarekin, PAI ingelesez ikasteko programaren inguruko bere lege-proposamena onestea lortu du, orain arteko sarbidea arautzen zuen legeriaren gainetik pasatuz, sindikatuon eta Gobernuko zein oposizioko gainontzeko alderdien iritziari entzungor eginez eta prozesu parlamentarioen denbora errekor guztiak hautsiz. LAB sindikatuaren ustez izugarria da PAI Nafarroako hizkuntz eredu bilakatu izana, eta lege berria diskriminatzailetzat eta segurtasun juridikorik gabekotzat jo du.

PAIren inguruko lege honek atzerriko hizkuntzaren betekizuna duen foru-hezkuntzako funtzionario kidego berri bat sortuko du, egun arte ezinezkoa zena Estatuko araudiarekin, irakasle funtzionarioen lanpostuak hautatu eta betetzeko 276/2007 Errege Dekretuarekin eta 270/2022 Errege Dekretuarekin, hain zuzen.

Arau hauen arabera, irakasle funtzionarioak Estatukoak dira. Foru-lege hau onartzearekin batera, PSNk Nafarroako Administrazio Publikoaren menpeko irakasle-kidego bat sortuko du, atzerriko hizkuntzetan C1 eskatuz, eta horrek berekin ekarriko du bi irakasle-funtzionario mota desberdin egotea, lan-eskubide desberdinekin, funtzio berberak bete arren. Faktore hori eta beste batzuk direla eta, foru lege hau arau diskriminatzailea eta segurtasun juridikorik gabea da, eta horrek izugarri kezkatzen du LAB. Euskara meritu gisa Nafarroa osoan baloratzearen kontra azaltzen diren PSN eta Navarra Sumak oraingoan ingelesa hizkuntza ofizialen gainetik jarri eta betikotuko dute.

276/2007 Errege Dekretuak, irakaskuntza-plazak lortzeko, gaztelaniaren eta autonomia-erkidegoetako hizkuntza koofizialen ezagutza ezartzen du eskakizun gisa, baina ez atzerriko hizkuntzena; zuzeneko konfrontazioan, foru lege berri honek atzerriko hizkuntzen titulazioa eskatuko du (ingelesa, frantsesa edo alemana) Nafarroako hizkuntza ofizialen gainetik, eta atzerriko hizkuntzetan C1 duten irakasleek funtzionarizatzeko aukera izanen dute. Gure hizkuntza propioen profila bai baina atzerriko hizkuntzetakoa ez duten irakasle askok, beraz, ez dute aukerarik izanen plaza horietara hautatzeko, nahiz eta haien esperientzia handiagoa izan. Hortaz, diskriminatuko ditu irakasle hauek.

PSNk hau guztia egin du, gainera, Navarra Sumari men eginez, orain arte “programa” zirenak eredu bihurtzeko pausoak emanen direlako trukean. Hots, D, G eta A ereduen pare jarriko dituzte hemendik aurrera, bertako hizkuntza den euskarari ostikadak eman bitartean ‒gogoratzekoa da euskara meritu gisa baloratzeari uko egiten diola PSNk behin baino gehiagotan‒ingelesa, frantsesa edo alemanari Nafarroa osoan, zonifikaziorik gabe, alfonbra gorria zabaltzen dion bitartean. Horrekin, PSNk berriz ere erakutsi du eskuinak bultzatzen dituen politikak egonkortzeko edozein zirrikitu edo trikimailu aurkitzeko edo sortzeko gai direla. Halako asmakizunak ezinezkoak direla erraten du, noski, langileon lan eta bizi baldintzak duintzeko edo, hizkuntzen inguruan ari garela, euskararen egoera hobetzeko eskatzen zaiolarik. Bistan denez, Erregimen zaharraren zutabeetako bi berriz ere elkarlanean aritu dira.

Lege berri honi esker, PAIn ikasi nahi duten denentzat erraztasunak jartzen saiatuko omen dituzte: garraioa, jantokia, etabar. Zer gertatuko da, ordea, PAIn ikasi nahi ez dutenekin, eta beren herrietan bakarrik PAI aukera dutenekin ‒Beriainen bezala‒? PAI gabeko irakaskuntzarik eskainiko al zaie baldintza beretan?

LAB sindikatua irakasle guztiak egonkortzearen alde dago, baina diskriminaziorik sortu gabe eta ziurgabetasun juridikoa eragotziz, lege honekin bermatuta ez dagoena. Zer gertatuko da lege honen bitartez plaza eskuratzen duten pertsonekin? Beldur gara ez ote diren labirinto juridiko amaiezin batean eroriko, helegite ezberdinek behin eta berriz zalantzan jar baitezakete haien lanpostua. Horrez gain, nahi izanda ere, irakasle hauek ezinen dute gainontzeko irakasle funtzionarioek beste plaza batzuetara mugitzeko dituzten eskubide berberak izan.

LABek, halaber, eleaniztasunaren aldeko apustua egiten du, baina atzerriko hizkuntzak era orekatu eta koherentean landu behar direla pentsatzen du, gainontzeko konpetentzien eskurapena eta bertako hizkuntzen menperatzea galarazi gabe, egun programa hauekin gertatzen ez dena.

Honengatik guztiagatik, LAB ez dago ados PAI, PAF eta PALE bezalako programekin, ezta hauek bermatuko dituen zalantzazko legezkotasuneko foru-arau honekin ere, eta haien aurka mobilizatzen jarraituko du.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek grebara deitu du Linacal iturgintza enpresan, zuzendaritzak langileei entzungor egiten jarraitzen duela uste baitu

LAB sindikatuak Barañaingo (Nafarroa) Linacal iturgintza enpresako zuzendaritzaren jarrera onartezina salatu nahi du, langileek euren lan baldintzak hobetuko dituen enpresa itun bat negoziatzeko eginiko...

Munduko Medikuen zuzendaritzak EEE bat proposatu du langile guztien %25 kaleratzeko

Entitateko Langileen Legezko Ordezkaritzak ez ditu aintzat hartzen zuzendaritzak emandako arrazoiak, eta EEEa justifikaziorik gabea eta prebentiboa dela adierazi du.

EITBko zuzendaritzak euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu du helburuen artean euskara sustatzean duen hedabide bateko zuzendari

EITBko zuzendaritza nagusiak eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari berria hautatu berri du, EITBren webgune berrien sorkuntza prozesua amaitzeko. Pertsona horren ardura izango da, eitb.eus zuzentzeaz gain, jaiotzear den atari digital berria abian jarri eta horren zabalkundea gidatzea.